Santakrutzak gogoan 2021

Udal Musika Banda, pantailaren bestaldean

Xabier Lasa 2021ko mai. 2a, 08:00

Udal Musika Eskolako Bandak bideo berezia prestatu du Santa Krutz Martxaren inguruan. “Ez genuen nahi andoaindarrek bihotzean daramaten martxa entzun gabe gera zitezen”, adierazi du Emezabalek. Grabazioa maiatzaren 3an zabalduko da Aiurri.eusen.

Bi zati ditu bideoak, Emezabalek gaineratu duenez: “musikariek egin duten umorezko perfomance bat ikus daiteke lehenbizi, eta ondoren, jada denak instrumentuak eskuetan dituztela, Santa Krutz Martxa jotzen dute”.

Bandak berak editatu du bideoa; Mikel Emezabal Musika Bandako zuzendaria ez ezik, bideoarena ere bilakatu da oraingoan. Lanketa prozesua ez da oso erraza izan, zuzendariak aitortu duenez. “Azken laupabost hilabeteetan ezin izan gara bildu guztiok, elkarrekin jotzeko; seinakako taldeetan ari gara entseiatzen, eta zatiketa horrek eragindako zailtasunari aurre egin behar izan diogu. Era horretan, talde bakoitzak bere aldetik grabatu du Santa Krutz Martxa, eta gero, grabazio denak nahastu egin ditugu ordenagailuko programa baten bidez, kontzertu batean denok elkarrekin jotzen ari garela dirudi horrela”.

Azkenik, Emezabalek Bandako musika-jole guztien prestutasuna azpimarratu nahi izan du, eta kirolarekin analogiak egin ditu horretarako: “Pentsa zer izan behar duen arraunlari talde batentzat hilabeteetan talde txikietan entrenatzen aritzea jakin arren ezin dela lehiaketetan parte hartu. Bada antzera gaude; horrexegatik, nabarmentzekoa da astero entseguetan jartzen ari diren ilusio eta motibazioa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!