'Dantza' filmean erabilitako jantziak

Xabier Lasa 2021ko mar. 29a, 09:00

Martxoaren 31n irekiko ditu ateak, Basteroko erakusketa berriak. Koldobika Jauregik "Dantza" filmerako diseinatutako jantziak eta Xabier Artola argazkilariak grabaketan egindako argazkiak ikusi ahal izango dira bertan, hainbat azalpenekin batera.

"Dantza" filmaren eta Andoaingo Rock Jaialdiaren inguruko erakusketa bana iragarri dituzte martxo, apiril eta ekainerako, Basterok eskaintzen duen udaberriko kultur programazioaren baitan.

Sinbologiak garrantzia handia hartuko zuen filma errodatzea izan zen Telmo Esnal zine zuzendariaren hasiera-hasierako asmoa; bizitzako zikloa irudikatuko zuen dokumentu ikusgarria nahi izan zuen sortu, alegia. Eta Juan Urbeltz folkloristaren teorizatutako interpretazioez baliatu zen, horretarako. Aldi berean, Koldobika Jauregiri eman zion filma estetikaz janztearen ardura: dantzarien jantziak zein horiekin errodatu beharreko eszenetarako inguruan behar den elementu-multzoa edo atrezzoa diseinatzeko ardura, hain zuzen.

Alkizako artistak, Urbeltzen teorietatik abiatuta, estetika tradizionala eta garaikidea uztartu nahi izan zuen, eta edertasun formal handiko diseinu artistikoa sortu zuen, kolore biziak nabarmenduz.

Jantzi deigarri horiek erakusteko aukera emateaz gain, horiek irudikatzen dituzten esanahiak azaltzea da erakusketaren helburu nagusia, Jauregiren ustez: “Dantzaz dantza aurrera doan filma da "Dantza", abailan doa ikuslearentzat, ordu eta erdiko iraupenarekin. Bada, erakusketa filma geldiarazten ahalegintzen da; ikusleari azaldu nahi dio halako edo holako dantzetan dantzariak zergatik janzten diren modu horretan, zergatik erabiltzen dituzten oihal horiek, zergatik atrezzo hori… Denak dauka bere sinbologia eta bere zergatia, atzetik”.

Ironiari heltzen dio “Baten batek galdetu izan dit ea sormen prozesuan zehar sustantzia sikotropikoren bat hartu ote nuen. Baina "Dantz"a filmaren atzean dagoena aztertuz gero, argi dago dantzen oinarria, Urbeltzen horiekin egindako ikerketa-lana eta bere sinbologia guztia islatzen dela. Eskema tradizionalekin jokatzen segitzen dugu askotan, eta iruditzen zaigu euskaldunok bakarrak garela folklorean eta beste hainbat kultur adierazpenetan. Baina egiaz, ez gara uste dugun desberdinak. Munduko beste kulturekin hartu eman handiak izan ditugu mendeetan zehar. Horrexegatik, filmak beste kultura horiekin zer nolako erlazioak dauzkagun islatu nahi izan du. Izan ere, geure dantzen jatorria aztertzen hasi, eta ohartzen zara bazter guztietan errepikatzen direla, gutxi asko. Esate baterako, Ameriketara lehen bidaiak egin zirenean, ez ziren soilik barkuak, pertsonak, militarrak… joan. Haiekin, kultur tradiziokoak ziren zenbait elementuk zeharkatu zuten itsasoa (jantziak, doinuak, dantzak…)”.

Estetika indartsuari eutsiz, filmeko euskal dantzak ikusleek geografikoki inon ez koka zitzaten nahi izan zutela aitortu du Jauregik: “Euskal Herriko folklorearen berri ez daukan Azerbaijan edo Frantziako herritar soil batek, gustura ikus zezala, horixe izan zen gure asmoa, alegia. Eta eginkizun horrekin asmatu genuela uste dut”.

Kolore bizien atalari dagokionez ere, uste okerrek guregan indar handia eduki dutela dio Jauregik. “Iruditzen zaigu jantzietako kolore guztiak beti izan direla gurekin, baita dantzarien gona gorria, edo Axeri Dantzako blusa! Gorri fuerte horiek, ordea, behinola Ameriketatik ekarritako koloratzaileak dira. Trikitia musika tresna, etxeetako teila…, makina bat elementu dauzkagu gure bizitzan, gure-gureak direla uste izan arren, berez, kanpotik hartu ditugunak. Azken batean, influentziak nonahitik etorri zaizkigu historian zehar. Eta tradizioa beti joan da mugitzen eta aldatzen; hizkuntza bezala, beste hainbat kultur adierazpen”.

Jantzien lagungarri gisa, argazki sorta ikusi ahal izango da Basteron. Xabier Artola da argazkien egilea: “Pribilegiatua sentitu nintzen errodajean argazkiak atera ahal izateagatik. Batzuetan sekuentziak behin eta berriro errepikatu behar izaten zituzten; dantzari eta teknikoentzat aspergarria gertatzen zen dinamika hori, igual bi egun behar izaten baitzituzten dantza saio bakoitza osatzeko. Nik, ordea, gozatu egiten nuen, jada ezaguna egiten baitzitzaidan zer sekuentzia zetorren segidan; dantza saioak ikuspuntu anitzetatik enfokatzeko aukera eduki nuen, era horretan. Gainera, argiteriari dagokionez, baldintza tekniko ezin egokiagoak eduki nituen lanerako, beti”.

Andoaingo Ezpata Dantza eta Axeri Dantza

Erakusketa berean, Andoainen Santakrutzetan eta Sanjuanetan dantzatu ohi diren Ezpata Dantzako eta Axeri Dantzako jantzi bana ikusgai izango dira.

Gogoratu behar da 200 dantzarik hartu zutela parte Dantza filmean, eta horietatik batzuk Urki dantza taldekoak izan zirela, Maider Callejon, Ainhoa Mujika, Eñaut Egaña, Andoni Alonso, Leire Etxeberria eta Koldo Antolinez, hain zuzen. Bestalde, urtetan Urkiko irakaslea izan zen Jokin Otamendi filmean protagonismo berezia hartzen duen dantzarietako bat da. Azkenik, Iñaki Arregi dantzari ohiak aholkulari lanak egin zituen filmaren grabaketan, Urbeltzekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!