Gizon batek hainbat emakumeri egindako mehatxu matxistak gaitzetsi dituzte Goikoplazan

Aiurri 2021ko mar. 2a, 22:06

Maialen Mujikak irakurri du oharra: 

Azken urtean mundua aldatu egin da, inoiz imajinatuko ez genukeen bezala Covid19aren pandemiak astindu egin gaitu eta ondorio sozial larriak eragiten ari da. Testuinguru horretan, esanguratsua izaten ari da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren gorakada. Konfinamenduan zehar izandako egoerek agerian utzi dute benetako egoeraren larritasuna.

Eta Andoain ez dago errealitate horretatik kanpo. Azken hilabeteetan, Andoainen bizi den gizon batek jazarpen eta mehatxu matxista larriak egin dizkie Andoaingo hainbat emakumeri.

Indarkeria matxista desagerrarazteko, argi dago ez dela nahikoa gaitzespen-adierazpenak eta elkarretaratzeak antolatzea, baizik eta arazoaren errora jo behar da. Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek ekiditeko eta desagerrarazteko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, eguneroko bizitzan horiek justifikatzen edo babesten dituzten egiturak identifikatuz. Eta guztiok hartu behar dugu konpromezu hori. Hitzetatik ekintzetara jauzi eginez.

Gure erabateko babesa adierazten diegu erasotik haratago bizirauten saiatzen ari diren emakume guztiei, eta eskatzen dugu iker dadila beharrezkoa dena, testuingurua eta erasoen aurretik dagoena. Emakumearen bakardadea sahiestuz eta erasotzaileen irudia ukitu gabe geratu ez dadin.

Hau horrela Erakundeei eskatzen diegu ezar ditzatela egiturazko indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoak diren protokoloak, itunak eta adostasunak, gai honek agenda politikoan lehentasuna izan dezan, eragile guztien parte-hartzearekin, gizarte osoaren arazoa baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!