Gabonak 2020

Kanpaikadak Maindi iturritik

Jon Ander Ubeda 2021ko urt. 7a, 21:00

Urteari amaiera emateko sorpresatxoa prestatu zuen Aiurrik, Maindi iturria Zelai ahizpen agertoki bilakatuz. Udaberriko konfinamenduan protagonismo berezia hartu zuen bikotea berragertu egin zen Gabonetan, kanpaikaden saio berezia eskaintzeko

Aiurriko lantaldean konfinamendu garaiko izpiritua berragertu egin zen Gabonen atarian, informazioa eta aisialdia uztartzeko erabakia hartu zenean. Abenduaren 18an hasita, ekoizpen dotorea prestatzen hasita geunden Urnietako Egape dantza taldearekin batera, Olentzero eta Mari Domingi protagonistatzat harturik. Zeinen erraza den Rosa Elosegi eta Isidro Salinas bezalako herrikide eredugarriekin lan egitea!

Grabazio horren prestaketa lanetan murgilduta genbiltzala Garazi Kamio eta Ane Jalonen deia jaso genuen. Kanpaikadak emateko prest zeudela, Zelai ahizpak biziberrituta. Eguna eta tokia zehaztu ziguten. Baita ordua ere! Gauzak hain argi zituztenez, gainerako guztia martxan jartzea besterik ez zen falta.

Abenduaren 22an, gaueko 21:15ak aldera, Maindi iturriaren parean hasi zen muntaketa lana. Ez ginen Aiurrikoak bakarrik lanean aritu. Laguntza eskatu behar bada, lanpetuta dagoenari eskatzea bezalakorik ez dago. Horiek ez dute inoiz hutsik egiten.Eta hantxe agertu ziren hamaika jardueretan burubelarri aritzen diren Arantza Aguado eta Ainhoa Aiertza, Alberto Rubio lagun zutela.

Dena esatera, abenduaren 22ko gaueko grabazioa baimen guztiak eskatuta egin zen. Udalaren eta Udaltzaingoaren oniritzia bagenuen, baina grabaketa saioa normaltasun berriak galerazten duen ordutegian egingo zenez, aurreikusi zitekeen Ertzaintzaren agerpena. Aingurasutegitik sartuta, Zumea kaleko norabidea hartu zuten. Bi ertzainak ibilgailutik atera orduko eskuetan nituen baimen guztiak. Lastima atsegin aritu ziren bi ertzainek euskaraz tutik ere egin ez izana.

Harrigarriki ondo atera zen grabaketa, lehen saiakeran egin baitzen dena. "Urte berri on kalamidadiak!" adierazi bitarteko minutu guztiak jarraian grabatu ziren. Entseatuz gero ez zen hobeki irtengo.

Gauaren isiltasuna, Maindi iturriaren jarioa, Zelai ahizpen umorea... oso oroitzapen oneko grabaketa saioa izan zen bertan izan ginen denontzat.

Eskertzekoa da etxekoei, atsedenaldiari edota loari orduak kendu zizkien taldeak egindako lan guztia. Beti ere komunitatea gogoan. Izan ere, asmoa horixe  zen: Pantailaren bestaldean zeudenei poz txikia eskaintzea, garai zail hauetan.

Txaloak eta eskertza Ane Jalon eta Garazi Kamiori, eta abentura ero eta polit honetan bidelagun izan genituen lankide guztiei. Errepikatuko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!