Jatorri asiarreko ahate bat agertu da Oria ibaian

Aiurri 2021ko urt. 17a, 19:25

Mandarin ahatea delakoa agertu da Oria ibaian. Andoainen agertu izana ez-ohiko jazoera bat da, izan ere, jatorri asiarrekoa da izenak dioen bezala. Informazio gehiago jasotze aldera, Aiurri Unai Ormazabal biologo andoaindarrarekin jarri da harremanetan.

Ormazabalek adierazi duenaren arabera, Oria ibaian agertutako ahatea Mandarin ahatea (Aix galericulata) da. Nahiz eta Europako zenbait lekutan ikus daitezkeen, izenak iradokitzen duen bezala ahate honen jatorria Asia ekialdeko lurraldeak dira. Siberiako hego-ekialdean eta Txina, Korea eta Japonia ipar-ekialdean bizi ohi dira ahate hauek.

Orduan, zer ari dira ahate hauek Andoaingo ibaietan igeri?

Biologoaren esanetan hegazti hauek migratzaileak dira, baina gehienez Japonia eta Txina hegoaldera iristen dira. Mandarin ahatea gizakion globalizazio prozesuaren milaka adibideetako bat da. XX. mendean zehar Europara ekarri ziren espezie honetako indibiduoak oso politak zirelako (emeek tonu marroi eta ilunagoak dituzte); "Britainia Handia izan zen espezie honen inportatzaile nagusia", nabarmendu du Unaik. Alabaina, etxekoratutako hainbat ahatek etxe horietatik ihes egitea lortzen dute batzuetan eta horregatik ikusten dira ez-ohiko guneetan igerian.

Esanak esan, Britainia Handira eta erdialdeko Europara ekarri ziren animalia kopurua oso handia izan zenez eta ihesaldiak ere hainbestekoak izan zirenez, Mandarin ahateen populazio egonkor bat sortu dela jakinarazi du Ormazabalek. Britaina Handiak gaur egun 11.000 ahate-Mandarin biltzen ditu.

"Jakinik hegazti hauek Asia ekialdean bertan migratzaileak direla eta Iberiar penintsulan Britainia Handitik etorritako indibiduo batzuk ere identifikatuak izan direla, gerta liteke Euskal Herrian ikusitako Mandarin ahate gehienak, Britainia Handitik gune epelagoen bila negua pasatzera etorritakoak izatea". Izan ere, Iberiar penintsulan egin diren espezie honen ikusketa gehienak neguan zehar izan dira, migrazio garaian, alajaina. Hala ere, hegazti hauek erakusten dituzten luma bizi eta koloretsu horiek neguan zehar bakarrik edukitzen dituzte, emeak kolore horiekin liluratu eta ugaltzeko aukera izateko. Beraz, gerta liteke Euskal Herriko lurraldeetan urte osoan egotea baina identifikatzeko gai ez izatea.

pato mandarín – animalesextraordinarioscm2

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!