Estresa eta frustrazioa, Asuncion Klinikako langileen artean

Mikel Arberas 2021ko mai. 7a, 00:00
Andoaingo Asuncion Klinika.

Asuncion Klinikan egiten diren saioen murrizketak kezka sortu du osasun-langileen eta herritarren artean. Gauzak horrela, Aiurrik LAB sindikatuko Inko Iriarterekin eta Yoana Mendezekin, Jose Maria Iparragirre herritarrarekin eta fisioterapeuta batekin hitz egin du.

Iragan otsailean, Aiurrik albiste bat argitaratu zuen, Andoaingo Asuncion Klinikan pazienteen saioak 20 minutura murriztu zirela adierazten zuena. Zuzendaritzak azkar batean erantzun zuen, esanez, ezer ez zela aldatu errehablititazio saioen gainean. Baina ustezko murrizketek ezinegona sortu dute herritarrengan, izan ere, denbora laburragoz jasotzen dituzte tratamenduak. 

Zeresana ematen ari den gaia da, bereziki Tolosaldean. Klinikaren bertsioa murrizketa horiek ukatzea izan da. Baina langile batzuren kexaren tesia aitortu egiten dute LAB sindikatuko Inko Iriartek eta Yoana Mendezek. 

Fisioterapia saioen murrizketa

Andoaingo Asuncion Klinikako kasua aintzat hartuta, pazienteek jasotzen dituzten saioak 20 minutura murriztu dira hainbat klinikatan, jakinda lehen 30 minutukoak zirela. % 33ko murrizketa egon da, beraz. Egoera horri, pandemiaren garaiko oztopoak gehitu behar zaizkio; hau da, terapia-gunea eta pazienteak ukitzen duen guztia une oro garbitzea, horrek dakarren denbora galerarekin. LAB sindikatuko ordezkari Iriartek eta Mendezek adierazi dutenaren arabera, “murrizketa berri horrek, sekzioko langileengan eragina du eta, noski, erabiltzaileei modu zuzenean eragiten die”. 

INVIZAk bere kabuz hartutako erabakia izan dela salatu dute sindikatuko kideek.

Egoera horren aurrean kexu agertu dira pazienteak, baina modu anonimoan: “Jakin behar duzue, pasa den urtean bi hilabetez errehabilitazio-gunea itxita egon zela egoera epidemiologiko kaskarragatik. Fisioak ERTEra bidali zituzten. Egun, pandemiako datuak antzerakoak izanda, pandemia aurreko paziente-kantitate bera dugu, hots, hiru paziente orduko. Horri, desinfekzio lanak gehitu behar zaizkio”. Ez hori bakarrik, LABeko kideek aitortu dutenez, “bolo-bolo dabil Tolosaldean, egun, fisioak mehatxupean daudela eta inork zerbitzuen murrizketa salatzen badu kaleratua izango dela”. 

Yoana Mendez eta Inko Iriarte LAB sindikatuko kideak.

Asuncion Klinikako langileak adierazi duenez, pazienteek sendatzeko sesio gehiago beharko dituzte; beraz, denbora luzeagoz egon beharko dute min hori jasaten. Egoera horrek guztiak, pazientearen egoera animikoan eragin negatiboa eduki dezakeela azpimarratu du. Ez hori bakarrik, ariketak ondo egitea ezinbestekoa da, pazienteak errehabilitazio egokia izan dezan; beraz, ariketak egiten dituzten bitartean gainbegiratzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du fisioak: "Zoritxarrez, ez daukagu denbora gauzak gure lana behar bezala egiteko. Denbora juxtuarekin ari gara lanean". Gauzak, askotan, ikuskapenik gabe egin behar izaten dituzte. Lanean aritzeko baldintza zailak dira. 

Inko Iriarte eta Yoana Mendez LAB sindikatuko kideek argi adieraztu dute: “Gaia laborala eta soziala da. Osasungintza publikoa ezinbestekoa da, ospitale publikoak behar ditugu. Zera eskatzen dugu, Arrasateko herritar batek duen zerbitzu bera edukitzea, ez hobea eta ez kaskarragoa”. 

INVIZA enpresa

Tolosaldean osasun alorreko zerbitzua eskaintzen duena  Asuncion Klinika da, INVIZA enpresak kudeatzen duena. Jesus Gomez Montoya enpresaria burua da. Montoya beste hainbat enpresen jabe da edota esku hartze handia du; beste batzuren artean, Geusa S.L, INVIZA edota Bidasoako Osasun Zentroa. Era berean, enpresa  horiek, Yatpinde Tatso Brahmande S.L enpresaren barruan kokatzen dira. Antza denez, enpresa honek Eusko Jaurlaritzaren eskutik partida ugari eskuratzen ditu; 2019an, esaterako, 21 milioi euro jaso zituen. “Enpresa pribatua izanik, Eusko Jaurlaritzatik diru publiko asko jasotzen du, nabarmendu dute Iriartek eta Mendezek. Sindikatuko kideek argi adierazi dute INVIZA enpresak 1994. urtetik 4.094.000 euroko zorra duela, Asuncion Klinikako porrotagatik. Urte asko igaro diren arren, zorraren % 4,33 inguru ordaindu da soilik. Kalkuluen arabera, horrela jarraituz gero, 500 urtetik gora beharko ditu enpresak zorra ordaintzeko. 

Andoaingo instalakuntzatan ematen den zerbitzuari buruzko kexa horiek guztiak ematen ari diren bitartean, Tolosaldean ospitale publikoaren aldeko mahaia martxan jarri da. Asteasuko eta Villabonako alkateek otsailean egin zuten agerraldian, osasun arretoa publikoa, kalitatezko eta euskalduna izateko asmoa agertu zuten. Andoaingo eta Larraulgo alkateak ez dira, oraingoz, ekimenera batu. Ez da ahaztu behar, osasun arloari dagokionez, Andoain Tolosaldean kokatzen da. 

Jose Maria Iparragirre. 

Murrizketen aurkako sinadurak

Sare sozialen bitartez zenbait herritarrek kexa agertu dute, eta Jose Maria Iparragirre andoaindarrak Change.org sareko plataforma bidez sinadura bilketari ekin zion, otsailean.

Zergatik sinadura bilketa?

Aiurrik argitaratutako albiste batean ikusi nuen Klinikako instalakuntzatan kartel bat jarri zutela, Asuncionen murrizketez ohartarazteko. Irakurritakoa baieztatzeko, bertatik bertara ikustea erabaki nuen. Herritarrak kexu agertzen hasi ziren, orduan. Gauzak horrela, bertako erabiltzaileei aholkatu nien klinikan bertan kexa jartzeko. Egun batzuetara, firma bilketa bat egitea otu zitzaidan; gainera, oso erraza da change.org plataformaren bitartez horrelakoak egitea. Jada 180 sinaduratik gora bildu ditut. Laister berrekingo diot sinadura gehiago biltzeari.

Murrizketen eragina handia da?

Asmoa argia da. INVIZA enpresa pribatua da. Gaixoak baino gehiago, fakturazio zenbakiak gara eurentzat. Hemen behar duguna ospitale publikoa da. Gipuzkoako eskualde bakarra garelako ospitale publikorik gabekoa.

Sinadura bilketa egoera ezagutarazteko baliagarria izango da?

Asuncionekoak eta INVIZAkoak jakinaren gainean daude. Asuncionek ematen duen zerbitzua herritarrentzako onuragarria ez dela jakin badakite. Baina zergatik egiten dute? Interes komertzialengatik eta etekin ekonomikoengatik. Nabarmendu nahi dut, Asuncioneko langileen aurka ez dudala kexarik. Langileen tratua beti izan da egokia. Gogoan dut lan asko egiten zutela amarekin bertaratzen nintzenean. Kexak enpresaren kuadeaketara bideratuta daude. Badira ere, enpresatik alde egiten dutenak estresagatik edo beldurragatik; esaterako, traumatologo batek 'ihes' egin zuen, bertako egoeragatik nazkatuta.

Andoaingo Udalak zerbait egin beharko luke?

Dudarik gabe. Egin beharko lukete, baina ez dakit zerbait esango duten. Gaia aztertzen ari direla eta antzeko gauzak esango dituzte. Egoera asko luzatzen ari da, eta gehiago lutzatzeko asmoa dutela dirudi. Egia da ere, Eusko Jaurlaritzan agintzen duten alderdiak Andoaingo berdinak dira. Zaila da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!