"Andoain Laburrean" bideo lehiaketan parte hartu duten lanak, ikusgai dagoeneko

Xabier Lasa 2021ko mar. 17a, 14:14

Saritutako hiru laburmetraiak, eta baita aurkeztutako gainerako bideoak ere dagoeneko ikusi litezke sarean, Andoaingo Udaleko Euskara sailaren www.andoaindarraeuskaraz.eus web orrian hain zuzen. Amesgaizto baten istorioa kontatzen du “Distopia” bideoa irabazleak; laguntasuna aldarrikatzen du “Atzokoa” bigarren sarituak; eta, Otietako lamiak ditu protagonista “Ilargi” laburmetraiak, hirugarren geratu denak.

Halaber, Basteron otsailaren 18an egin zen sari-emate ekitaldia ere ikusgai jarri dute web orrian.

Aurtengo edizioan hamairu lan aurkeztu dira Andoaingo gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta sormena bultzatzeko helburuarekin antolatzen den bideo lehiaketara. Genero eta estilo desberdin jorratzen dituzten lanak aurkeztu dira VI. edizio honetara, eta hiru nabarmendu zituzten:

1.- “Distopia”. Amesgaizto baten iradokizuna, kamera subjetiboan hain egoki islatu izana nabarmendu dute. Egileak: Iratxe Sotil, Nerea Garmendia, Mikel Esteban eta Julene Zaballa. 400 euroko diru-saria.

2.- “Atzokoa”. Beste pertsonei egindako irainekin bukatu, eta laguntasuna aldarrikatzen duen istorioa, irudia eta off ahotsarekin hain egoki uztartzeagatik. Egileak: Maddi Davila eta Ainhize Pedrero. 200 euroko saria.

3.- “Ilargi”. Gure arbasoek helarazitako kondairak hain maisuki hezurmamitzeagatik. Egileak: Nerea Berroeta, Sandra Vicente, Nora Blanco eta Monica Rivero. 100 euroko saria.

Ikus-entzunen munduan aditu eta arituak diren hiru pertsonek osatu zuten epaimahaia: Gaizka Izagirre, laburmetraien egile, Gaztezulo aldizkariko zuzendari eta telesailen kritikaria, Aitziber Garmendia aktore eta bakarrizketa-egilea, eta, Iker Casado hiru edizioen irabazle eta Gazte Lokaleko monitorea.

Andoain Laburrean bideo lehiaketa 2015 urtetik Udalak eta ESCIVI-k elkarlanean antolatzen duten txapelketa da, eta ekitaldian egon zen zine-eskolako irakasle eta lehiaketaren koordinatzaile den Ainhoa Aiertza ere.

Irabazleek, Maider Lainez alkatearen, Alexander Huitzi euskara zinegotziaren eta Andoni Alvarez eta Tere Santano zinegotzien eskuetatik jaso zituzten sariak.

Huitzik herriko gazteei euskaraz sortu eta gozatzeko lehiaketak eskaintzen dien aukera azpimarratu zuen: “Euskara bizirik eta indartsu nahi badugu etorkizunean, normaltasunez eta naturaltasunez ahalik eta leku gehienetan erabili behar dugu. Gazteen gaur egungo komunikazio bitarteko naturala ikus-entzunezkoa da eta, hori horrela, eduki interesgarriak euskaraz sortu eta gozatu ahal izatea funtsezkoa da”. 

 

"Ilargi", Unanibiko lamiekin

Otietako parkean, Unanibiko zubian errodatu zuten “Ilargi” da hirugarren saria jaso zuen laburmetraia. Nerea Berroeta, Sandra Vicente, Nora Blanco eta Monica Rivero dira bere egileak: “Euskal Herriko kondaira tradizionalaren bat eta leku enblematiko bat uztartzea gure hasierako asmoa, eta Unanibiko zubira joan ginen, euskal mitologiako lamien inguruko istorio bat kontatzeko. Talde heterogeneoa osatu genuen, eta izugarri ikasi dugu errodajean zehar, izan ere, denetik egin behar izan dugu; ohartu gara horrela ikasten dela benetan zer den filma bat errodatzea. Aktore lanetan probatzea ere tokatu zaigu, eta egia esan, nahiago kameraren atzean aritu, aurrean baino!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!