Futboleko eta eskubaloiko partidak jokatu dira asteburuan

Aiurri 2021ko mar. 1a, 10:11

Normaltasuneranzko bidean, berriro ere futbol eta eskubaloiko partidak jokatzen hasi dira. Oraindik ere, talde gutxi dira txapelketetan murgildu direnak.

Asteburuan Euskaldunako Ohorezko Erregional mailako gizonek eta Leizarango jubenil mutilen partida bana jokatu zuten. Bi taldeek etxean jokatu zuten, ikusleen gozamenerako. 

Futbola

Ohorezko taldeak Ordiziaren aurka jokatu zuen, Ubitarten. Aurkariak azkeneko postuetan kokatuta zeuden arren, norgehiagoka zaila eta gogor gisa aurreikusita zegoen. Biek ala biek puntuak ezinbestean behar zituzten. Gauzak horrela, andoaindarrak tinko eta irmo jokatzen hasi ziren, erasoan asmatzen eta defentsan sendo. Bi hutseko aldea edukitzera ailegatu ziren. Dena den, grin horrek gutxi iraun zuen, Ordiziko taldea agintzen hasi zen eta segituan bi gol sartu zituen. Irabazita zirudien partida, berdinduta amaitu zen.

Ordiziak sailkapenean aurre hartu dio Euskaldunari. Talde urdina azken aurreko postuan egonda, datozen partidei etekina ateratzen saiatu beharko du; datorren asteburuan, Añorgaren aurka jokatuko du, etxetik kanpo.

Eskubaloia

Asteburuan hiru partida jokatu ziren elastiko urdin-horiarekin. Helduenetik hasita, seniorrek maila izugarria erakutsi zuten Egiaren aurkako partidan. Guztiz mendean hartu zituzten (31-18). Lurraldeko 2. mailan hirugarren postuan sailkatuta daude. Hurrengo partida, Txingudiren aurka jokatuko dute etxetik kanpo.

Gizonezkoen jubenil mailakoak ere nabarmen gailendu ziren. 35 eta 10eko emaitzarekin, Ordiziako taldearen gainetik igaro ziren, mendean hartu zituzten. Garaipenarekin lehen postua eskuratu dute. Datorren astean, ez dute partidarik edukiko, atsedena baitute. 

Emakumekoen jubenil taldeak, berriz, denboraldiko lehen norgehiagoka jokatu du, baina zoritxarrez ezin izan du garaipena eskuratu Ereintzaren aurkako partidan (21-23). Gauzak horrela, datozen partidei begira lanean jarraituko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!