"Datorrena pobrezian eta austeritatean oinarrituko da"

Mikel Arberas 2020ko aza. 17a, 09:00
Nura Ariztimuño Gazte Koordinadora Sozialistako kidea

2019an sortu zen gazte antolakundea da, zeinak azken hilabeteetan zer esan handia ematen ari den arlo politikoan eta sozialean.

Nura Ariztimuño Gazte Koordinadora Sozialistako kidea

Hasteko, zer da Gazte Koordinadora Sozialista?

Gazte Koordinadora Sozialista gazte problematikan klase perspektibatik eragiten duen antolakundea da. Hori ulertzeko, gazte problematika guretzat zer den adieraztea ezinbestekoa dela deritzogu. Gazte problematikaz ari garenean, gazte langileok botere burgesarentzat betetzen ditugun funtzio multzoez hitz egiten dugu. Hau da, guretzat gazteria kontzeptuak ez ditu adin tarte ezberdinetako gatazkak ezaugarritzen, jendartearen zati bati burgesiak esleitu dizkion funtzioak baizik. Aipatu beharra dago, eginkizun horiek burgesiak ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen duela.

Gauzak horrela, bi funtzio orokor bereitzen ditugu: batetik, funtzio ekonomikoa eta, bestetik, funtzio despolitizatzailea. Gainera, burgesiak gazteengan esku hartzeko elementu azpimarragarri bat ere badago; belaunaldi berriengan etorkizuneko langileriaren nolakotasuna moldatzen dute. Urrutira joan gabe, Covid-19aren aitzakiapean hartu diren neurriak ukiezinak dira, oinarrizko eskubideak egun batetik bestera ezabatu ditu. Etorkizun makurra eta pobrea datorren honetan, askatasunik gabeko gazteria bat heztea baino etorkizun hoberik burgesiarentzat ba ote dagoen galdetzen dugu.

Gauzak horrela, esandako guztiaren zentzu politikoa azpimarratzeko antolakundea da Gazte Koordinadora Sozialista. Klase kontzientziaren hedapenerako lanean diharduen antolakundea da, zeinak, gazteria politizatu eta antolakuntza komunistara batzen den.

Nola sortu zen antolakundea?

Gazte Koordinadora Sozialista 2019ko Otsailaren 17an sortu zen.  Sorrera  Euskal Herrian ematen ari zen joera politiko sozialistak bultzatua izan zen, horien artean zenbait gaztetxetan eta gazte asanbladetan sortzen ari ziren dinamikak, genero auzia klase ikuspegitik lantzeko sareak edota langileen babes sareak izan ziren. Oro har, krisi kapitalistaren testuinguruan sortu ziren proposamen politikoek ahalbidetu zuten sorrera.

Izan ere,  krisiaren efektuetako bat gazteontzako ezegonkortasuna eta bizi proiekziorako ezintasuna izan da. Prozesu horretan, krisi kapitalistak proletarizaziorako eremua handitu du. Proletarizazioak jendarteko zenbait sektoretan klase-kontzientzia sortzen lagundu du, bereziki aurreko ziklo politikoko langileriaren eta aristokraziaren seme-alabetan, eta berriro piztu du proletalgoaren estrategia sozialistaren gaineko interes politikoa. Horrek borondate iraultzailea bultzatuz.

Etorkizunari begira antolakundeak dituen helburuak betetzeko zein estrategia edo bide erabiliko duzue?

Helburu orokor bezala, proletarizazio prozesu horren ondorioz sortutako borondate iraultzaile hori artikulatu eta gazte langileak antolakuntza komunistara batzea eta bertan antolatzea nahi dugu.  Gauzak horrela, mugimendu sozialistaren zati izango gara, estrategia komunista defendatuz. Hori horrela delarik, egungo gatazka politiko eta zapalkuntza dinamika ororen oinarria klaseen arteko gatazkan kokatzen dugu; gure helburua langileria botere politikoa hartzera eramatea da, burgesiaren boterea suntsitu eta sozialismoaren eraikuntzari bidea egiteko. Klase gabeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten eraikuntza hasi nahi dugu.

Izan ere,  gazte problematika osotasunaren baitako auzi bezala ikusi behar da. Osotasuna gizarte kapitalista da eta horri guk beste osotasun bat kontrajartzen diogu: alderdi komunista, zeinaren helburua botere burgesa gainditu eta gizarte komunista eratzea den. Hau da, langileria ofentsibara igarotzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako beharrezkotzat jotzen dugu langileriaren independentzia politikoa eskuratzea. Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza, prozesu sozialistaren haustura-fase bezala deitzen dugu, eta jada hasi gara bide hori  hezurmamitzen. Euskal lurraldean perspektiba sozialista hegemonikoa bihurtzea da helburu.

Pandemiak sortutako ezohiko egoeraren ondorioz hartutako neurriek hautsak harrotu dituzte zenbait antolakundetan, zer diozu?

Martxoan egon zen konfinamenduaren ondorioz, aurrera eraman genuen burgesiaren ofentsiba salatzeko kanpaina politikoa; asteak atzera, pobrezia eta askatasun ezean oinarrituriko bizi eredu proletarioa salatzeko asmoz dinamika politikoa abiarazi genuen.

Azkenik, memento honetan ezarri dizkiguten neurriak salatzeko kanpaina politikoa abiarazi dugu. Izan ere, jendartearen osasuna bermatzera begirako neurriak direla adierazten badigute ere, garbi dago geratzeko etorri den eredu sozial bati erantzuten diotela, eta, lehen esan bezala, datorren etorkizun makurraren adierazle direla, pobrezian eta askatasun faltan oinarritzen den etorkizunarena. Une honetan, inoiz baino argiago ikusten da nortzuk agintzen duten: oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek. 

Gure ustez, gertatzen ari dena kapitalismoaren fase aldaketa baten baitan ulertu behar dugu. Krisi kapitalistak ziklo produktibo berriaren sorrera dakar eta, horrek, proletarizazio prozesuan sakonketa eta orokortzea. Zera esan nahi dugu, orain arte hemen errotuta zegoen bizi eredua bere amaiera fasean dagoela. Amaitu da abundantzian eta ongizatean oinarritutako bizi eredua, orain datorrena pobrezia orokortuan eta austeritatean oinarrituko da. Eta pobrezia orokortura egokien moldatzen den eredu soziala askatasun ezean oinarritzen da. Oraingo arauak pobrezia orokortua, arbitraiotasuna eta kontrol soziala dira. Gainera, inposatzen ari diren eredu sozial berria askatasun ezean oinarritzen den eredua da, non, biztanleriaren gehiengoa babesgabe gelditzen den. Oraingo arauak, pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala dira.

Horren guztiaren aurrean, martxan jarri dugun salaketa kanpainarekin, proletalgoaren antolakuntza komunistaren beharra azpimarratu nahi dugu, hau da, eskubideen defentsarako eta askatasunaren unibertsalizazioarako alderdiaren beharra. Ezinbestekoa baita indar antolatua izatea, hori izan ezean ez baitago eskubide eta askatasunaerako berme errealik.

Horregatik, mobilizazio desberdinak deitzen ari gara Euskal Herri osoan zehar. Hernanin Gudarien Enparantzan eta Tolosan Triangulo plazan, biak larunbatetan 18:30tan.

Jardunaldiak

Eskualdeko GKSk jardunaldiak antolatu ditu, datorren azaroaren 19tik 21era. Andoainen eta Hernanin burutuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!