Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen emanaldia

Xabier Lasa 2021ko ots. 19a, 09:00

Imanol Iribarrenek gidatzen duen Aldapeko Basque Latin Jazzek kontzertu dantzagarria eskaini zuen Basteron.

Pozik egon liteke Iribarren tronboi eta piano jole andoaindarra, aspalditxoan buruan zebilkien asmoa familiaren, adiskideen eta herriko musika zale ugariren aurrean gauzatzeko aukera eduki baitzuen joan den ostiraleko kontzertuan.

Euskal tradizioko doinuak eta erritmo latinoak uztartzea, eta emaitza jazz melodiekin zipriztintzea zuen amets, eta hainbat abesti osatu ditu grina horri erantzunez. Behin mamia edukita, jaki hori dastatzeaz gain publikoari dasta araziko dioten interpretatzaileak biltzea izan zen bere hurrengo zeregina. Kostata, baina egia esan, zazpi musika trebe batu zaizkio proiektura.

Andoaingo musikazaleentzat lehendik ere ezaguna da Imanol Iribarrenek daukan maitasuna pianoarekin hots zoragarriak ateratzeko, eta beste behin erakutsi zuen jakinduria hori. Baina bazegoen ikusmina taldeko beste zazpi instrumentu joleen presentziagatik.

Patricia Mancheño (baxua), Manu Pinzón (bateria), Eva Catalá (kongak), Peio Irigoien (txistua, tronpeta eta dultzaina), Asier Ardaiz (tronpeta), Alvaro Jarauta (tronboia), eta, Iñigo Coraok (tronboia) eskarmentu handiko musikariak direla erakutsi zuten Basteroko oholtzan.

Beharbada, Peio Irigoien irundarraren txistu bihurri, jostagarri eta indartsua da azpimarra litekeena, gainerako instrumentuen gainetik; harrigarria, bai txistuaren hots tradizionala gertu bizi duen euskal herritarrentzat, eta baita euskal tradizioa arrotz zaionarentzat.

Errepertorioari begira jarrita, zortzikoteak denetik eskaini zigun ia ordu eta erdiko kontzertu gogoangarrian: euskal agurra kubatar ukituarekin, inauteri giroko doinuen moldaketak, Irungo soka dantza nahiz Zortziko San Juanen bertsio libreak, Aldapeko sagarraren ikuspegi latinoa… Azken-azkenerako utzi zuten Eperrak Zuberoako abesti herrikoia.

Ezinezko maitasun baten kronika musikatuarekin amaitu zuen kontzertua Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak, baina musika maite duen eta sormenerako zailduta dagoen Imanol Iribarrenen aurkezpen polita egiteko balio izan zuen Basteroko kontzertuak.

Oso gutxitan urratu den bideari ekin dio Iribarrenek; pauso ausart, esperimental eta modernoaren bidez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!