Eskaintzak

“Aurpegi berriak ikusi ditugu harategian”

Sara Medrano 2020ko abe. 18a, 09:58

Kaletxikin dago kokatua Mendikute Harategia. Koronabirusak euren jardueran izan duen eragina azaldu du Patxi Mendikute arduradunak.

Oro har, pandemiak zer nolako eragina izan du zuengan? 

Martxoan pandemia egoera izendatu zutenean, neurri zorrotzak ezarri zituzten eta jendeak supermerkatu handietan egiten zituzten erosketak denda txikietan egiteko ohitura hartu zuen. Hedadura handiko supermerkatuetan  aforoa murriztu zuten, eta ilara handiak sortzen ziren. Hori, denda txikiontzat, une askotan lagungarria egin zitzaigun. Ordutik salmentak igo egin direla esango nuke. 

Beldurra sumatzen al da erosleen artean?

Denetik dagoela iruditzen zait, agian jende helduagoak beldur gehiago du eta jende gazteak aldiz, ez hainbeste. Harategian bertan aforoa asko murriztu da eta aldi berean gehienez ere bi pertsona sar daitezke.Erosleen artean elkarren arteko distantziak mantentzen dituzte, baina hala ere, nabari dut jendea oraindik ere beldurrez dabilela egunerokotasunean.

Etxez etxeko zerbitzurik eskaini al zenuten itxialdian?

Bai, eskaini genuen. Batez ere jende helduak eskatu zigun, eta enkarguak beraien etxeetara gerturatzen genituen. Oraindik ere kasu batzuetan hala egiten jarraitzen dugu. Asko eskertu digute zerbitzu hori martxan jarri izana. Adinean gora doazenen bezeroen artean pandemiak sortu duen beldurra kontutan hartuta, esker oneko agertzen dira. 

Mugikortasuna mugatzeak, bezero berriak zuenganatzeko balio izan al du?

Betiko bezeroak ditut, baina pandemia hasi zenean aurpegi berriak ikusten hasi nintzen, adibidez, jende gazte asko gerturatu zen momentu hartan. Mugikortasuna mugatzeak salmenten igoera nabarmena ekarri du, aurreko hilabeteekin eta gainontzeko urteekin alderatzen hasita. Hala ere, supermerkatuen egoera normalizatzean eta mugikortasuna zabaltzean, lehengora itzuliko garela iruditzen zait. 

Gabonei begira zein aurreikuspen egiten duzu? 

Aurtengoa baloratzeko, lehengo urteari begiratu diot eta garai honetarakojada nahiko eskaera nituen. Gabonak nola izango diren baloratu eta neurri berriak hartu arte, jendea oraingoz ez da erosketak egitera ausartzen, normala den bezala. Azken finean, gure produktuen kasuan ez da gauza bera hamar lagunentzat edo lau pertsonentzat erostea.  Jendea itxaropentsu dago eta nabari da eskaerak azken momenturako uzten ari direla. Hala ere, ez zait iruditzen produktuak asko aldatuko direnik. Eguberrietako menua solomilloa eta arkumea izaten da normalean, eta ohiturari eutsiko zaiola esango nuke. 

Elkarte gastronomikoak itxita egoteak, zuzenki eragingo dizue, ezta?

Alboan dugu Ontza elkartea, eta egoera hau dela eta, beste guztiek bezala, itxita jarraitzen du. Horrek harategiari mugimendu handia sortarazten dio eta hutsune handia antzemango dugu, berriz ere martxan jartzen dituzten arte. Azken batez, elkarteetan otorduak egiteko ohitura handia dago.

Horrez gain, etorkizunari begira, guri zuzenki eragingo digun beste faktore bat ere aipatu nahiko nuke; Ama Kandida etorbidea-Bazkardo aldeko Illarramendi industrialdean ezarriko duten Mercadona supermerkatua. 

Andoaingo dendetan eragin zuzena edukiko duela iruditzen zait, eta beldur pixka bat ere ematen du  horrek. Gure etorkizuna baldintza dezakelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!