Bertan behera, Gora Kaletxiki Bandaren kontzertua

Xabier Lasa 2020ko aza. 13a, 20:32
Gora Kaletxiki Banda, iaz Santa Krutz elizan, Santa Zezilia egunean

Bandak adierazi duenez, osasun egoera larria dela eta bertan behera geratu da azaroaren 22an, Santa Zezilia egunarekin batera, San Martin elizan eskaintzekoa zuen kontzertua. Besteak beste, azken egunetan ezarri diren zenbait arauek ezinezkoa egin dute Bandak entseguak normaltasunez egin ahal izatea. Nolanahi ere, Bandako kideek ziurtatu dute baldintzak hobetu bezain pronto kontzertua eskaintzeko ahaleginak egingo dituztela.

Bide batez, San Martin elizako Iñaki Zabbaleta erretoreari eskerrak eman nahi dizkiote, jarri dituen erraztasunagatik.

Kontzertu berezi-berezia, hunkigarria, prestatuta zeukan Bandak. Hain zuzen, azken aldian Joxe Mari Oiartzabalek eta Joxe Ramon Berrondok sortutako sei pieza estreinatzekoak zituzten. Era berean, musika emanaldia, koronabirusak eragin dituen hildakoak gogoratzeko baliatu nahi zuten, eta bereziki, oraindik orain gure artetik joan den Luxio Aranburu Bandako klarinete-jolea.

Iaz Bandak Santa Krutz elizan Santa Zezilia egunarekin batera eskaini zuen kontzertuan hirui abesti estreinatu zituen: Baltzuketa (Leitzotz bailarako baserriko familiari eskainia), Bonbardino hotsak (bandako hiru musikariei eskainia) eta Leizaran Euskal Fantasia. Lehen biak, sortu berriak, estrainekoz entzun ahal izan ziren Santa Krutzeko kontzertuan.  

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!