Dardara dokumentala, Basteron

Aiurri 2021ko api. 2a, 09:08

Gorka Urbizu buru den Berri Txarrak taldeari buruzko dokumentala ikusteko aukera dago, Bastero Kulturgunean. Atzo eskaini zuten lehen saioa, eta gaurkoan bigarrena. 19:00tan hasiko da emanaldia.

Sinopsia:

25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi
mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat
egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia
horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara
dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak... denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.

Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.

Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTXen kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!