"Euskarak Twitchen tokia izan dezan lanean ari gara"

Mikel Arberas 2021ko ots. 14a, 09:00
Ibai Lasarte zuzeneko bat egiteko prest

Interneten puntako joera da unean uneko emankizuna eskaintzea, edo haren jarraitzaile izatea. 'Streaming' ingelesezko adieratik dator streamerra, edo esataria. Gehiago jakiteko asmoz Aiurrik Ibai Lasarte streamerrarekin hitz egin du, gauza interesgarri asko azaldu ditu.

Lehenik eta behin, zer da streamer izatea?

Azalpenak askotarikoak izan daitezke, baina laburki, streaminga Internet bidez egiten den bideoaren eta soinuaren nolabaiteko zuzenekoa da. Zein da berezitasuna? Streamerrak egiten duena zuzenean ikusi eta entzun daiteke, eta nahi den edukiari buruzko "saioak" egin daitezke; bideo-jokoetatik hasi eta telebista saioei buruz hitz egiteraino. Ezin da aurretiaz grabatu, beraz, zuzenekoetan sortzen den hartu-emana handiagoa da. Gaur egun zuzenekoak egiteko plataforma ezagunena Twitch dela esango nuke. Izan ere, baliabide asko ditu, eta ikusleekin eta entzuleekin kontaktua mantentzeko aukerak eskaintzen dira. 

Zer behar da horren beste fama lortu duten streamerra bilakatzeko?

Ezinbestekoa da ikusleak eta entzuleak harrapatzea, horretarako, eduki interesgarria egin behar da. Zeure tematika edota gaiak jorratzeko modua aspergarria izanez gero, jarraitzaile gutxiago izango dituzu. Ez hori bakarrik, ikusleekin hartu emana egotea ezinbestekoa da; elkar komunikazioa sortu behar da, eurak zuzenekoaren zati direla sentitu behar dute, interakzioa sortu behar da streamer-ikuslearen artean. 

Materialari dagokionez, gomendagarria da audioa eta irudia txukuna izatea. Egia da, hasiberriek ez dutela izugarrizko materiala, baina etxeko tresnekin zuzeneko polita egin daiteke. Hasiera batean, behintzat, ez da beharrezkoa telebistan ikusten diren streamerren mikrofonoak, kamerak eta ordenagailuak edukitzea. Edozein has daiteke zuzenekoak egiten. 

Egun, oso famatua bilakatzen ari da munduan Twitch plataforma. Zer dela eta?

Gaur egun, telebista tradizionala geroz eta gutxiago kontsumitzen da, batez ere, gazteengandik eta nerabeengandik. Gehiengoa Internet bitartez ikusten da, esaterako, Netflixen, HBOn, Youtuben edota, azken urtean, Twitch plataforman. 

Twitch oso famatua bilakatu da bat-batean ikusle asko bereganatu dituelako. Hein handi batean, Youtuber gehienak plataforma honetara igaro zirelako. Gainera, gazteei asko gustatzen zaie gustuko duten pertsonaia famatuekin hitz egiteko aukera hori edukitzea.

Gauzak horrela, etorkizun laburrean telebista tradizionalak maldan beherako norabidea hartuko du?

Nire ustez, gaur egun telebista gainbeheran dago. Ez dugu etorkizun hipotetiko batetaz hitz egin behar telebista geroz eta gutxiago kontsumitzen dela ikusteko. Plataforma digitalek telebistari ikusle asko kendu dizkiete. 

Nolako edukiak helarazten dira Twitchen? 

Esango nuke, zuzenekoen ehuneko handi bat bideojokoei buruzko dela. Dena den, edozer eduki streameatu dezakezu; esaterako, musikari, telebista saioei eta marrazketari buruz, beste askoren artean. Naiz irratiak, "Bigarren kafea" izeneko saioa igortzen du Twitch bitartez, beste adibide bat jartzearren. 

Gomendiorik Twitchen zuzenekoak egiten hasi nahi duenarentzat?

Ez naiz esperientzia luzeko streamerra, zeren eta euskal komunitatea orain dela gutxi sortu baitzen, nahiz eta jada zuzeneko ugari egin ditudan. Baina hasiberri bati esango nioke lehendabizi kamerak eta audioak ondo funtzionatzen duen ziurtatzeko. Horrez gain, plataformara eduki interesgarria eramatea ezinbestekoa da. Gainera, ikusle gehiago lortzeko garrantzitsua da ezagutzera eramatea, horretarako, sare sozialak erabiltzea gomendatzen dut. Existitzen den euskal komunitate bakarra Twitterren dagoela esango nuke. 

Askok galdetzen dute zergatik Ibai Llanos eta bestelako streamerrek horrenbeste diru irabazten dute. Nolakoa da dirua irabaztearen prozesua?

Twitchen dirua irabazteko, lehenik eta behin baldintza batzuk bete behar dira; hau da, bataz besteko 3 ikusle, eta 50 jarraitzaile baino gehiago eta hilabetero gutxienez 50 orduz streameatzea. Horiek bete ostean, harpidetzak lortu eta dohaintzak jaso ditzazkezu. Harpidetza zeure kanalari laguntzeko diru kantitatea da. Horrez gain, dirua iragarkien bitartez irabazi daiteke. Adibidez, Ibai Llanos famatuak diru izugarria lortzen du, jarraitzaile ugari dituelako eta iragarkiak jartzeagatik asko ordaintzen diotelako. Berdina beste streamer famatuekin. 

Bestalde, mundu hori oso erdalduna izan ohi da, baina 3000 Twitz izeneko ekimen bat martxan jarri zen duela gutxi.

Azaroan eta abenduan Iruñe Astiz (Arkkuso) eta Ainhoa Azkue (Nebukai) streamerrak batu ziren Twitch plataformari euskarazko etiketa jartzea eskatzeko. Gauzak horrela, 3.000 Twitz ekimena sortu zen. Kanpaina honekin zera lortu nahi da, hiru mila firma euskarak bere lekua edukitzeko zuzenekoen plataforman. Jada 4.255 bozka jaso dira, baina Twitchen esku dago aukera hori martxan jartzea. Esaterako, katalanek 2.905 bozkekin lortu zuten beren hizkuntza txertatzea. Ez dakit zer gehiago nahi duten. Askok galdetuko dute, zertarako balio du euskarazko etiketak? Bada, bilaketetan euskarak eta euskal streamerrek presentzia handiagoa edukitzeko. Bilaketak egin daitezke hizkuntzaren arabera. Oso aberasgarria da euskal komunitatearentzat, baita euskararentzat ere.

Arestian esan bezala, bi streamerrek bultzatu zuten arren euskaratze prozezua, Game Erauntsia bideojokoen euskal komunitatearen sostengua eduki zuten. Nolabait esateko, euskal gamerrak mugitzen diren gunea da.

Zein streamer euskaldun nabarmenduko zenituzke?

Musikaren arloan, Pubguitar. Solasaldiak egiten dituztenen artean, hasiberria den Aiora probatxoa eta Arkkuso. Bideojoko klasikoen arloan Zitalko aipatuko nuke. Baina euskal streamer ugari daude, zeuen kabuz bilatu ditzakezue. Merezi du.

Elkarrizketa ulergarriago egiteko oinarrizko hiztegia

  • Streaming: Internet bitartez egiten den bideoaren eta soinuaren zuzeneko igorpena da. Streamer-ak (zuzenekoaren egilea) egiten duena zuzenean ikusi eta entzun daiteke. Horretarako, askotariko plataformak baliatu daitezke, esaterako, YouTube, Instagram edota Twitch.
  • Twitch: Zuzeneko transmisioak egitea ahalbidetzen duen plataforma bat da. Bere funtzio nagusietako bat bideo-jokoak zuzenean emititzea da; YouTube lehiakide nagusitzat du. Baina mota guztietako edukiak igorri daitezke.
  • Gamer: Ingeles jatorriko hitza da eta bideo-joko jokalariei erreferentzia egiten die. Egun, gazteen artean oso erabilia den terminologia da.
  • 3000 Twitz: Twitch plataforman euskarazko etiketa lortzeko sortu den ekimena da. Jendeak zuzenekoak euskaraz egitearen alde bozkatzen du, plataformak euskara ofizialki onar
    dezan.
  • Game Erauntsia: Bideojokoei buruzko euskal komunitatea da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!