"Saiatzen naiz haur baten azalean jartzen marrazterakoan"

Xabier Lasa 2021ko urt. 14a, 12:24

Leire Salaberria Andoaingo ilustratzaileari elkarrizketa egin dio Aiurrik, izan ere, datozen asteetan ilustratzailearen ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa ikusgai izango da Bastero Kulturgunean. Ostiral honetan, esaterako, bisitaldi gidatua antolatu du

Zure jaioterrian hartu du tokia erakusketak. Sentipen berezirik bai?

Bai, noski, andoaindarra bainaiz! Gozagarria da norberaren lanak erakusteko aukera edukitzea, eta are gehiago jaioterrian, familia eta lagunengandik gertu. Orain arte soilik Zumarragan egon da ikusgai, ez naiz bereziki promozionatzen aritu, lanpeturik bai nabil argitaletxetatik eskatzen dizkidaten ilustrazio lanekin. Egundoko lekua da Basteroko erakusgela. Kostatzen da betetzea bere hormak, baina badaukadanez materiala nahikoa, erraz animatu naiz.

2015az geroztik egindako sormen-lanak jarri dituzu ikusgai Basteron, baina txikitatik datorkizu margoketarako zaletasuna.

Txiki-txikitatik hasi nintzen Eduardo Arreseygor eta Marga Oiartzunekin arte-tailerrean; irakasleek sormenkuntzatik eta esperimentaziotik jotzea nahi izaten zuten, eta horri eskerrak denetik probatzeko aukera eduki nuen. Urtetan aurrerago, Juan Batista Barandiaran izan nuen maisu, bere etxeko tailerrean. Oso zorrotza eta serioa zen gizona, kulturarako sentsibilitate berezia zeukan. Oso oroitzapen onak gorde ditut garai hartatik; egunero ordu beteko saioa izaten genuen, eta ezin gusturago joaten nintzen. Txoritxoen abestiak entzunez, errealismoa landu genuen sakon, eta olioan margotzeko teknika ikasi nuen. Era horretan, 11-12 urterekin, garbi eduki nuen margoaren munduan murgiltzea zela nirea. Batxiler artistikoa eta Arte Ederrak-en ikasketak egin nituen, Erasmusekin bi urte Italian igaro nituen, beste hiru Bartzelonan... 

Zer ikusiko du Basterora hurbiltzen den ikusleak?

2015etik 2020ra nire sormen lanaren zati handia bat agertzen da. 30etik gora liburu argitaratu dira nire ilustrazioekin, eta horietako asko ekarri ditut; horien orrialdetan txertatuta dauden ilustrazioen bilduma bat ere ekarri dut, jatorrizko ilustrazioak dira. Munduko hizkuntza askotan argitaratu dira, Estatu Batuetan, Mexikon, Erresuma Batuan, Frantzian, Italian… Andoainen ere ez dago “ez ukitu” kartelik zintzilikatu beharrik; liburuak irakurtzeko eta ikusteko daude, eta pare bat aulkitxo jarri dira haurrak eseri eta lasai-lasai egon daitezen. Dena edo ia dena galarazita dagoen garai honetan, eta tabernak ere itxita daudelarik, aldarte polita izan daiteke Basteroko erakusgelan sartu-irten bat egiteko, patxadaz gozatzeko irudiekin eta testuekin.

Irudi jakin bat hautatu duzu erakusketa iragartzeko. Arrazoi berezirik eduki al duzu?

Heidi pertsonajea naturan agertzen da irudian; Johanna Spyri Suitzako idazlearen ipuin klasikoarekin Mexikon egin zen liburuko ilustrazioetako bat da. Ondo sinboliza dezake azken aldiko osasun krisialdia eragiten ari dena gugan: aire askea arnasteko premia sentitzen dugu inoiz bano gehiago, naturarekin kontaktua behar dugu. Nik umetan oso gogoko nituen Heidi bezalako animazioak, eta gogoa sentitzen dut haurtzarora bidaiatzearen mezua transmititzeko. Beharbada liburuek lagun diezagukete naturarekin kontaktua edukitzea, nahiz etxean egon, aparte samar utzita daukagun geure irudimena landuz.

2011n Etxepare saria irabazita eman zen ezagutzera zure izena ilustrazioaren munduan. Geroztik, ogibide bihurtu al duzu?

Orduantxe esan daiteke, bai, ekin niola nire ibilbide profesionalari. Gogorra izan zen hastapena, baina ibilian-ibilian, zenbait argitaletxeren arreta piztea lortzen ari dira nire ilustrazioak, eta ondo doakit oraingoz.   

Euria ari duenean, Hiltzaileak eta La Familia Panda, Somos uno más. Hiru liburu argitaratu dituzu, zure ilustrazioez ez ezik zeure testuez hornituta. Zer sentitzen zara gehiago, ilustratzaile ala idazle?

Nahiago dut marraztu, idatzi baino; gogokoagoa dut irudiak sortzea, profesionalagoa sentitzen naiz horrela. Ez naiz kapaz nobela moduko zerbait idazteko.

Haurrei begirako literaturan, irudiak testuak adinako garrantzia duenean, bada, orduan formatu horrek bai ematen didala aukera idazteko. Alde horretatik, badauzkat zenbait ideia liburu bat oso-osorik sortzeko neuk, eta egin nezake zerbait denbora egitasmo horretan inbertituz gero. Baina nahiko bazterrean utzita daukat, ilustratzailearen ogibideari ematen diodalako lehentasun.

Beste idazleen testuei ilustrazioak eranstea egokitzen zaizu gehienbat. Zenbateraino daukazu askatasuna zure sormena garatzeko?

Diferentea da lan egitea kanpotik datorkizun testuekin ala zuk egin duzunarekin. Biak dira eginkizun politak, baina jakina, erosoago eta askeago aritzen naiz bigarrengo kasuan, nire baitagokit eszenak, pertsonajeak, egoerak… asmatzea. Nolanahi ere, erronka erakargarri gisa hartu ohi dut argitaletxeak irizpideak ezarriz etortzen zaizkidanean. Halakoetan, batzuetan, askatasun handia ematen dizute zure irudimena lantzeko, behin testua edo argibide batzuk zure esku utzi eta gero. Bestetan, zorrotzagoak dira. Esate batera, AEBetan edo eta Ingalaterrako argitaletxeek beren arte zuzendaria eta diseinatzailea edukitzen dituzte, eta ondo markatzen dizute zer nahi duten. Behin, Peter Panen kontakizunerako, ondo zehaztu zidaten zein eszenetan zer irudikatu behar nuen; ilustrazioek suziriekin-eta holako detaile deigarriekin behar zuten izan.   

Haur eta gazteen literaturatzat hartzen da ilustratzaileen lana… Baloratzen al da zuen sorkuntza?

Ez dago erraza erantzutea galdera horri. Euskal Herrian, oraindik badaukagu bidea egiteko ilustrazioen albumen eta komikien arloetan. Aurre juzguek funtzionatzen segitzen dute pixka bat, pentsatuz haur eta gazteen kontuak direla, ondo esan duzun bezala. Joaten zara Frantziara, esate batera, eta han ia fruta-denda batera joatearen parekoa da literatura mota hori erosi eta kontsumitzea; edozein etxeetako komunean, gauzarik normalena da bertan komiki bat edukitzea. Kulturala da jokaera, ikastetxeetan eta etxean erakutsi eta zabaltzen dena.

Nolanahi ere, esango nuke, gurean, gero eta estimazio handiagoa hartzen ari dela ilustrazioak dauzkan liburua. Batetik, behin eta berriro kontsumitzeko objektu preziatu gisa jotzen delako. Bestetik, iruditzen zait gure atzetik datozen gazteak beste mentalitate batekin datozela, eta natural-natural joaten direla liburutegi batera manga japoniar komiki baten bila, esate batera.

Zure ilustrazioak sare sozialetan zabaltzen dituzu. Zer nolako harrera izaten dute?

Jarraitzaile gehiago ditut Espainian edo Ameriketan (Txile, Argentina…), Euskal Herrian baino. Ezagunagoa naiz kanpoan etxean baino, baina hori ez da harritzekoa, gurea merkatu txikia delako eta ekoizpena ere tamaina berekoa delako.

Azkar kontsumitzeko joera nagusi den gizarte honetan, dena efimeroa dela ematen du. Sormenetik egindako ilustrazioak non kokatzen dituzu errealitate horretan?

Egia da kontsumo azkarraren fenomenoa. Baina aldi berean, jende askok geldialdi bat egiteko premia sentitzen du, etenaldi bat bizitzan; zure denbora hartu, eta, esate batera, ilustrazio bat esku artean patxadaz gozatu. 

Zuk osorik egindako hiru liburuetan, konbentzionalismo sozialak apurtu nahia sumatzen da.

Baliteke etiketak jartzeko joerari aurre egiteko grina islatzea horietan. Haurrek begiratu garbiago daukate, eta hori azpimarratzen ahalegintzen naiz. Helduak lezioak eman eta eman aritzen gara haurrekin, eta ez gara ohartzen askotan eurek guri erakusteko gehiago daukatela guk eurei baino. Guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituzte beraiek, eta arazoak aparte utzi eta bizitzaz gozatzeko gaitasuna daukate. Izan ere, helduok, txoko batean utzi dugu barruan daramagun gaitasun bereziko ume hori, ustez heldu bati dagokion bizitza egin nahian. Horrela, saiatzen naiz haur baten azalean jartzen, eta bere ikuspegitik begiratzen egunerokotasuneko hainbat elementu. Era horretan, iruditzen zait ilustrazio liburu bat baliagarria izan daitekeela helduentzat ere, hausnartzen lagundu gaitzake errealitatea beste modu batera ikustea.

Euria ari duenean liburuarekin, euriari omenaldi tiki bat egiteko gogoa neukan; Bartzelonan bizi nintzen garai hartan, eta euriaren falta sumatzen nuen biziki. Euria fenomeno ezkor baten antzera etiketatuta daukagu, baina haur batentzat euria beste gauza bat izan daiteke. Aldi berean, euria grisez margotuz, auzitan jarri nahi izan nuen haurrak kolore biziekin identifikatzeko joera, helduek barneratuta daukaguna. Esate batera, orain gutxi arte erabat normala izan da arrosez ala urdinez janztea umeak; pentsatu ezina izan da beltzez janztea!

Hiltzaileak liburuan, berriz, hitz jokoa egin nahi izan nuen, errealitatea maiz ez delako uste duzuna. Pertsonaje bat gaiztoa dela irudituko zaizu lehenbiziko ikusi aldian, baina errealitateak ezustekoak emango dizkizu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!