"Euskal doinuak jazz eta latino estiloekin nahastu ditugu"

Xabier Lasa 2021ko ots. 12a, 09:00
Imanol Iribarren, Bastero plazan

Imanol Iribarren musikariak Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin batera, kontzertua eskainiko du ostiral honetan Bastero Kulturgunean. Festa eta dantza doinuak nagusituko dira.

Imanol Iribarren tronboi eta piano jole andoaindarrak Aldapeko Basque Latin Jazz izeneko taldea osatu berri du. Abesti sorta konposatu du dagoeneko, eta Euskal Herrian, Andoainen bere jaioterrian eskainiko du lehenbiziko kontzertua zuzenean.

Zure proiektu pertsonalaren emaitza da taldea. Definituko zenuke zer musika mota jorratzen duen taldeak?

Euskal tradiziotik datozkigun doinuak oinarri izanda, erritmo latino eta jazzeko armoniak erabiltzen ditut, nolabaiteko fusioa egiteko. Nire gogoari kasu egin diot hiru inspirazio iturri hartuz: euskal tradizioa, jazza eta erritmo latinoa. Musikari gisa daukadan nortasuna proiektu honetan definituta geratzen da, eta  harro nago musikagintzan hartu dudan bideagatik. 

Esango nuke hiru musika generoen jarraitzaileak asetzeko modukoa dela abesti sorta. Euskal herritarrari berehalakoan mugituko dizkiote barruak, eta ziur nago gozatuko duela jazzaren eta latinoaren ukituekin hartzen duten aire berriarekin. Bestalde, jazz zaleak eta latinoen zaleak ere identifikatu egingo dira; euskal doinuekiko interesa piztuko zaie, edota lehendik ezagutzen badute ere harekiko zeukaten kontzeptua aldatzen hasiko dira.

Basteron eskainiko duzuen kontzertua deskribatuko zenuke?

Dagoeneko 12 bat pieza sortu ditut, eta ordu eta laurden edo ordu eta erdiko  iraupena eduki dezake kontzertuak. Bizia izango da, doinu dantzagarriez betetakoa. Aproposa, esate baterako, inauterien boladarako, nahiz eta festa giroa galarazita eduki pandemia dela-eta; errepertorioko abestietako bat Tolosako habaneraren aldaketa bat da, beste bat, berriz, kalejira girokoa...

Taldearen izenak izango du zerikusia bultzatu nahi duzun fusioaren kontzeptuarekin.

Hasteko eta behin, Aldapeko hitzak euskal abesti klasiko bati (“Aldapeko sagarraren…”) egiten dio erreferentzia. Basque, Latin eta Jazz segidako hitzak erantsiz gero, mezua argi definitua geratzen da: hiru musika genero unibertsalen arteko nahasketa egin nahi duela taldeak, alegia. Bide batez, eta umiltasunez esanda, iruditzen zait musika hau baliagarri gerta dakigula beharbada kanpoan horren ezagunak ez diren euskal doinuak gehiago nazioartekotzeko eta ezagutzera emateko; eta aldi berean, erakusteko posible dela euskal doinu horiek jazzarekin eta erritmo latinoekin nahastea. 

Euskal Herrian oso gutxi jorratu den bidetik zoazela esan daiteke?

Ez daukat horren kontzientziarik; nire intentzioa ez da gauza berritzailea sortzea. Gogoan nauzkan bi gauza egin ditut: taldearen osaketa zein abesti sortaren sorkuntza. Onak izan dira orain arte jaso ditudan kritikak, eta alde horretatik, pozez zoratzen nago.

Euskal tradizioko doinuak dituzu oinarri. Zenbat dago sormenetik?

Euskal doinuen moldaketak dira, hori egia da, baina aldi berean, zerotik hasitako sormen lana da, eta alde horretatik, zuzenean eskainiko dugun errepertorioa konposaketa berriez osatuta  dagoela direla esango nuke.

Nondik nora sortu zenuen taldea?

2017an Holandara masterra ikastera joan nintzen; berez, tronboiarekin jazza jorratzera joan nintzen, baina han, biziki erakarri ninduen unibertsitatean bertan topatu nuen musika latinoari buruzko sailak, Kubako erritmo latinoek batez ere. Era horretan, hasierako planteamendua pixka bat baztertu, eta ikasketak tronboiaren eta pianoaren artean banatu nituen. Azkenean, tesina, euskal musika tradizionala latin erritmoekin eta jazz armoniekin nahasteari buruzko ikerketa bilakatu zen. Ikerketa idazteaz gain, bi kontzertuek ere osatu zuten tesinaren aurkezpena 2019an; horretarako, doinuak sortu eta taldea osatu nuen, musikari honi eta hari deituta. Kontzertuetan entzuleek izugarri gozatu zuten, nahiz eta euskal tradizioaren aditzerik ez eduki. Geroztik, Andoainen, lehenbiziko aldia izango da elkartzen garela kontzertua eskaintzeko. Zaila egin zait zortzi musikariak batzea, are gehiago pandemiak jotako garaian; bost Euskal Herrikoak gara, bi Valentziakoak eta bat Madrilekoa. Oso musikari onak dira guztiak, musika ikasketak egindakoak eta instrumentu jole bikainak. Datozen egunetan, bi kontzertu emango ditugu (Hondarribian bigarrena), eta aldi berean, Elkar diskoetxean sartuko gara diskoa grabatzeko.

Zuzenean arituko diren musikariak

Aldapeko Basque Latin:

  • Imanol Iribarren: Pianoa.
  • Patricia Mancheño: Baxua.
  • Manu Pinzón: Bateria.
  • Eva Catalá: Kongak.
  • Peio Irigoien: Txistua, Tronpeta, Dultzaina.
  • Asier Ardaiz: Tronpeta.
  • Alvaro Jarauta: Tronboia.
  • Iñigo Corao: Tronboia.

Bastero Kulturgunean:

  • Otsailak 12an, osrtirala.
  • 19:00, 12 euro.

Instragam kontua:

Aldapeko_basquelatinjazz

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!