Kronika, itsasoaz bestalde

Alba Cabrera 2021ko mar. 18a, 09:00

Txileko egonaldiaren gainean mintzatu zen joan den astean Amaia Armendariz, “Emakume gazte bidaiariak” egitasmoa medio: herrialdeaz, bertako gastronomiaz, emakume izateaz eta gizarte istiluez, besteak beste.

"Aldaketa bat nahi nuen nire bizian. Beste kultura baten berri izan nahi nuen, jendea ezagutu eta nire egunerokoa aldatu". Hala, sei hilabetez, maletak hartu eta Txile aldera egin zuen salto Amaia Armendarizek orain pare bat urte, hain zuzen, kapitalera, Santiago de Txile hiriburura.

Gizarte Langintza ikasi du andoaindar gazteak eta, bere jakintza-esparruan gizarteko testuinguruak berebiziko garrantzia duenez gero, mugikortasun-bekari eutsi zion Ozeano Atlantikoaren beste aldera igarotzeko. Aurreikuspen altuekin joan zen Armendariz Txilera, ikasketen zati bat atzerrian egin ohi duen ikasle oro lez: "Gogo handiz nengoen; lagun asko egin, bidaiatu, pixka bat ikasi eta parranda luzeak bota".

Txile kolonialismo europearraren eta kultura indigenaren bateragunea dela dio gazteak: "Esan ohi da, Argentinarekin batera, Mendebaldeko kulturara gehien sustraitzen den herrialdea dela Latinoamerikan. Hala ere, komunitate indigenak, eta, batez ere, Maputxe herriak, indar handia du". Hara iritsi bezain pronto ohartu zen euskaldunen oso bestelakoak direla txiletarrak: "Gurekin alderatuz gero, oso irekiak dira, eta oso jatorrak hasieratik. Oso gustuko dute festa, eta kalean egotea dute gogoko, jendearekin biltzea".

Gastronomiari dagokionez, ezustekoa hartu zuen, izan ere, haren iritziz, ez zen oso bestelakoa bertako sukaldaritza. Dena den, edari bereziak probatzeko aukera izan zuen: besteak beste, pisko-a, alegia, bertako destilatua, edota terremoto-a, izozkia daraman edaria.

Barbakoaz barbakoa, edota, Txilen esan ohi den bezala, "asadoz asado" egoteko aukera izan zuen, baita bertako "Fiestas Patrias" delakoez gozatzeko ere; horietan, herrialdearen independentzia ospatzen dute, irailaren 18aren bueltan.

Txiletarra eta emakumea

Aste barruko ohiturari eutsita, unibertsitatera joan zen iraileko egun normal batez Armendariz. Alabaina, ezohiko egoerarekin egin zuen topo: fakultateko pareta guztiak, goitik behera, paperez estaliak zeuden, eta horietan, gizon baten aurkegia ikus zitekeen, gizon erasotzaile baten aurpegia. “Es un abusador, lo queremos fuera de la universidad”, zioen irudiak. "Kaleko jazarpena handia zen", du gogoan andoaindarrak, "txistu egiten zizuten eta zu geratzeko gai ziren, baita basakeriak esateko ere". Hori dela eta, egonaldiaren hasieran, unibertsitateko koordinatzaileak bakarrik ez ibiltzeko gomendatu zien berari zein bere lagunei.

Dena den, kemen handiko emakumez inguraturik sentitu zen Armendariz: "Protestak zein manifestazioak egiten zituzten; ahaldunduta zeuden, ez zuten beldurrik ahotsa altxatzeko eta beren aldarrikapenak egiteko". Armendarizen egonaldian hasitako gizarte borrokan ere emakumeen indarra nabaria izan zen.

'Txile esnatu da'

Metroko tiketen prezioa garestitu zuen Txileko Gobernuak orain bi urteko urriaren 8an. Hautsak harrotu zituen horrek, baita Txileko herriaren haserrea eragin ere. Hala, hamar egun beranduago, urriaren 18an, egun, oraindik ere bizirik dirauen borrokari ekin zioten herritarrek. Arratsaldea zen, eta unibertsitatean zegoen Armendariz. Bat-batean, koordintzailearen mezua jaso zuten, eta haren jakinarazpenari men eginez, klasea amaitutzat jo zuten: "Klaseak amaitu zirela esan zigun, baina ez genekien zer dela eta". Horiek horrela, lagun baten etxera joatea erabaki zuten, eta metro-geltokira gerturatu orduko oihuak entzun zituzten: "Metro-geltokiari su ematen ari ziren; manifestazioa egiten ari ziren".

Ikasleak jo ditu borroka horren motoretzat andoaindarrak, baina herri osoaren babesa zuten atzean. "Aski dela esan zuen jendeak. Aski da, ez tiketen igoeragatik, horren atzean dagoen guztiagatik: zerbitzuen (osasungintza, hezkuntza...) pribatizazioa, bizitzen prekarietate nabarmena, soldata eskasen egoera eta bizitza duinaren prezio garestia". Horrez gain, herritarrenganako poliziaren jazarpena ere salatu nahi zuten; Armendarizek nabarmendu duenez, indigenen kontra, kasu: "Beren lurrak eta ohiturak babesten dituzte, baina zenbaitek ez dute hori begi onez hartzen. Ondorioz, sufrimendua eragiten diete, hilketa asko izaten dira".

Azkar baino lehen ezarri zuen Gobernuak etxeratze-ordua. Gainera, La Moneda Jauregitik gertu bizita, are handiagoa zen poliziaren kontrola Armendariz bizi zen auzoan. "Ez zen hasieran ezagutu genuen Santiago de Txile bera". Hala ere, esperientzia bizitzen jarraitu nahi zuten, nahiz eta oso gogorra izan. Beste 9 kiderekin bizi zen etxean andoaindarra eta ados agertu ziren guztiak protestaren muinarekin; ondorioz, argi zuten, borrokaren protagonistei, txiletarrei, babesa luzatu nahi zieten: "Manifestazioetara joaten ginen, eta gure etxetik gertu negar-gasa bota orduko, gure etxean babesteko aukera ematen genien herritarrei". Hori dela eta, hamaika bizipenen berri izan zuten: "Ama gaixo zuen batek, baina bere soldatarekin eta amaren jubilazioarekin ez zuten osasun-arreta jasotzeko adinako dirua biltzen".

Goitik behera eta bat-batean aldatu zitziaon egonaldia andoaindarrari, baina oso baliagarria izan zen beretzat ulertzeko zein nolako boterea duen herri batek indarrak batzen dituenean: "Herria etsaia zela esan zuen Piñera presidenteak; hor ikusi zen zein boteretsua den herria".

Emakume, gazte eta bidaiari

Joaten ziren lekura joanda ere preziorekin xixkatu egiten zieten txiletarrek, turista izateagatik. Oro har, taldean bidaiatu zuten neskek zein mutilek, Txilen barrena, baita ondoko herrialdeetan zehar ere. Ez zuten arazorik izan, ez eta soilik neskek bidaiatu zutenean ere: "Hala ere, ezinegon handiagoa sentitzen duzu, errespetua ematen dizulako". Bere burari erronka bat jartzeko beta eman zion egonaldiak: bakarrik bidaiatu zuen Argentinako Iguazu ur-jauzietara. Bertan, askotariko errealitaterekin egin zuen topo, besteak beste, bikote batekin harreman estua egin zuen: "Perukoak ziren, baina bertan ezkontza homosexualak baimenduta ez daudenez, Argentinara joan ziren".

Intuizioari men egiten ikasi zuen Armendarizek, eta azpimarratu du ahalduntzeko aukera paregabea izan zela: "Oso esperientzia onak bizi izan genituen, jende jatorrez inguratuta". Horrenbestez, munduari begiratzeko modua aldatu zitzaion: "Irekiagoa naiz orain, eta lotsa gutxiago dut jendearekin harremantzeko. Bidaiatzeko grina piztu dit bizipenak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!