Udal aurrekontu proposamena eztabaidatu eta onartu egin da

Jon Ander Ubeda 2021ko urt. 29a, 08:00

“Inor atzean geratu ez dadin, Udala ondoan sentitu dezaten”, horixe da Maider Lainez alkateak aurrekontuaren aurkezpenean agertu zuen izpiritua. Partidak zehaztu dituzte, besteak beste, 4 ibilgailu berri eskuratzeko 100.000 euroko partida, Allurralde kiroldegiaren eraberritzea eta Hirigintza alorreko azterlan gehiago egiteko 125.000 euroko partida edota tokiko ondarea dinamizatzeko 35.000 euroko partida.

21.700.000 euroko aurrekontua izango da, apirilean gerakinetik etor daitekeen diru gehiagoren zain. Gerakina inbertsioetarako erabiliko litzatekeela iragarri zuten.

“Arduraz eta herritarrei begira” direla adierazi zuen Marijose Izagirre alkate-ordeak. Kulturako programazioa edota merkataritza sustatzeko egitasmoak balioan jarri zituen, eta baita kaleen garbiketa eta desinfekzioan egin den lana ere. Illarramendi eremu berrian Zerbitzuen saileko hainbat atal biltzeko pabilioia martxan jartzeko asmoa iragarri zuen Izagirrek.

Segidan, oposizioko buru den Andoni Alvarez Lete EH Bilduko bozeramaileak hartu zuen hitza. Aurrekontua eginda dagoen bezala ez zaio gustatzen EH Bilduri: “Duela urtebete inbertsio estrategikoak adosteko proposamena landu genuen. Elkarrizketa eta elkarlana eskaintzeko abstentzioa eman genuen. Zer jaso dugu trukean? Ezer gutxi”.

Proposamen egingarria aurkeztu zutela adierazi du, 500.000 eurora iristen ez zena: “Ez dugu eztabaidarik planteatu, eta halere Udal gobernuari EH Bildurekin akordioak bilatzeari bertigoa eman dio”.

Tere Santana Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak aldeko botoa iragarri du: “Erraza izan da gurekin, oso apala izan delako gure jokabidea. Bizi dugun egoerarekin, ez dugu oztoporik izan nahi. Egiten utzi nahi izan dugu. Eskola publikoaren defentsa da gurea, eta horregatik eraberritzerako partida bikoiztea eskatu dugu. Plaka fotoboltaikoak ezartzeko beste partida bat eskatu dugu, udal eraikinetan jarriko direnak”.

Asmo nagusiak agertu eta gero eztabaida ezberdinetan murgildu dira Udal ordezkari ezberdinak.

EH Bilduren emendakinak aztergai izan ziren lehenik, eta guztiak atzera bota ziren PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien oposizioarekin. Elkarrekin Podemos alderdia emendakin batzuetan ados agertu zen.

Udal aurrekontuen bozketa hasi behar zuenean streaming bidezko ikuskizuna eten egin zen. Bideoan ez dago ikusgai baina bozeramaileek parte hartzeetan iragarri zutenez, Udal Gobernuko PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiak eta Elkarrekin Podemos alderdia ados agertu ziren, eta EH Bilduk aurkako botoa agertu zuen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!