Joxeba Pagazaurtunduaren aldeko hitzorduak, Logroñon eta Andoainen

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 6a, 09:04

2003ko otsailaren 8an ETAk hil egin zuen Andoaingo Udaltzainburua, eta geroztik PSE-EEk eta 'Pagaza'ren senideek gogoan hartu dute Andoainen. Azken urteotan bi ekitaldi ezberdinen bitartez, dena esatera.

Logroño

Senitartekoen omenaldi ekitaldia igande honetan izango da, otsailak 7, 12:00tan hasita.

COVID-19a dela eta, Joxeba Pagazaurtundua Ruizen senideek igande honetan Logroñon hartuko dute gogoan. Horrela azaldu dute, ohar bidez: “Joxeba Pagazaurtunduaren familia osoa Logroñon bizi da. Bertan bere seme-alabek familia osatu dute, eta hemen jaio da lehen biloba. Aurtengoan ezinezkoa zaigu Andoainera joatea, osasun arloko araudia dela eta. Errespetatzen eta onartzen dugun araudia da. Horrexegatik, urteurreneko ekitaldia Logroñoko Espolonen dagoen terrorismoaren aurkako biktimen monumentuan ospatu nahi dugu. Era berean, biltzen eta babesten gaituzten bi eskulturen artean dagoen lotura etikoa eta estetikoa azpimarratu nahi dugu”.

Andoain

Andoaingo PSE-EEk lore eskaintza egingo du eskulturaren aurrean, ekitaldi intimoan. Otsailaren 8an izango da, astelehenean, urteurrenarekin bat eginez

Biharamunean, hilketaren urteurrenarekin bat eginez, Andoaingo PSE-EEk lore eskaintza egingo du. Hori bai, intimitatean izango dela adierazi dute: “Datorren astelehenean, otsailaren 8an, Maider Lainez Andoaingo Sozialisten Idazkari Nagusiak lore eskaintza egingo du Andoaingo Udaletxearen aurrean dagoen eskulturan. COVID-19a dela eta, pandemiaren aurrean indarrean dagoen osasun-araudia dela eta, ez zaie herritarrei eta komunikabideei ekitaldi intimo honetan parte hartzeko deia egingo”. Andoaingo PSE-EEren ustez, aurten ere Joseba Pagazaurtundua gogoratzea garrantzitsua da: “Haren hilketaren hamazortzigarren urteurrenean, gure oroimenaren parte izaten jarraitzen baitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!