EkonoVID

Ostalariek bilkura egingo dute asteartero, Goikoplazan

Aiurri 2021ko urt. 25a, 15:13

Bihartik aurrera, asteartero, goizeko 11:30ean elkartuko dira Goikoplazan. Ostegunean, bestalde, mozioa aurkeztuko dute Udaletxean.

Andoaingo ostalariek mozioa aurkeztuko dute ostegun honetan, Andoaingo Udal batzarraldian. Ostalaritza Aurrera Gipuzkoa plataformak udalerri batean baino gehiagotan egiteko asmoa du, pandemiak eragin dien ekonomia arazo larriari irtenbidea emateko.

Mozioaren azalpenetan, besteak beste, honako argudioak irakur daitezke: “Gipuzkoako ostalariok, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera, gure negozioak 106 eta 125 egun artean itxita eduki ditugu. Gaueko ostalaritzak, berriz, 7 hilabetetik gora darama erabat itxita.

Eta itxita egondako epean ere, gure gastu finko guztiak ordaintzen jarraitu behar izan dugu: telefonoa, aholkularitza-gastuak, aseguruak, gastu informatikoak, gasa, argiindarra, OHZ, zaborren eta terrazen tasak, alokairuak, maileguak, banketxe-gastuak, suhitzalgailuem mantenua, alarmen hileroko kuota, SGAE….”.

Administrazio ezberdinen ahalegina aitortu arren, ez dela nahikoa diote: “Faktura finko guztiak ordaindu ondoren, ikusi dugu jasotako laguntzekin ostalari gehienok ez dugula gastu finkoei aurre egitea lortu”. Urtearen herena baino gehiago bizitzeko gutxieneko dirsarrerarik gabe gelditu direla salatu dute: “Guipuzkoako ostalari gehienok autonomo txikiak gara, lokal bat edo bi errentan edo jabetzan ditugu, baina ez dugu dirusarrerarik eguneroko bizitzako gastuei aurre egiteko. Egoera horrek hainbat eta hainbat familia miseriara garamatza. Gure egoera animikoa ere desesperazioaren mugan aurkitzen da. Ez dugu lan egiterik izan eta ezin izan dugu soldatarik eraman geure etxeetara”.

Egoeraren larritasuna Udalari zuzenean aurkeztu nahi diote, bi puntuko mozioa aurkeztuz:

  1. “Gipuzkoako ostalaritzaren egoeraren berri ematea Eudeli, Foru Aldundiari, Legebiltzarrari Eta Eusko Jaurlaritzari”.
  2. “Aipatutako erakundeei eskatzea, ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren, martxoaren 14az geroztik, atzera eraginarekin, Gipuzkoako ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharrezko diren izapideak burutzea”.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!