Gaikako bilketan hobetzeko hitzarmena

Jon Ander Ubeda 2021ko ots. 27a, 07:50

"Andoaingo Ituna" sinadura-ekitaldia egin zuten aurreko ostegunean, Ipar Haizea ekimenak eta ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek. Eskualdeko Mankomunitatearekin batera, helburu nagusia gaikako bilketan sakontzea da.

Andoaingo hondakinen bilketa selektiboaren sustapenean, sentsibilizazio lanik handiena egiten duen eragilea da Ipar Haizea plataforma. Urteak darama, gainera, rol hori betetzen. 2020aren amaiera aldera kezka agertu zuten, gaikako bilketak beherakada nabarmena jasan zuelako: %60-62an kokatu zen, hilabete batzuk lehenago portzentaia %66 inguruan kokatu izan zenean. "Kezkaz ikusten dugu hori. Pandemiak ez du gehiegi lagundu, baina errefusaren irekiera mugagabeak kalte handia egin duela pentsatzen dugu", adierazi zuten otsailaren hasieran. Aiurriko Komunitatea atalean eskegi zuten idatzi berean "Andoaingo Ituna"ren berri ematen hasi ziren: "Azken hilabeteetan ituna lantzen eta aurkezten egon gatzaie Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko ezberdinei, adostasun amankomunetik abiatuta datuak hobetu ditzakegula sinistuta gaudelako. Horren emaitza da EHBildu, PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos alderdiek sinatzeko hautua egin dutela. Asko pozten gaitu horrek. Bide honek bere fruituak emango dituelakoan gaude".

Esan eta egin. Aurreko ostegunean egin zen sinadura ekitaldia Andoaingo Udaletxean. Konpromisoz beteriko ituna da, eta bere osotasunean betez gero, urrats handiak emango dira bilketa selektiboan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!