Erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko on-line saioa

Aiurri 2021ko api. 27a, 08:29

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Energia Argitu programaren esparruan eta Andoaingo Udaleko Hirigintza eta Ingurumen arloarekin elkarlanean, apirilaren 29an, 18:00etan, online tailer bat antolatu du energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutarazteko, energia erosotasunik galdu gabe eraginkortasunez erabiliz.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurretik izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik saiorako sarbidea ematea. Izena emateko, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 943 16 41 72/605 75 76 87
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Internetera sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko. Tailerrean sortzen diren galdera edo zalantzak txat bidez luzatu ahal izango dira eta, ahal den neurrian, saioan bertan erantzungo dira. Denborarik emango ez balu, mezu elektroniko bidez erantzungo zaizkie galderak partehartzaileei.

Saioa euskaraz edo gaztelaniaz jarraitzeko aukera izango da, itzulpen-zerbitzua egongo baita. Modu horretan, partehartzaileek nahi duten hizkuntza aukeratu ahal izango dute.

Jose Luis Verdasco Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak herritarrak animatu ditu saio honetan parte hartzera. Bertan, gure etxeetan erosotasunik galdu gabe gure fakturan aurrezteko gomendioak emango dizkigute.

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, herritarrentzako prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2021 urteko udaberrian zehar beste hainbat ON-LINE tailer eskainiko dira, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:

  • Energia berriztagarriak zure etxean...posible da! (maiatzak 13)
  • Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko
    eta osasuna irabazteko (maiatzak 27)
  • Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak (ekainak 9)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!