Golden Apple Quartetek eta Musika Bandak Los Xey omentzeaz gain, Aranburu ere gogoan hartu zuten

Xabier Lasa 2020ko aza. 28a, 11:33

Golden Apple Quartet taldeak, Udal Musika Bandaren laguntzaz, kontzertu bikaina eskain zuen Basteron atzo iluntzean. Los Xey talde mitikoari egindako omenaldia izan zen, haren abesti ezagunenak modu askean moldatuta. Zendu berri den Luxio Aranburu klarinete jolea gogoratzeko ere tartea hartu zuten Basteron.

Frankismoko urtetan hainbatentzat bizi pizgarri izan zen Los Xey taldearen beti-betiko abestiekin ikuskizun polita eskaini zuen Golden Appel Quartet taldeak, maisuki kantatuz eta horri ironiaz jositako antzezpena gehituz. Adinez aurrera doazen entzule askoren oroitzapenak berritzeaz gain, gazteagoei aurreko belaunaldientzat zeintzuk izan ziren doinu famatuak jakinaraztea lortu zuten.

Errepertorio zabala eta anitza eskaini zuten Donostiako ahots taldeak eta Udal Musika Bandak; tartean, Oh Pepita!, Okilla, La bella Lola, Poupourri sanferminero, Maitetxu mía, Me lo dijo Adela, No hay novedad señora Baronesa… (Los Xey taldearen zenbait bideo, ikusgai daude youtuben: adibidez, Oh Pepita!).

Laukote abeslariak ondoan Xabier Zabala akordeoilaria izan zuen, eta honek Los Xey taldean Pepe Iantzi musikariak bete ohi zuen funtzioa bete zuen. Ecos Gipuzcoanos abestiaren unea iritsi zenean, Udal Musika Bandako Jaime Eguzkitzak eta Xabier Zabalak elkarrekin jo zuten. Pepe Iantziri egin zioten keinu polita izan zen, izan ere, Eguzkitza haren ikaslea izan baitzen gaztetan.

Musika Bandak gogoan hartu zuen hil berri den Luxio Aranburu klarinete jolea., eta kontzertua bukatu ostean Mikel Emezabal zuzendariak Bandako kide guztiek sinatutako erretratua eskaini zien Aranburu familiako kideei.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!