Covid-19ari aurre egiteko laguntzen bigarren fasea aktibatu du Andoaingo Udalak

Aiurri 2020ko abe. 4a, 12:59

Bost dirulaguntza lerro bereiztu dira laguntza ematerakoan. Eskaerak Andoaingo Udalaren erregistro elektronikoaren bidez egin behar dira; gainontzean Ataria herritarren arreta-zerbitzura joan daiteke aurretiazko hitzordua eskatuta.

453.000 euroko dirulaguntza emango du Andoaingo Udalak Covid-19ak herrian eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko. Helburua tokiko ekonomia suspertzea da, eta datorren astetik aurrera jarriko dira martxan laguntzak. Sektore jakin batzuei zuzendutako dirulaguntzak dira, hala nola autonomoak, tokiko merkataritza (bidaia agentziak ere ebai), ostalaritza. Berrikuntza gisa kultura eta sormen industrien sektorerako ildo espezifiko bat egongo da. Laguntza horietatik kanpo geratzen dira Covid-19agatik osasun-alerta ezarri zenetik etenik gabe zerbitzua eman duten funtsezko jarduera gisa izendatuak.

Dirulaguntzen agindua abenduaren 16an argitaratuko da Aldizkari Ofizialean, eta 20 egun baliodun egongo dira eskabideak izapidetzeko.

Udaberrian martxan ipinitako lehen fasean egin zen bezala, laguntza-lote berri hori beste erakunde batzuek sustatutako laguntzen osagarria da, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako laguntzekin bateragarria da.

Bost lerroko dirulaguntza

1. Merkataritza minoristaren eta ostalaritzaren sektorerako laguntza ekonomiko zuzenak (aurrekontua: 220.000 euro)

Ostalaritza-sektorea eta bidaia-agentziak: 1.000 euro emango dira establezimendu bakoitzeko, Andoainen ostalaritza-jarduera garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei. Kopuru horri honako hauek gehituko zaizkio:

  • Jarduera garatzen den establezimendua alokairuan badago: 500 euro.
  • Establezimenduko langile-kopuruaren arabera:
    • 3-5 langile dituzten establezimenduak: 500 euro.
    • 6 langile edo gehiago dituzten establezimenduak: 1.000 euro.

Merkataritza minorista eta antzeko sektoreak: 500 euro emango dira establezimendu bakoitzeko, Andoainen merkataritza minorista eta antzeko jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei. Kopuru horri honako hauek gehituko zaizkio:

  • Jarduera garatzen den establezimendua alokairuan badago: 250 euro.

2. Andoaingo langile autonomoentzako zuzeneko diru-laguntzak (aurrekontua: 110.000 euro)

Andoaingo langile autonomoei 500 euroko zenbateko finkoa emango zaie, lan elkartuko kooperatibetako bazkideak barne, COVID19ak eragindako pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren ondoriozko diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko.

3. Inbertsioetarako, ekipamenduetarako eta inbertsio horiek egin ahal izateko beharrezko ikerketetarako dirulaguntzak, Andoaingo merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan jarduera ekonomikoa Covid-19ari aurre egiteko prestatzeko (aurrekontua: 43.000 euro)

Diruz lagundu ahal izango dira inbertsioak (klimatizazioa, beirateria, igeltserotza, arotzeria, iturgintza, elektrizitatea bezalako lanak) eta ekipamendua (manparak, deskontaminazio-alfonbrak, esterilizagailuak, airea berritzeko eta arazteko sistemak, lurruneztagailuak, termometro digitalak, gorputz-tenperatura neurtzeko ganberak, seinaleak).

Bezeroekiko harreman berrietarako beharrezko egokitzapenak ere gehitu dira: online salmenta-sistemak, etxez etxeko entrega-sistemak, karta digitalen diseinua eta garapena (QR), establezimenduaren web-orriaren egokitzapena, informatika-ekipamendua eta kudeaketa-softwarea, aurreko prozesuak gauzatzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako jarduketaren aurrekontuaren %100era artekoa izan daiteke, eta gehienez ere 1.000 euroko dirulaguntza jaso daiteke establezimendu bakoitzeko.

4. Laguntza ekonomikoak, bakarkako babes ekipamenduetarako material suntsikorra erosteko edo Covid-19k eragindako hedapenari edo kutsatzeari aurre egiteko neurri higieniko-sanitarioak hartzeko (aurrekontua: 30.000 euro)

Diruz lagundu ahal izango dira premia biziko produktuak erosteari egotz dakizkiokeen gastuak, hala nola gel hidroalkoholikoak, banagailua edo dispentsadoreak, maskarak, garbiketa-produktu espezifikoak, zipriztinen aurkako begi- eta aurpegi-babesa, likidoekiko erresistenteak diren mantalak, erabili eta botatzeko eskularruak.

Laugarren lerroko salbuespen gisa, herriko elkarte gastronomikoek laguntza eskatu ahal izango dute.

5. Kultura- eta sormen-industrien sektoreari zuzendutako zuzeneko dirulaguntzak (aurrekontua: 50.000 euro)

Gehienez 500 euro emango dira jarduera bakoitzeko, Andoainen kultura- eta sormen-industrien barruan jarduera garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei.

Nola egin eskaera
Eskabideak, ahal dela, Andoaingo Udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Eskabidea elektronikoki aurkezteko baliabiderik edo gaitasunik ez badago, eskabidea Ataria herritarren arreta-zerbitzuan aurkeztu ahal izango da, hitzordua aurrez telefonoz eskatuta 943 300 830, eta ezarritako prebentzio-neurriak beteta, Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela eta.

Laguntza-eskaera orria egoitza elektronikotik deskargatu behar da, www.andoain.eus webgunearen hasierako orrian (Diru-laguntzak/Sustapen ekonomikorako eta enplegurako laguntzak atalean), eta tramitazioa egiteko bete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!