Eraldaketa iragartzen duen aldaketa Larramendi Bazkunean

jon Ander Ubeda 2021ko eka. 19a, 10:04
Ane Jalonek Ariane Obinetaren lekukoa hartu du Bazkunaren lehendakaritzan.

Zuzendaritza taldean jarraituko badu ere, Ariane Obinetak euskara elkartearen lehendakaritza Ane Jalonen esku utzi du. Egoitza nagusia tokiz aldatzeko proposamena aurrera atera zen, estrategikotzat har daitezkeen berrikuntzei ekiteko 

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak urteko biltzar nagusia egin zuen maiatzaren 29an Andoainen, Urigain Kultur Etxean. Bertan eta telematikoki bildu ziren bazkideek –hogeitik gora– ontzat eman zuten iazko jarduna, eta baita 2021erako aurrikusi diren lan-egitaraua eta gastu eta dirusarreren aurrekontuak ere. Zuzendaritza taldea berritu egin da, eta eraberritze horretan lehendakari aldaketa gauzatu zen. Ariane Obinetaren bi urteko agintaldiaren ondoren, Ane Jalon Zatarain andoaindarra  izango da datozen urteetan lehendakari. 

Aldaketarekin batera, etorkizunean elkartearen dinamika eraldatzeko lehen asmoak agertu ziren. Bereziki, egoitza nagusiaren aldaketarekin etor litekeena. Ez da aztergai berria Larramendi Bazkuneko eragileentzat, lantaldeko batzordeetan maiz agertzen ari zen eztabaida baitzen. 

Euskararren erabilera sustatzeko bidean, egoitza berritik euskararen alde eragitea izango da etorkizuneko lan ildoetakoa. Horrexegatik, batzarrean, herrigunean bertan lokala erostea da eta, horretarako, Doktor Huizi kaleko gure egungo egoitza osatzen duten lehenengo oin edo solairuko bi etxebizitzak saltzea aztergai izan zen.

Zuzendaritza talde berria, hamahirugarrena

Aro berrirako, zuzendaritza taldearen osaketa bozkatu zuten. Hauxe da Bazkunaren ibilbide guztiko hamahirugarren zuzendaritza batzordea: Lehendakaria: Ane Jalon Zatarain; Lehendakariorde eta Amasa-Villabonako ahaldun: Arantxa Urkizu Oiartzabal; Idazkari: Aitor Amutxastegi Santo Tomas; Diruzain eta 111 Akademiaburu-mahaikide: Jon Unanue Lopez; Andoaingo ahaldun: Ariane Obineta Gorostidi; Andoaingo ahaldun ordezko: Ane Iartza Ansa; Zizurkilgo ahaldun: Joxin Azkue Gabilondo; Urnietako IÒistorra Biltzarreko ahaldun: Rosa Elosegi Beloki; Asteasuko ahaldun: Mila Iztueta Irarreta eta Erroitz baltzuko mahaikidea: Jon Ander Ubeda Goikoetxea.

Etorkizuneko egitasmoei heldu aurretik, Jon Unanue Bazkuneko zuzendariak Ariane Obinetaren aldeko hitzak izan zituen: “Eskerrak eman Arianeri benetako erronka bati heldu ziolako eta ahalegindu delako”. Bazkideek 2018ko maiatzean aukeratu zuten lehendakari Ariane Obineta, eta gogoz heldu zion harik eta Arabako Guardiara eskolak ematera joan behar izan zuen arte. Izugarri zaildu zion horrek Bazkunaren egunerokotasunari jarraitu eta lanik egin ahal izatea. Hori gutxi ez eta, gainera, bertan Covid19aren izurriteak harrapatu zuen. 2021ean sartuta, Bazkunean lanean jarraitzeko konpromisioari eutsi dio. Buruzagitzan, ordea, Ane Jalon Zatarainek hartu du haren lekukoa. Hauexek izan ziren lehendakari modura emandako lehen adierazpenak: “Ohore bat da niretzat lehendakari izatea. Eskerrik asko Ariane Obinetari, Jon Unanueri eta elkarteko bazkideei. Baditugu proiekt berriak, etorkizunean lantzen joango garenak. Prest nago laguntzeko eta Bazkunak egindako bidean sakontzeko. Etorkizunean aurrerapausoak emateko prest nago”.

2021erako egitasmoak

Euskara elkartearen egoera ekonomikoaren araberakoa izango da, beti ere, 2021eko jarduna zehaztuko duena. Rikardo Arregi Aldizkaritegia, 111 Akademia eta Manuel Larramendi Ikerketa Saria ohiko jarduera bilakatu dira. Baina Jon Unanue zuzendariak hausnarketa egin beharra nabarmendu zuen: “Hausnartzen jarraitu behar dugu gure bizkar zein motatako ekintzak har ditzakegun erabakitzeko; alegia, bada hainbat ekintza eskualde maila aspaldi gainditurik Euskal Herri osoari zuzenduak direnak eta guri ahalegin handia eskatzen digutenak. Baliabide nahikorik ez dugunez, horiei eusteko bizi behar baitugu dirulaguntzen mende”.

Garagorrienea egitasmoa zenbateraino garatu aztergai izango da ere, laguntzaile duten Andoaingo Udalarekin batera. Hitzarmen horren baitan biltzen dira, besteak beste, Larramendi eguna edota Izarrartera! Egitasmoak.

Martin Ugalderen mendeurrenarena izango da 2021a, eta Bazkunak ekitaldi sorta du buruan. Antzezlana, Martin Ugalde bilduma eta Hiltzaileak audio-ipuina podcast bilakatzeko asmoa dira aipa daitezkeenak.

Beterri-Aiztondori lotutako hausnarketa

Bertaratu zirenen artean, eskualdeko euskaltzaleak aktibatzeko beharra hizpide izan zen. Unanuek berak ahotan izan zuen hausnarketa hori bera: “hausnarketarekin jarraitu behar dugu asmatzeko nola piztu euskaltzaleen ekintza eskualdeko herrietan –Andoainen, Amasa-Villabonan, Urnietan, Zizurkilen, Asteasun…–, eta horren ondorio izan beharko luke Larramendi Bazkunaren ekintza bi bideetan txertatzea: bide bat Lurralde edo Euskal Herri mailako ekintzak Garagorrienea ekimenaren baitan txertatzea litzateke; eta, beste bidea, herrietan bertako euskaltzaleek burutu beharrekoa".

Etorkizunari begira jarrita dago Larramendi Bazkuna. Egitekoak ez dira gutxi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!