2020ko Greba Orokorraren harira jasotako isunak eta identifikazioak salatu dituzte Goikoplazan

Aiurri 2021ko mai. 5a, 19:05

Zenbait herritar elkartu dira Goikoplazan iazko Greba Orokorra medio jasotako isunak eta identifikazioak salatzeko. Hiru gaztek 1000 eurotik gorako isuna jaso zuten eta beste 11 herritarrei Ertzain etxetik deitu zieten ikertuak izaten ari zirela esateko. Hori horrela delarik, Andoaingo Greba Komiteak elkarretaratze deialdia zabaldu du maiatzaren 14rako, Goiko Plazan arratsaldeko 19:00tan.

Honako ohar hau irakurri da Goikoplazan egin den prentsaurrekoan:

2020. urteko urtarrilaren 30ean, pandemiak gure bizitzak goitik behera aldatu baino hilabete lehenago, Euskal Herriko karta sozialak greba orokorra deitu zuen Hego Euskal Herrian. Bizitza duinak aldarrikatzeko greba izan zen. Ziurrenik, pandemia egoera honetan areagotu den prekarietate egoerak salatu eta bizitzak erdigunean jartzeko aldarri bat zen.

Andoainen, beste herri guztietan bezala, greba komitea antolatu zen. Eragile sozial ezberdinetako pertsonak elkartu eta ilusioz ekin genion lanari. Harremanak eragileekin, propaganda jarri, mobilizazioen antolaketa… lana eta ilusioa.

Greba aurreko egunak zein greba eguna bera, normaltasun osoz eman zen. Eta soilik poliziaren jarrera errepresiboa izan zen egun horren arrakasta  zikindu nahi izan zuena.

Greba bezperatan, udaltzaingoak hiru gazte identifikatu eta pintada batzuk egin izana leporatu zieten. Inolako salaketarik gabe, pintada batzuen garbiketa faktura igorri zieten udalak gazte hauei. Orotara 1278€ko faktura bat. Inolako zigorrik egon ez zenez, errekurtsoa jarri zuten. Eta errekurtsoa erantzun gabe, berriz ere faktura bidali zitzaien, %20eko errekargo batekin garaiz ordaindu ez izanagatik. Azkenean ordaintzea erabaki zuten, errekargo berririk ez egoteko. Prozesu guzti honek urtebeteko iraupena izan du, azken errekargo hau martxoan jaso zutelarik. Horregatik orain adierazi eta salatzearen zergatia.

Bestalde, greba egunean, pikete informatiboak egiten ari zirela, inolako istilurik egon ez arren, udaltzain bat agertu zen eta partehartzaileak grabatzen hasi zen.  Une horretan zegoen giro lasaiarekin bat egiten ez zuen jarrera probokatzailea izan zen. Badirudi grabatzeaz gain, banan-banan identifikatzeko ariketa egin zuela, hilabete batzuk beranduago, konfinamenduan geundela, 11 lagunei Ertzain etxetik deitu baitzieten. Ikertuak izaten ari zirela eta deklaratzera deituak izango zirela mehatxatuz.

Guztiz salagarria iruditzen zaigu errepresio polizial hau. Greba eskubidea, eskubide legitimoa delako eta honen kontrako jarrera aktiboa, greba egunean bizitako normaltasunaren kontra doalako.

Hau salatzeko, Andoaingo Greba Komiteak deitutako elkarretaratzera deitzen ditugu herritarrak. Maiatzaren 14an, Goiko Plazan 19:00etan.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!