Euskararekiko sentsibilizazioa nabarmendu zuen Enekok, Facebook bidez zabaldutako adierazpenean: “Bere seme-alabak lehenengotarikoak izan ziren ikastolak izan zituen pisu edo egoitzetara joaten. Euskara barne-barnetik maite zuen, beti euskaraz aritzen zen”.
Aitaren baloreak zeintzuk ziren adierazi zuen ere, ohar berean: “Printzipioak zituen pertsona zen, fededuna eta serioa. Baina irribarrea zer zen bazekiena ere. Lotura eta lokarri lanak bikain bete ditu. Jarrai dezagun abertzaletasuna, euskara eta baloreen lokarri hori zabaltzen”.
Imanol Egibar Juanena 1929ko urtarrilaren 1ean jaio zen Sorabillan. Giro abertzalean hezi zen, izan ere Pablo Egibar Munita aita Errepublika garaiko Udal hauteskundeetan (1931. urtean), Andoaingo lehen alkate demokratikoa izan zen. EAJ-PNVko hautagaia izan zen orduko hartan. Imanol semeak aitaren bidea jarraitu zuen, 1979ko eta 1983ko Udal hauteskundeetan zinegotzi eta alkate-orde izan baitzen. 1983ko agintaldian Patxi Irigoras jeltzalea izan zen alkatea, eta Imanol Egibar izan zen alkate-ordea. Abokatua lanbidez, bizitza osoa alderdi jeltzaleari lotuta egon da.
Andoaingo EAJ-PNV alderdiak, doluminak agertzeaz gain, Udalgintzan izan zuen partaidetza nabarmendu zuen: “Partaidetza zuzena izan zuen Bertxingo zentralaren eraberritzean, Ama Kandidako Denak industrigunea martxan jartzen, ur hornidura sarearen zabalpenean edota San Juan Bataiatzailearen egoitza irekitzeko kudeaketan”.
Sorabillako hilerrian lur hartuko du, intimitatean egingo duten hileta-elizkizunean. Ez da ahaztu behar Sorabilla auzoarekin betidanik izan zuen lotura. Bertan jaio eta urte luzez han bizi izan zen. Besteak beste, hainbat urtez Sorabillako jaien antolatzaile lanetan aritu zen.
Imanol Egibar Juanena Pablo Egibar eta Filomena Juanenaren semea zen, eta bere anai-arreben artean zaharrena zen. Anai-arrebak: Iñaki, Miren, Nekane, Arantxa, Paula eta Tomasi.
Maria Jesus Artola da Imanol Egibarren emaztea, eta bost seme-alaben guraso izan dira: Agurtzane, Joseba, Garbiñe, Miren eta Eneko.
Guztien artean Joseba Egibarrek jarraitu du aitonaren eta aitaren ibilbide politikoa. EAJ-PNV alderdiko buruzagietakoa da.