Covid19 | Datuak egunez egun

Intzidentziak goia jo arte

Jon Ander Ubeda 2021ko urt. 18a, 18:52
© Diego Barrasa

8, 10, 9, 8, 17, 8, 10... Andoaingo azken zazpi egunetako positiboen kopuruarekin intzidentzia tasak goruntz egin du. %33 igo da astebetean, tasa 927,41raino iritsiz. Tourreko etapa malkartsuekin alderatuko bagenu, egun hauetako penditza oso portzentaia altukoa izaten ari dela esango genuke. Eta oraindik ez dugu goia jo.

Gaurko datua txarra izan da, kolpe bat gehiago egoera zail honi irtenbidea bilatu nahi dionarentzat. Bereziki, iraunbizitzeko ekonomian murgilduta dagoenarentzat.

Ez baita ostalaritza kaltetzen ari den udalerriko sektore bakarra. Egoera ez bada azkar batean zuzentzen, gainera, aste batzuk igaroko dira eremu gorritik atera arte. Udazkenetik indarrean jarritako neurriekin eta LABIk ezarritako berriekin batera, murrizketa ugari ditugu udalerrian. Eta orain zer?

  • Udalak neurri zorrotzen bermatzaile izaten jarraitu behar du, eta alde horretatik Udaltzaingoarentzat presioa handitu egiten da.
  • Ostalarien eta merkatarien egoera ez da batere samurra. Ostalariek ateak itxita dituztelako, eta merkataritzaren gehiengoari itxiera perimetralak kalte handia eragiten dielako. Arropa dendak, ileapaindegiak eta bestelako zerbitzuentzat egungo egoera oso kaltegarria da inguruko herrietako bezeroak erakartzea ezinezko bilakatu delako.
  • Herritarrek segurtasun eta prebentzio neurriak bete behar dituzte. Lehen ere asko eta asko ziren ohartarazpenak betetzen ari zirenak. Baina Gabonak ospatu ziren eta hainbat etxetan familiakideak kutsatu egin dira. Birusa bertan izanik, kutsatzeko arriskua hor dago. Aditu batzuren arabera, bigarren olatuaren indarra ahuldu aurretik iritsi da hirugarren olatua. Aurrekoaren oinarria baliatuta, oldartu egin da birusaren eragina.

Aurreko egunetan kutsatutakoek gaurko positiboen zerrenda osatzen dutenez, hurrengo orduetan intzidentziak goia joko duela desiatzea helduleku bat da, panorama zailean. Txikitik eragin beharko da, egoera honi irteera aurkitu nahi badiogu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!