Prebentzio neurri guztiak beteta, jaialdia aurrera doa

Aiurri 2021ko ots. 26a, 12:26

DEIadar elkarteak eta Andoaingo Udalak elkarlanean Piano Jaialdiarekin aurrera egitea erabaki dute. Larunbatean eta igandean ospatuko da, eta atariko modura Eskudero Kontserbatorioko ikasleek emanaldi berezia eskainiko dute.

Piano jotzaileen artean ezinbesteko hitzordua da, Andoaingoa. Are gehiago, Euskal Herri osoko musika eskolen egutegian garrantzia berezia hartu du. Gutxi-asko, ikasturtearen lehen hilabeteak lehiaketa honi begira daude. Pandemiak gizarte bizitza hankaz gora jarri badu ere, jaialdiarekin aurrera egitea erabaki dute. DEIadar elkartea da antolatzailea, Andoaingo Udalarekin elkarlanean burutzen duena. Laguntza handikoak zaizkie Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Loidi piano etxea.

Asteburuan ospatuko da, beraz, ehunka ikaslerentzat erreferentziazko jaialdia. Bastero kulturguneko auditorioa eta ekitaldi aretoan antolatuko da. Hamahiru  saiotan banatu dute jaialdia, "saio bakoitzeko parte-hartzaileak talde burbuila modura aritu daitezen. Saio bakoitzaren amaiera, ikasle bakoitzak unean bertan jasoko ditu dagozkion domina eta diplomak".

Segurtasun eta osasun arloko prebentzio neurri guztiak beteko dituztela iragarri dute, antolatzaileek: "Distantzia fisikoa mantendu eta musukoa derrigorrezkoak izango dira, eta segurtasun eta garbiketa protokoloak zorrotz jarraituko ditugu, partaide guztien ongizatea bermatze aldera".

300 partaide, aurtengo edizioan

Sei eta hamazazpi urte bitarteko 266 pianojoleek bakarlari modura parte hartuko dute. Javier Gonzalez Sarmiento Sari berezian, aldiz, hamabi eta hogeita lau urte bitarteko 23 piano-jole arituko dira. Guztira, 289 lehiakide. Jatorriari dagokionez, gipuzkoarrak (230), bizkaitarrak (38) eta nafarrak (18) dira nagusi. Horiez gain, Iparraldetik, Kantabriatik Mallorkatik partaide bana hurbilduko dira.

Omenaldi berezia Gonzalez Sarmiento musikariari

Aurtengo berrikuntza nagusiena Javier Gonzalez Sarmiento izena daraman Sari berezia izango da. Donostiar piano-jotzailearen 24 pieza laburreko bi bildumako piezak interpretatuko dituzte atal bereziko parte hartzaileek, Javier Gonzalez Sarmiento bera epaile lanetan arituko delarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!