Bizkarezurra zuzentzeko ariketen esku-liburua

Xabier Lasa 2021ko mar. 1a, 07:48
Imanol Etxeberria, Ama Kandida etorbideko Aurrera fisioterapia zentruan.

imanol Etxeberria  fisioterapeuta

Gizakiak bere egunerokotasunean dituen jardunetan eraginkortasuna, segurtasuna eta ongizatea helburu duen ezagutza zientifikoen multzoa da ergonomia.

Bada, zientzia horri heldu dio Imanol Etxeberria fisioterapeutak Ergonomia eserita lan egiten dutenentzat izenburuko esku-liburua idazteko. Edonorentzat argitalpen didaktiko eta erabilgarria.

Zerk bultzatu zaitu esku-liburua idaztera?

Andoaingo fisioterapia zentroan ia 20 urte daramatzat lanean, eta denbora horretan eskarmentu klinikoak adierazi dit bezero askok osasunarekin lotutako arazo latzak dauzkatela egunean ordu ugari eserita egoteagatik. Gorputzarentzat eta bizkarrezurrarentzat kaltegarria da erabat hainbeste ordu eserita egotea. 

Gaiari buruzko biografian gabezia handia ikusi nuen, eta horrek animatu ninduen, guztiei laguntza txikia emateko asmoz. Argi neukan gomendioen liburu praktikoa, didaktikoa eta onuragarria behar zela izan, argazkiez josita, eta nork bere etxean erabiltzeko aproposa, ondoan profesionalik eduki beharrik gabe. 

Zer moduzko harrera egin dio jendeak liburuari?

Ona, egia esanda. Gustatu zaio jendeari, oso praktikoa delako. 

Gaiari buruzko biografia eskasa dela esan duzu.

Merkatuan dagoena aztertzen aritu nintzen pixka bat, eta ohartu nintzen ergonomiari buruzko argitaratutakoa gehien-gehiena liburu potoloak eta astunak direla, batere ez erabilgarriak. Apenas jasotzen duten giza gorputzaren mugimenduak jorratzen dituen biomekanikaren ikuspuntua, ezta ere ariketa eta gomendio sorta norberak etxean egiteko.

Esate baterako, lantegietan zama-lanetan aritzen diren langileei dagokionez esku liburu ugari dago. Horrez gain,  ergonomiako ikastaroak ere ematen dira. Eserita aritu beharra daukaten langileentzat, ostera, gabezia antzematen da, lehen esan bezala. Lantegietan erabiltzen dituzte lan arriskuak prebenitzeko eskuliburuak, bai, baina hori kudeatzen duten teknikoak normalki ez dira fisioterapeutak izaten, eta ez dituzte lanpostuetarako egokitutako ariketa aproposak erabiltzen.

Bizimodu nahiko sedentarioa daramagu…

Halaxe da, makina bat ordu igarotzen ditugu eserita hainbat orduz, baita aulkian bazkaltzen edo sofan telebista ikusten ere. Gorputza posizio horretan edukita, enborreko giharrak ahultzen doaz, muskulatura malgua laburtzen du. Bipedoak gara gizakiok, eta bere egitura etengabe mugitzeko prestatuta dago.

Zein gomendio luzatuko zenituzke, esku-liburuan agertzen diren gorputz postura horiez gain?

Ariketa fisikoa neurrian egitea: korrika, igeriketa edozein talde kirola… Jarrera bipedoan egiten den edozein kirol, azken batean. Zuzenketa lunbarra da garrantzitsuena, eta bizkarrezurra malgua eta indartsua edukitzea.

Zer diozu modan diren spinningari edo ipar martxari buruz?

Eserita lanean orduak egin ondoren, jende asko gero bizikleta estatikoan egitera gimnasiora joaten da; azken finean, eserita segitzen du, nahiz kirola egin. Hobe da zutik egitea kirola, giharren zuntzak luzatzeko eta konpentsatzeko eserita egitearen eraginez bizkarrean ematen diren aldaketa gaizto horiek. 

Makilekin egiten diren kirolei dagokionez, gorputzeko lau adarrak (bi oinak eta bi besoak) erabiltzen dira, eta hortaz, energia gehiago xahutzen du batek. Gizakioi bi hankekin bakarrik ibiltzea komeni zaigula esango nuke, ikuspegi energetikotik, gorputzarentzat askoz ere onuragarriagoa delako. Bastoien laguntza egokiagoa ikusten dut artrosi handia daukatenentzat, belaunetako lan karga eta mina arintzeko. 

--------------------------

Datu jakingarriak

Ergonomia eserita lan egiten dutenentzat 

Edukia: 40 orrialde, 53 argazki.  

Bi bertsio: euskaraz eta gaztelaniaz.

Salgai: Imanol Etxeberriaren Aurrera fisioterapia zentroa (Bazkardo plaza, 7 behea, sarrera Ama Kandida etorbidetik; tel: 655 731 351 / 943 300 668), Ernaitza liburu-denda, Urrats inprimategia, eta, Sendaki eta Xixori belar-dendak.

Salneurria: 10 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!