"Ligaren bila ari den taldean jokatzea erronka handia da"

Mikel Arberas 2020ko aza. 27a, 09:00
Jon GaztaƱaga andoaindarra, klub berrian

Jon Gaztañagagak Zipreko liga utzita, Errumanian ari da denboraldi honetan. Jauzi bat da kirol mailari dagokionez, zailtasun handiko erronkari aurre egin nahi diolako klubak.

Zipreko ligatik, Errumaniara egin duzu jauzi. Nolakoa izaten ari da egokitzapena? 

Egia esan Viitorul taldean egokitzea oso erraza izan da. Azken finean, entrenatzailea espainiarra da eta, gainera, Errealeko bigarren entrenatzaile gisa aritu zen duela bi urte. Horrez gain, talde teknikoa ere jatorri espainiarrekoa da, baita taldeko hiru jokalari ere; beraz, asko lagundu naute egokitzapenean. Ez hori bakarrik, Zipren denbora luzez egon ostean ingelesez ondo komunikatzen ikasi dut. Guztiak laguntzen du taldekoekin harremantzeko. Laburbilduz, oso gustura nago eta taldean familiarteko giro polita sumatzen dut.

Jauzia handia izan da bi taldeen artean?

Taldeen artean ikusi dudan ezberdintasun handia da, Viitorul taldea askoz ere profesionalagoa da Ziprekoa baino. Nabarmendu nahi dut, Limassol taldean oso gustura nengoela, baina kirol aldetik jauzia eman nahi nuen. Zipreko taldeak zituen helburuak ezin dira alderatu, egun, Viitorulek dituenarekin. Errumanian helburuak garbi ditugu; lehenengo lauren artean gelditzea dugu xede, eta ahal izanez gero, liga irabaztea. Horrelako zerbait bilatzen ari nintzen. Alderdi ekonomikoa alde batera utzi eta gauzak garbi zituen talde batean sartu nahi nuen. Zentzu horretan, jauzi interesgarria eta aukeraketa ona egin dudala uste dut. Hala ere, denborak erakutsiko dit aukeraketa ona izan den ala ez.

Taldea berria da, 2009an sortu zen...

Aipatu duzun bezala taldea berria da eta Gheorghe Hagi jokalari ezagunak sortu zuen; besteak beste, Bartzelonan, Real Madriden edo Galatasaray taldeetan jokatu zuen. Errumanian pertsonaia oso ezaguna da eta ia jainkotzat dute, Espainian edo Argentinan Messi izango balitz bezala.

2009an taldea hartu zuen maila baxua zuenean, baina urtez urte lan handia egin eta maila gorenerako bidea hartu zuen. Gauzak horrela, duela hiruzpalau urte liga irabaztea lortu zuten. Egin duten lana izugarria dela ikus daiteke.

Zer moduz hasi duzu denboraldia Liga berrian?

Oso pozik nago orain arte egin dudanarekin. Taldera iritsi nintzen mementotik hamaikakoan sartu zidan entrenatzaileak. Jada sei partidu jokatu ditugu eta guztietan egon naiz. Zentzu horretan oso kontentu nago eta lortu ditugun emaitzek ere asko lagundu digute; lau norgehiagoka irabazi eta bi berdinketa eskuratu ditugu. 

Koronabirusak nola eragin du Errumanian? Normaltasunez jokatzeko aukera duzue?

Errumaniara etorri nintzean koronabirusaren kasuak baziren, baina Espainiarekin alderatuta ez zen horrenbesterako. Egia da ere, azken egunetan kasuen berragertze ugari agertu direla; horregatik, semearen eta beste haurren ikastetxeak itxi behar izan dituzte. Tabernetan soilik terrazetan egon zaitezke, hau da, ez dituzte guztiz itxi, baina muga asko ezarri dizkie. Horrez gain, musukoa erabili behar dugu kaletik goazenean. Datu gisa, herri bat gune gorrian kokatu dute, hortaz, bertakoek ezin dute ez sartu, ez atera. Esanak esan, kasuak egon badaude, baina Espainiako egoera baino hobea da.

Martxoan eten zuten futbola Errumanian, Espainian bezalaxe, eta maiatzean berriro ekin zioten ligari. Aurtengoan, denboraldia normaltasunez hasi dugu, nahiz eta, jarraitzaileek ezin dituzten partidak zelaietatik ikusi.

Gehitu beharra dago, geure taldean arazoak eduki ditugula koronabirusari dagokionez, izan ere, positiboak hauteman dituzte jokalarien eta langileen artean. Hala eta guztiz ere, legeak esaten duenaren arabera, taldean 13 jokalari edukiz gero, jokatu egin behar da. Azken bi partiduak zortzi bajekin jokatu eta biak irabazi ditugu.

Bi urterako kontratua sinatu duzu. Etorkizunari begira Euskal Herrira itzultzeko asmoa duzu?

Inoiz ez dira ateak itxi behar, baina egia da etxetik irtetzen zaren mementoan futbol merkatua Europarantz zabaltzen dela, hau da, zailagoa da buelta egitea. Hala ere, ez dago jakiterik, ordea, argi dago Euskal Herrira itzultzea gustatuko litzaidakela. Egia esan, aukeraren bat egonez gero ahal dudan guztia egingo dut etxera bueltatzeko, oso pozik joango nintzateke. Oso gustura nago hemen, baina beti esan izan dut, etxean bezala inon ez.

Ibilbide handiko kirolari profesionala zara jada, non edo nola amaitu nahiko zenuke ibilbidea, hala oraindik goiz da horretan pentsatzen hasteko?

Futbolean umetan hasi nintzen eta profesional gisa 22 urterekin egin nuen debuta Errealean. Orain 29 urte ditut, 7 urte daramatzat futbol profesionalean lehiatzen eta, egia esan, oso pozik nago egiten ari naizen ibilbidearekin.

Oraindik goiz da kirol ibilbidearen amaieraz hitz egiteko. Oraintxe mementorik onenean nagoela sentitzen dut eta datozen urteetan futbolean jokatzen jarraitu nahiko nuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!