Euskaraldia agurtu dute Andoainen

Mikel Arberas eta Alba Cabrera 2020ko abe. 5a, 14:41

Bi aste igaro dira jada hamaika euskal herritarrek hizkuntza-ohiturak eraldatzeko erronkari eutsi ziotenetik. Euskaraldiaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta egitasmoa bukatu berritan, amaiera-ekitaldia egin dute Goiburuko San Esteban elizan. Txalapartako erritmoez ez ezik, bertsolariez zein musikaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Andoaingo Euskaraldiaren antolatzaileek jakitera eman dituzte hamabost egunez iraun duen egitasmoaren datuak. Orotara, 1628 ahobizi izan dira, eta 371 herritarrek eman dute izena belarriprest gisa. Bestalde, aurtengo berrikuntzak, arigune delakoak, harrera ona izan du; izan ere, 104 entitatek hartu dute parte egitasmoan, besteak beste, kultur-taldeek, ikastetxeek eta dendek.

Irekiera-ekitaldian lez, Maizorri txalaparta eskolako bi kidek eman diote hasiera gaurko hitzorduari. Jarraian, Punttuka bertso-eskolako Unai Ormaetxea eta Beñat eta Ion Beloki anaiek  girotu dute eguerdia; hasierako agurraren ostean, ofizioka aritu dira, eta publikoarekin batera kantuan izan dira gero, bertso jarriekin. Musikaz gozatzeko aukera ere izan dute ikusleek. Gitarra lagun aritu da Goiatz Salbador abeslaria; euskal musikari ezagunen doinuak gogora ekarri ditu, tartean, Mikel Laboari omenaldia egin asmoz,  “Lilurarik ez” kantatu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!