“Nola hezi duzun, halakoa aterako zaizu zakurra”

Xabier Lasa 2021ko eka. 6a, 09:24
Ingrid, bost urte zituela zakurtegitik hartu zuen Baloo zakurrarekin.

Ingrid Etxeberria zakurren psikologia aztertzen dituen hezitzaile eta aholkulari andoaindarra da. Zakurrak egoki hezteko ikastaroak antolatu ditu ekainean zehar.

Zertan oinarrituko da ikastaroa?

Bi ikastaro izango dira, berez. Lehenbizikoa, bost hilabete arteko txakurkumeak dauzkaten jabeentzat bideratuko da. Sozializazioa (beste zakurrekin zein pertsonekin), oinarrizko trebeziak (deituz gero kasu egitea, uhaletik tira egin gabe paseatzea…), etorkizunean arazoak saihestea… ditu helburu. Izan ere, zakurra etxera ekartzen da, baina maiz, berarekin zer egin ez daki jende ugarik. Handitzen ari den gizarte arazoaz ari gara mintzatzen. Eta ikusi besterik ez dago azken urtetan zenbat hazi den zakurren kopurua; zer esanik ez pandemia zabaldu zenetik geroztik.

Tartean, masailezurraren indarra kontrolatzeko teknikak garatzea azpimarratuko da, ez baitiogu berez badaukan garrantzia ematen. Normalki ez dute hozka egiten, eta jolastea izaten dute gogoko; baina egunen batean arrazoiren bat baldin badaukate, arriskutan sentitzen badute euren burua, isatsa zapaltzen bazaie… bada, egin, egingo dute kosk, eta mina eragin.  

Printzipioz, ez da gomendagarria lau urte baino gutxiagoko ume bat daukan familiak zakurrik edukitzea. Helduekin zintzo egongo da zakurra etxean; baina umeak ez dira kontziente zakurrak ez daukala zertan jasan behar egiten zaion guztia, ez baita jostailu bat. Azken aldian, aholkulari gisa, dei ugari jaso ditut laguntza eskatuz, umeek hozkadak sufritu dituztela-eta. Uste dena baino larriagoa da errealitatea; AEBetan, urtean lau milioi hozkada zenbatzen dituzte, horietatik %75ak 12 urtez beherako umeak direlarik biktimak.

Eta bigarrengo ikastaroa?

Zakur helduagoak dauzkatenei begira egingo da, eta oinarrizko obedientzia (etzan, eseri, geldi…) landuko da, batez ere. Lehen esan dudan bezala, ez dakizunean zer egin zakurrarekin ez duzulako esanekoa, bada, obligatu egiten diozu hau eta beste egitera, eta horrek jabearen eta zakurraren arteko borroka dakar; hortik datoz arazoak, maiz. 

Ikastaro baterako zein besterako balio dute zenbait printzipiok. Hala nola, kontua ez dela zakurrei erakustea, baizik eta jabeei zenbait teknika eskaintzea, horiek gero etxean landu ditzaten zakurrarekin; nola hezi duzun, halakoa aterako zaizula zure zakurra; zakurrak ez direla gizakiak, eta ez dituztela ulertzen kaleko arauak edo jabeek zer adierazten dien, eurekin keinuak erabiliz aisago lortzen direla komunikazioa eta elkarrekintza; keinu horiek ezin dutela kontraesankorrak izan, gaur gauza bat eta bihar kontrakoa…

Teknika erraz, dibertigarri eta berritzaileak ikasten dira ikastaroetan, eta zakurren jabeak animatuko nituzke ager daitezen. 

Zakurren jokabideak aldatzeko oinarri zientifikoa daukaten giza metodoak erabiltzen dituzula diozu zure web orrian (hezikan.com).

Errefortzu positiboaren printzipioa du oinarri nik lantzen dudan hezibideak. Zakurrek, gizakien gisa, errazago ikasten dute erakusten badiegu zer nahi dugun beraiek egin dezaten, eta horretarako, saritzearen estimuluak berebiziko garrantzia dauka. Zigorrez, beldurrez, mehatxuez... baliatzen den hezibidea kaltegarria da, horrela ez zaio irakasten zein den jokabide egokia.

Gizakiekin baliagarri diren metodoetan sinesten dut, jokabide desegokiak aldatzea helburu dutenean. Zakurren inguruarekin, eguneroko errutinarekin edo zakurrak maite dituen zenbait gauzekin (jana, jostailuak...) jokatuz eta kontrolatuz, frogatu da alda ditzakegula zakurraren jokabideak. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 584. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!