EkonoVID

"Erakusleiho bihurtu gara"

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 7a, 08:00

Silvia Molano Andoaingo Pottoko dendako nagusia da. Negozioak hamabost urte bete dituenean, geldialdi handi samarra bizitzen ari da. Itxiera perimetralak zuzenean eragiten dio, bezero guztien %80a kanpokoa baita.

Denda zabalik duzu, baina kanpoko bezeroa hurbiltzea ezinezko bilakatu da. Zure bezeroaren gehiengoa kanpokoa baita.
Halaxe da. Izan ere Pottoko puerikultura denda bat da, eta Gipuzkoan lau denda daude. Gipuzkoa osoa mugitzen da denda hauetara. Nire bezero guztien %80a edo gehiago Andoain kanpokoa da. Udalerria itxita, etxez etxeko salmenta egitea beste aukerarik ez daukat. Eta halaxe nabil. Eguerdian denda itxi eta eguerdiro batetik bestera nabil.

Denda zabalik daukat, ohiko ordutegian, eta egun osoan ia hutsik dago. Pertsona bakan batzuk sartzen dira. Egun osoan bat edo bi hurbiltzen zaizkit, eta gainerako orduetan ibilgailua hartu eta etxez etxe joan behar izaten dut.

Arazo bat da erosi aurretik erakusleihoan edo denda barruan ikusi duena probatzeko edo aztertzeko aukerarik ez duelako.
Halaxe da. Merkatarion arazorik handiena, lehenagotik datorrena, internet da. Erakusleiho bihurtu gara, geroz eta gehiago. Batek baino gehiagok haurraren aulkia ikusi, aukeratu eta probatu egiten du hemen baina erosketa internet bidez egiten du.

Hainbat sektoretan gertatzen ari da, eta epe luzera denda fisikoa desagertuz joango da. Pandemiarekin prozesu hori azkartzen ari da. Nire iritzia da, baina jendeak ez du internet bidez beharraren arabera erosten. Jendeak zuzenean Amazonen erosten du, eta enpresa bakarra aberats bihurtzen ari gara. Monopolio hutsa da. Zer gertatuko da zure alabak edo gure ilobek ikasi nahi ez eta lan egiteko erabakia hartzen badute? Nora joango dira lan eske, Amazonera? Ez da dendarik egongo udalerrietan, ez da deus geratuko. Merkeagoa dela? Alderatu egin beharko genuke produktu berdina. Ez nago ados. Produktu batzuetan egongo da aldea, baina diferentzia handiena dago Amazonek ez duela autonomoen kuota ordaintzen, dirutza paradisu fiskaletan gordeta daukate... Ondorioz, irabazien zatirik ez da zergen bitartez estatura itzultzen. Eta ez ditugu errepideak behar bezala konponduta. Guztioi eragiten digun joera da, eta pandemiak egoera okertu besterik ez du egin. Herritarrak ezin du udalerritik atera, eta bezeroari ezinezkoa zaio gugana hurbiltzea. Gure lana whatsapp eta bideodeien bitartez gauzatzen da, garai hauetan. Eskaera egin eta bezeroari etxeraino zerbitzua eskaintzen diogu. Bada zerbait, baina oso zail daukagu.

Garai honetan zer da gehien saltzen duzuena?

Sasoi honetan sehaskak, haurkotxea..., udaberrian eta udan izaten baita jaiotzen kopuru handiena. Une honetan nire egunerokoa haur-kotxeak erakustea litzateke.

Denbora eskaini behar diozu.

Bikote batekin ordu eta erdi egon ninteke, azalpenak eta irakaspenak ematen. Sasoi honetan bi-hiru astez behin haur-kotxe bakarra erakusten ari naiz.

Gabonetako kanpaina oso bestelakoa izango zen zuretzat, orduan?

Ezusteko atsegina jaso nuen. Normalean ez da niretzat salmenta handiko garaia niretzat, puerikulturan etenaldia izaten delako. Arropa eta jostailuak saltzen dira, ez besterik. Baina Gabon hauetan herriak erantzun egin duela ikusi dut, eta tokiko merkataritzari gehiago erreparatu diola esango nuke. Jostailuen salmentan igoera izan dut. Herriari esker izan da, eta Salkineko bonuak eta Eusko Jaurlaritzakoak ere lagungarriak izan dira.

Konfinamendu perimetrala ezarrita, zure kasuan denda ixtea da aukerarik egokiena?

Nire kasuan, bai. Nire salmenta- esparrua oso zehatza da: Haurdun dauden emakumeak eta gehienez ere 3-4 urte bitarteko haurrak. Bezero berriekin egon behar dut, etengabe. Hobeto datorkit denda ixtea, egia esan. Zabalik egotea alperrik galdutako orduak eta orduak dira, 200 metro karratuko gune bat zabaltzeak eragiten dituen gastu guztiekin. Hobeto nengoke etxean, bideo-deiak egiten eta etxez etxeko salmenta egiten. Baina ezin digute negozioa itxi, denontzat dirurik ez dagoelako.

Jasotako laguntzak nahikoak izaten ari dira?

Ez, ez dira nahikoak. Baina ez naiz horri buruz hitz egiteko egokiena. Udalaren laguntzak oso ondo etorri zaizkigu eta Espainiako Estatuak emango dituenak jasotzea oso gutxiren esku egongo da. Oro har, ulertzen dut nik baino premia handiagoa izango duten beste sektore gehiago daudela. Ez dut niretzat eskatzen, neronek aurrera ateratzeko adina lan egiten dudalako. Baina egon badaude askoz egoera okerragoan dauden sektoreak, bidaia-agentziak esaterako.

Udaberria gainean dugu, zer nolako aurreikuspena egiten duzu?
Egoera beretsuan egongo naizela uste dut. Erakusleihoa aldatzeko inbertsio handi samarra egin dut. Berritzen ez den negozioa hil egiten dela sinestuta nago, eta beraz etengabe erakusleihoa aldatzen ari naiz. Denboraldi berriaren zain nago, ea Outlet-a ondo ateratzen den eta ondoren udari begira jarri. Positibo agertu nahi dut.

Kezkatuta, haserre... Nola sentitzen zara?
Agobiatuta, lehenik eta behin. Atetik jenderik sartzen ez dela ikusteak nekatu egiten du. Etorkizuna da bezeroak sartzen ikustea. Eta ez badira sartzen gastuei berdin-berdin aurre egin behar diet. Eta, lehen esan bezala, ez dut kexatzeko motiborik etxez etxeko salmenta egiten jarraitzen dudalako. Ez dut zorrik inorekin. Baina egoera nekagarria da.

Ezjakintasun handiko egoera bizi dugu, gainera.
Hau ez da amaituko. Hamabost egunez etxean sartu beharko gintuzkete, denok. Ez baitiot itxura onik hartzen. 2021a beltz samarra izango da, itxura guztien arabera.

Bakoitzak nahi duena egiten du, formalak bagina sikiera! Zein da merkataritzaz egiten duzun analisia?
Gure sektorean, estatu mailan, egoera beretsua da eta joera berdin-berdina da kasu guztietan: Jaitsiera ikusgarria da, maila guztietan. Andoain mailan, merkalagune batzuri ondo etorri zaie itxiera perimetrala. Baina oso gutxiren kasua da. Gainerakoak, elikagaiekin zerikusirik ez dutenak bereziki, antzeko gaude. Itxiera perimetralak guztioi egiten digu kalte. Denok ditugulako inguruko herrietatik datozkigun bezeroak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!