Dantza filma eta Andoaingo Rock Jaialdia ardatz dituzten bi erakusketa Basteron

Xabier Lasa 2021ko mar. 22a, 10:49

Dantza filmaren eta Andoaingo Rock Jaialdiaren inguruko erakusketa bana iragarri dituzte martxo, apiril eta ekainerako, Basterok eskaintzen duen udaberriko kultur programazioaren baitan. Bi erakusketen egile diren Koldobika Jauregi eskultorea eta Xabier Artola eta Juxe Areta argazkilariak aurkezpenean izan ziren.

 

Koldobika Jauregik, Juan Urbeltz folkloristaren teorietatik abiatuta eta estetika tradizionala eta garaikidea uztartu nahian, diseinu artistikoak sortu zituen Dantza filmerako, eta horiek izango dira erakusketaren zutabe. Zehazki, jantzi horiek, euren zirriborroak, atrezzoko hainbat elementu eta gainerako osagarri eta bitxi biltzen ditu erakusketak.

Gainera, Xabier Artola argazkilariak filmaren errodajean atera zituen zenbait argazki erantsi zaizkie Jauregiren sormen lanei.

Erakusketa berean, Andoainen Santakrutzetan eta Sanjuanetan dantzatu ohi diren Ezpata Dantzako eta Axeri Dantzako jantzi bana ikusgai izango dira. Martxoaren 31n irekiko dute erakusketa. Gogoratu behar da 200 dantzarik hartu zutela parte Dantza filmean, eta horietatik batzuk Urki dantza taldekoak izan zirela. Filma 2019ko urtarrilean Basteron proiektatu bezperan, Urkiko Leire Esnaolak iritzia plazaratu zuen Aiurrin, errodajeko bizipenak kontatuz.

 

Rock Jaialdia, irudietan

Juxe Areta Goñi Errenteriako argazkilariak osatuko du bigarren erakusketa, ekainean. Argazkilaria eta rock zale amorratua da, eta bi alderdi horiek modu jarraituan uztartu izan ditu Andoaingo Rock Jaialdiko edizio guztietan, Nafarroa plazan. Musika taldeekin oholtza gainean ez ezik plazan sortzen den giroa eta bertan biltzen diren ikusleekin erretratu pertsonalak egin izan ditu, eta horiekin argazki-bilduma jarriko du ikusgai erakusketan.  

Argazkian, Xabier Artola argazkilaria, Koldobika Jauregi diseinatzaile artistikoa, Txitxu Ruiz Kultura zinegotzia, Iyuya Urrutia kultur teknikaria eta Juxe Areta argazkilaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!