Palestinarrei elkartasuna adierazi diete hainbat herritarrek

Aiurri 2021ko mai. 18a, 21:39

Azken egunetan jazarpen gogorrak eta lazgarriak pairatzen ari dira palestinarrak Israelengandik; egunero bonbardaketak eta hilketak jasaten ari dira palestinarrak. Jada 213 hildako eragin ditu Israelek, horien artean 61 haur. Gauzak horrela, Andoainen elkarretaratzea egin da Zumea plazan, arratsaldeko 19:00tan.

 

Honako ohar hau irakurri dute elkarretaratzearen ostean: 

Beste behin ere Palestinako herria kalera atera da ,Israelgo Estatuaren plan anexionistari aurre egiteko.

Nakba hasi zenetik, Israelgo Estatua eta kolono juduak, palestinarrak bere lur zein etxeetatik kanporatzeko politika maltzurrarekin jarraitzen dute. Milaka palestinar kanporatu dituzte haien lurretatik azken hamarkadetan eta horrek giroa gero eta gehiago ozpindu du.

Azkeneko kanporaketak Jerusalemgo Sheij Jarrah auzoan gertatzen ari da, cisjordania. Han ari dira Israelgo militar eta kolonoak familia palestinarrak haien etxeetatik kanporatzen. Horrek palestinarren haserrea ekarri du eta kale-protesta nabarmenak eragin ditu.

Beste behin ere palestinarren esku hutsak, Israelgo Armada zein Poliziaren arma sofistikatuaren aurka aurrez aurre ari dira. Ondorioa agerikoa da: 1000tik gora zauritu Palestinan, eta enfrentamendu militarra Gazako lurralde setiatuan; Israelen bonbardaketek behintzat 200 hildako eragin dituzte gutxienez, horietatik asko haurrak.

Une latz hauetan elkartasuna helarazi nahi diogu Palestinako herriari eta horrekin batera, Israelgo Estatuari, politika anexionistarekin amaitzeko exijitzen diogu. Genozidio hau onartezina da.

Herri palestinarraren askatusuna edo burujabetzarako eskubidearen aldeko deia egiten dugu. Palestinako herriak libre eta bakean bizitzeko eskubidea du. 

Gora herrien arteko elkartasuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!