Joxeba Pagazaurtundua gogoan hartu dute sozialistek

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 8a, 14:11

Pandemia betean, Andoaingo PSE-EEk ekitaldi intimoa antolatu du Joxeba Pagazaurtunduaren hilketaren urteurrenean. Ekitaldirik ez dute egin, eta horren ordez hedabideetara Maider Lainez buruzagi sozialistaren gutuna helarazi dute.

Gaur, inoiz baino gehiago, gure oroimenean zaude

Maider Lainez:

“Gaur da lehen aldia, 2003an hil zintuztenetik, Andoaingo zure lankide sozialistok lore eskaintza hau nahiko genukeen normaltasunez egiterik izango ez duguna. Covid-19a dela eta, erantzukizunez jokatu nahi izan dugu eta, horregatik, ez zaigu egokia iruditu herritarrei eta komunikabideei ekitaldi honetan parte hartzeko deia egitea.

Baina berdin gogoratzen zaitugu, Joseba. Agian, aurtengoa beste edozein urte baino gogorragoa izango da, ezin izango baitugu besarkada hori eman, hainbeste berotzen duen eta hainbeste batzen gaituen musu hori. Nahiz eta pandemiak ez digun fisikoki hori egiten utziko, hitz hauen bidez, besarkadarik eta musurik handiena bidali nahi diet zure familia osoari eta gaur aurkitu ohi ditugun lankide eta lagunei.

Denok mingostasunez gogoratzen dugu gaur duela 18 urte ETAko hiltzaile batzuek hiru tiro bizkarrean emanez bizia kentzea erabaki zutela, ezberdin pentsatzeagatik eta askatasuna defendatzeagatik.

Eta urtetik urtera zailagoa egiten zaigu hainbeste indarkeriaren zentzugabekeria ulertzea, baita hilketak eta beste hainbestek ekarri duten sufrimenduaren zergatia ere. Terrorismoak ez duelako inoiz izan ez zentzurik ez justifikaziorik. Eta hori argi eta garbi ezagutu beharko genuke, eta beldurrik gabe esan.

Gaur, inoiz baino gehiago, zure oroimena aldarrikatu behar dugu, Joseba eta hain modu bidegabean kendu zizkiguten beste askoren oroimena. Elkarrekin memoria kolektibo eta inklusiboa eraiki behar dugu, benetan gertatu dena oinarri hartuta. Eta hori ezin izango dugu egin, batzuk gertatu dena zuritzen edo gauzei beren izenez ez deitzen saiatzen badira.

Hain zuzen ere, memoria kolektibo eta inklusibo hori izan behar da gure bizikidetza eraikitzeko oinarria. Etorkizunari begiratu behar diogu, baina memoriatik, egiatik, justiziatik eta konponketatik. Etorkizuneko belaunaldiei begira, orrialdea pasa behar dugu, bai, baina gertatu dena irakurriz. Zuengandik, aurrera egingo dugu beti, baina gertatutakoa gogoratuz, memoria landuz Joseba, gaur inoiz baino argiago geratzen da distantziak eta denborak ez dutela ahazten, hemen jarraitzen duzulako gurekin, gure bihotzean eta oroimenean. Eta, zuregatik, elkarrekin garrasi egiten dugu: Askatasunaren alde!”

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!