Udal adierazpena memoria egunean

Aiurri 2020ko aza. 10a, 15:18

Andoaingo Udaleko lau alderdiek bat egin dute Memoria Egunean egindako adierazpenarekin. Nabarmendu dute, ez dela iragana ahaztu behar, ezta biktimek jasan zuten mina eta sufrimendua. Gauzak horrela, ondorengo adierazpena egin dute:

Honako adierazpen hau egin dute PSE-EE, EAJ, Podemos eta EH Bildu alderdiek:

Memoriaren Eguna ospatzen dugu gaurkoan, eta oroimenerako egun honetan Andoaingo herritar guztiei dei egiten diegu ez dezaten iragana ahaztu, ezta gure gizarteak orokorrean eta modu zehatzean biktimek, jasan zuten min eta sufrimendu bidegabeak izan zituen ondorio lazgarriak ere.  Biktima horiei elkartasuna, enpatia, egia, justizia, memoria, errekonozimendua eta erreparazioa zor dizkiegu.

Ideien aniztasunean, printzipio demokratikoetan eta giza-eskubideen defentsan oinarritutako memoria inklusibo batekiko gure konpromisoa berretsi nahi dugu, elkarrizketa eta elkarren onarpena sustatuko duena eta gaurko eta biharko bizikidetza eraikitzen lagunduko duena. Gure artean adostasunez lantzen eta garatzen ari garen konpromisoa da hori.

Horregatik, ondorengoa adierazi nahi dugu:

Indarkeria eta giza-eskubideen urraketa mota guztien gaitzespenetik abiatuta, memoriak, biktima guztien errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar dituela.

Horregatik guztiagatik, Andoainen memoria politiketan lan egiten eta sakontzen jarraitzeko gure borondatea eta konpromisoa berresten dugu, irakurketa kritikoa ahalbidetuko duen kargu hartzea, eta biktimen erreparazioan aurrera egin ahal izateko. Gure memoria lantzen eta sakontzen jarraituko dugu, gertatutakoa ahaztu gabe, geroko belaunaldiek jazotakoa ezagutu eta gure hutsegitetatik ikas dezaten.

Alderdi guztien ordezkaritzarekin osatutako mahaia, Memoria bateratu baterantz txostenak mahai gainean jarri zizkion etxeko-lanak egiten dabil, etorkizuneko urratsak eztabaidatzen eta zehazten, erantzukizunez eta bere eskuetan dagoen guztia konpontzeko borondatearekin.

Herritarren parte-hartzea garrantzitsua izan da beti Bizikidetza mahaiarentzat. Guztion parte-hartzea ezinbestekoa da bizikidetza osasuntsua, demokratikoa eta memoria partekatua jaso ahal izateko.

Hori dela eta, Andoaingo herritarrentzako zenbait jarduera antolatzen ari gara, mahaiak sustatuta. Jarduera horiek 2021ean egingo dira, Covid19k sortutako egoera dela eta. Zehazki, eta datak konfirmatzeke, hiru jarduera hauek egitea aurreikusten da:

  • AntzerkiForuma: “Eta hik zer?”, Baketik-en eskutik.
  • “Zubiak” (Jon Sistiaga, 2019) dokumentala eta solasaldia Maixabel Lasarekin.
  • “Rescoldos de paz y violencia”: Euskal Herriko indarkeriari buruzko dokumental-antzerkiaren trilogia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!