"Une oso hunkigarriak bizi izan ditugu"

Aiurri 2021ko ots. 27a, 08:01

Pandemia hasi denetik lehen elkarrizketa eskaini dio Aiurri astekariari Mila Olaizola Antiak. Andoaindar askok interes eta kezka handia agertu dute adinekoen egoitzako komunitatearekin.

Urtarrilaren 15ean jaso zenuten txertoaren lehen dosia, eta dena ondo joan zela adierazi zenuen. Poza hitza ere erabili zenuen. Azalduko zeniguke egun horretako giroa zer nolakoa izan zen San Juan Bataiatzailean?

Guretzat egun garrantzitsua izan zen. Egoiliarrek oso pozik hartu zuten txertoa, seguruenik, bizi duten egoera aldatuko delakoaren itxaropenarekin. Langileen aldetik beldur pixka batekin ere, txerto berria izanda, hein batean horren ondorioen beldur zirelako. Hala eta guztiz ere, gehiengo batek hartu dugu txertoa.

Erraz esaten da urte gogorra izan dela, baina zuenean bereziki gogorra izan da. Adineko jendea delako, kanpoan senideak dituztelako, langileen osasuna jokoan dagoelako... Nolakoak izan ziren hilabete horiek lanetik ateratakoan? Deskonektatzea ezinezkoa litzatekeela irudikatzen dugu.

Deskonektatzea benetan ezinezkoa izan zaigu, hilabeteetan zehar. Lana izan da gure lehentasuna denbora horretan guztian.

Zer da adinekoei gehien eragin diena?

Uste dut etxekoak ezin ikusteko aukerak pisu handiena izan duela egoiliarrengan. Egoera horrek areagotu egiten baitu bakartasun sentsazioa. Bestalde, beldurra ere hor egon da: gaixotzeko beldurra.

Suhiltzaileak desinfekzio lanetan, protokolo neurri zehatzak... zenbateraino aldatu da zuen egunerokoa egoitzan?

Erabat aldatu da. Egoitza berrantolatu behar izan dugu, goitik behera. Moduloka lana egin behar izan genuen, eta oraindik horrela jarraitzen dugu. Denontzat egoera berria izan denez, protokolo berri ugari aplikatu behar izan ditugu. Egoera hain aldakorra izanik, protokoloak ere aldatuz joan dira. Beraz, denbora honetan antolaketa mailako aldaketa pila izan ditugu.

Keinu politak egon dira, langileekiko eta egoiliarrekiko. Kaletxikitarren eta herrikideen artetik, bereziki.

Egia da, diozuna. Denbora tarte honetan guztian jaso ditugun keinuek aurrera jarraitzeko indarra eman digute. Egoiliarren senideengandik ere animo asko jaso dugu. Denbora honetan zehar oso lagungarria izan zaigu babes hori guztia.

Beldurra, ezjakintasuna, murrizketak..., zein adiera irudikatzen du ondoen bizi izan duzuena?

Beldurra esango nuke, batez ere pandemiaren lehenengo oldarraldian. Gerora, neurri berriekin lan egiten ikasten aritu garen heinean, lasaiago egin ahal izan dugu lan.

Zer nolakoa da egoiliarren senideekin izan duzuen harremana?

Saiatu gara senideei informazio eguneratua ematen, nahiz eta batzuetan ezinezkoa izan zaigun. Bereziki, lan kargaren ondorioz. Saiatu gara egoiliarren eta senideen arteko komunikazioari eusten, nahiz eta elkarren artean elkar ikusteko aukerarik ez izan. Deiak eta bideo-deiak egin ditugu, eta horietako askotan oso une hunkigarriak bizi izan ditugu.

Heriotza beti da albiste txarra, eta egoera honetan are gehiago. Bereziki min eman al du pandemia garaian egoitzara heriotza iritsi izana?

Denbora tarte honetan gertatu diren heriotzak gogorrak izan dira. Edozein pertsona, heriotzaren unea iritsita lagunduta egotea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Eta pandemiak, kasu batzuetan, ez digu horrela jokatzen utzi. Prebentzio neurri guztiak hartu behar izan ditugu, uneoro. Lehen aipatzen nuen egoiliarren gaixotzeko beldur hori. Gaixoaldian edo heriotza iristeko garaian lagunduta egotea nahi zuten, eta zoritxarrez errealitatea beste bat izan da.

Zorionez, halere, Gipuzkoan eragin gutxien izan duen egoitzatakoa Andoaingoa da. Hori adieraztea beharrezkoa da.

Gure ustean pandemiaren lehen olatua libratzean zorte handia izan genuen. Kasu positiboak izan ditugun aldioro egoera kontrolatua zegoen, eta horrela gu lasaiago aritu gara. Emandako kasu positiboetan, gainera, gehiengoak sintomatologia txikia izan du eta osatze ona izan dute.

Langileen aldetik izan duten joera, oro har, nola azalduko zenioke Aiurriko irakurleari?

Uste dut langile guztien inplikazioa izugarria izan dela, nahiz eta une oso gogorrak pasa. Ez dute inoiz amore eman, eta hor egon dira lanari tinko eusten. Eskertu beharreko da izan da, zuten guztia eman dutelako.

Itzul gaitezen berriro txertaketara. Egoera nabarmen bideratzen lagunduko du txertaketak?

Esperantza horrekin gaude. Une honetan nabari da, orokorrean, adinekoen egoitzatan kasu berrien kopurua erabat jaitsi dela, eta hobekuntza horrek lasaitasun handia dakar. Denbora pixka bat gehiagorekin, eta txertaketa gizartean zabaltzen doan heinean, protokoloak ere aldatuz joango diren esperoan gaude. Batez ere, egoiliarrek senideekin egoteko eta disfrutatzeko neurriak lasaituko direlako. Benetako beharra dutelako. Baina, noski, hori gertatzeko egoerak kontrolpean egon beharko du.

Gizartean zalantzaren bat egon zitekeen, baina zuen sektorean txertaketa ezinbesteko irtenbidetzat hartu da.

Bai. Bizi genuen egoera askoz denbora gehiagoz luzatzea oso zaila delako. Honezkero gure aiton-amonak aurreko bizimodua berreskuratzeko desiatzen daude, bizitzaz disfrutatzeko eta familiaz gozatzeko. Kontutan hartu behar dugu egoiliar gehienen bizitzak ibilbide motza izango duela, eta geratzen zaien denbora horretan gozatu eta bizitzari ahalik eta probetxu handiena atera nahi diotela.

Andoain aldean San Juan Bataiatzailearen inguruan zabaldu ditugun albisteek jarraipen zabal izan dute. Zer esango zenieke andoaindarrei?

Zaintzen jarraitu behar dugula, denon hobebeharrez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!