"Tratu on" programa aurkeztu dute Udaletxean

Aiurri 2021ko ots. 12a, 13:02

Alderdi guztietako ordezkariak bildu dira Udaletxean haurtzaroan tratu onak ematea helburua duen ekimenaren berri izateko. Prentsaurrekoan Maider Lainez alkateak, eta HeziZerb eta Educo taldeetako bi kidek hitz egin dute. 

Prentsaurrekoaren harira Udalak honako ohar hau zabaldu du: 

Azken urteotan, Andoaingo Udalak, Gizarte Zerbitzuen arlotik, urratsak eman ditu familiei eta haurrei zuzendutako programetan, eta hori guztia herrian lan egiten duten hainbat gizarte-eragileren baldintzarik gabeko lankidetzarekin: ikastetxeak, osasun-zentroak, etab.

Hala ere, Maider Lainez Andoaingo alkate eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakariaren hitzetan, “aitortu behar dugu, halaber, aurrerapen asko egin diren arren, oraindik ere haurtzaroaren arloan erronkak daudela. Hori dela eta, ni buru nauen Udaletik, beste urrats bat eman nahi dugu, eta Andoain haurtzaroari tratu ona emateko konpromisoa duen udalerri izan dadin lan egin nahi dugu”.

“Apustu instituzional horrek esan nahi du gure tokiko politikan haurren eskubideen kultura txertatu behar dela, eta hori tokiko jarduera-plan batean islatuko da, eta plan hori izango da haurrei zuzendutako ekintzen ardatza” nabarmendu du Lainezek.

Prozesu hori aurrera eramateko, Lainezek azaldu duenez, “HeziZerb eta Educoren laguntza teknikoa dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiet proiektu hau abian jartzeko Andoainen egin duten apustuagatik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!