Patxi Urruzuno zendu da, arrantzari eta Leitzaran ibaiari estuki lotutako ekintzailea

Aiurri 2021ko urt. 20a, 20:12
©ArkaitzMartin

Bere bizitzan zehar, bere anaiekin batera, arrantzarekin gozatzeaz gain buru belarri jardun zuen ibaien eta erreken kontserbazioaren eta arrain espezie ezberdinen birpopulazioaren alde.

Iñigo Urruzuno, Aitor Urruzuno eta Patxi Urruzuno, Ignacio Diez eta Manuel Salaberriarekin batera. 1996koa da argazkia, Espainiako arrantza txapelketa irabazi zutenekoa.

 

Patxi, Aitor, Cristian eta Iñigo Urruzuno anaiak

Arrantza munduan aski ezagunak dira, eta ez bakarrik Gipuzkoan. Baita nazioartean ere. Erreferentzia handia izan dira eta dira oraindik ere arrantzari lotutako kirol jardueretan.

Patxi Urruzuno betidanik egon izan da lotuta Gipuzkoako Arrantzaleen Federaziora. 2008-2012ko epealdian presidentea izan zen, eta geroztik zuzendaritza batzordean lanean jarraitu zuen.

Ondo ezagutzen duen horietakoa Arkaitz Martin da, Gipuzkoako Arrantza Federakuntzako guarda edo zaintzailea: “Arrantza munduan estatu mailan erreferentzia handia izan da. Andoainen izan duen garrantzia nabarmendu behar da. Herri honetan estatu mailako 6 txapeldun ditugu, eta hori neurri handi batean Patxi Urruzunori zor zaio. Maisu handia izan da, gazteagoentzat ezinbesteko erreferentzia". 2008ko urtea bereziki gogoan dauka Arkaitz Martinek. "Euskal selekzioa ordezkatuz Espainiako komunitateen arteko txapelketan parte hartzea egokitu zitzaidan orduan; Patxi gure kapitaina zen, eta taldeka irabazle irten ginen. Banakako lehiaketan ere lehen postuan sailkatu nintzen, eta saria jasotzerakoan berari eskaini nion. Izan ere handia zen bere jakinduria, eta ez zuen sekreturik gordetzen. Zekien guztia erakusten zuen. Arrantzan trebezia hartzeko hamar urte behar badira, Patxiren ondoan urtebetean ikas zenezakeen arrantzari lotutako ia guztia”. Martini Celulosas Andoainen elkarrekin lan egindako urteak gogora datozkio, eta lanetik atera arrantzara edo perretxikotara egindako irteerak bereziki gogoan ditu.

Urruzunotarren garrantzia nabarmendu nahi du berriro, Martinek. “Mentalitate aldaketa bat ekarri zuten anaiek. Garai bateko arrantzaleek saskia bete eta eramaten zuten. Anaiek, ordea, arrantzak aisialdi jarduera bat izan behar luke. Eurentzat hobea zen arraina bizirik uztea, hiltzea baino. Hortik dator heriotzarik gabeko arrantza lantzeko kirol jarduera”. Euli-arrantza metodoa sartzeko garaian ere, Patxi aitzindaria izan zen. Metodo hori erabiltzen hasi zen ur sakoneko arrainak harrapatzeko garaian, eta berrikuntza horrek beste arrantzaleen aldetik segida izan zuen.

 

Patxi Urruzuno, Amaia Santa Cruz eta Todor Martinez 2008ko irailean, ireki berria zen Leitzaran Bisitarien Etxean.

 

Leitzaran Bisitarien Etxea

Ezin aipatu gabe utzi Leitzaran Bisitarien Etxean izan zuten protagonismoa. 2008ko abuztuaren 1ean ireki zuten Leitzaran Bisitarien etxea. Bi atal zituen, Uraren Interpretazio Zentrua eta Arrantza Eskola. Bigarren horretan ikasleei, hasiberriei nahiz eskarmentu handikoei zuzendutako formakuntza ikastaro pertsonalizatuak eskaintzeko prestatu zuten. Patxi eta Cristian Urruzuno anaiak izan ziren ekipamendu horren ardura hartu zuten hezitzaileak.

Urte batzuk eman zituzten zeregin horretan. 2011ko irailean, esaterako, ibaien nazioarteko eguna ospatzen zela eta, Leitzaran Bisitarien Etxetik ibaira irteera antolatu zuten. Patxi Urruzuno Arrantza Eskolako arduradunak gidatu zuen irteera, eta Leitzaran ibaiko ekosistemarekiko errespetuzkoa den hil gabeko arrantza jarduera azaldu nahi izan zuten. Arrantzaren jardunean bidegile izan zen, besteak beste, intsektuak ziruditen amuak ekoizten zituelako.

Bi hilabetera, 2011ko azaroaren hasieran, euriteek uholdea eragin zuten. Leitzaran Bisitarien Etxe inguruko Malo errekak gainezka egin zuen. Hauxe da orduko hartan Patxi Urruzunok egindako adierazpenak: “Etxeak kalterik ez du jaso, kalte handiena kanpoaldean izan zen. Otietako tunelaren irteeran dagoen Malo errekako urak gainezka egin eta errepidetik etorri zen ura honaino. Lizarkolako pasealekuan ere kalteak izan ziren, baina hura Leitzaran errekaren eraginez gertatu zen. Lurra eta baranda zatiak eraman zituen”.

Ibaien kontserbazioen defendatzaile sutsua zen, eta ibaien ustiakuntzan dabiltzan enpresa hidroelektrikoekin oso kritiko agertu zen.

Andoaingo Ubilluts industrigunean arrantza produktuak saltzen zituen dendako jabeetakoa da. Izan ere, anaien negozioa zen Urruzuno izeneko dena.

Bizi dugun osasun krisialdia dela eta, ez da hileta elizkizunik egingo. Arrantza munduan eta Leitzaran bailararen defentsan, eragile handi batek utzi gintuen atzokoan. 60 urte zituen, eta bi alaben aita zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!