Ollakarizketa lorezaina, irribarrea beti ezpainetan

Xabier Lasa 2021ko uzt. 28a, 09:22

Joxe Mari Ollakarizketa andoaindarra Gureak enpresa taldeko langilea da. Tolosan lorezaintzan aritzen da, herri horretako berde-guneak zaintzen eta edertzen. Jon Casares du lan-arduraduna; ederki asko moldatzen dira biak

Zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa da Gureak, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa, gizartean zein lan munduan, sustatzen duena. Pertsona langile horiei lan aukerak sortzea eta euren ahalmen zein garapen pertsonala sustatzea da enpresaren lehentasuna.

Xede horri erantzun nahian, lau sailetan banatzen da Gureak enpresa: Industriala (mekanizatua, plastiko injekzioa, multiteknologia muntaia…), Zerbitzuak (lorezaintza, elikadura eta osasuna, adinekoen egoitza eta eguneko zentroak, garbiketak…), Marketing (posta zerbitzuak, marketing digitala…), eta, Itinerary (gizarte eta lan arloko orientazioa, trebakuntza prozesuak…).

Egun, 6.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute Gureak taldea; horietatik %83k desgaitasunen bat dute. Joxe Mari Ollakarizketa lorezaintza zerbitzuetako langilea da. Gureak Berdea izenarekin ezagutzen da zerbitzu hori, eta Gipuzkoan makina bat herritan dabiltza; tartean, Beasain, Hernani, Irun eta Tolosa bezalako udalerrietan.

Ollakarizketa eskarmentu handiko langilea da sail horretan. “30 urte daramat Gureak enpresan, eta beti-beti Tolosan aritu izan naiz. Lan-tailerretan jardun nuen hasieran, baina agudo kanpoko lorazaintzara bideratu zen nire eginkizuna. Oso pozik nabil lanbide honetan. Kaleko lana dut gogoko, barrukoa baino; aire-librean hoberena, leku itxi batean entzerratuta egotea baino! Anaia bat Asteasuko lantoki batean sartuta aritzen da helizeak egiten, eta ez nuke nahi horrelakorik”.

Lan jarduna kalez kalekoa izate horri esker, tolosarrentzat aski ezaguna dela aitortu du Ollakarizketak. “Denboraren poderioz, badira ikusi orduko kasu egiten didaten herritarrak, beti-betiko auzokide baten antzera hartzen nautelako”.     

Tolosan, lorezaintzan

Egun, Tolosako Gureak Berdea saila hamalau langilek osatzen dute; Jon Casares de taldea-burua, eta hiru ofizial eta hamar operario daude bere agindutara. “Lorezaintza urbanoari dagozkion funtzio guztiak betetzen ditugu Tolosan: zuhaiztiak, inausketak, belar-ebakitzeak, mantentze lanak… Ikaragarrizko lana da, baina nahiko fin aritzen garela esango nuke, aintzat hartzen badugu, behintzat, udaleko langile edo udaltzainek, eta batik bat herritarrek gurekin erakusten duten konformitatea. Izan ere, ikusten baitute nola saiatzen garen lana txukun egiten, edozein egoera dela ere, izan eguraldi onarekin izan kaskarrarekin”.

Tolosako herriguneak zelaitsua izatearen itxura badauka ere, errealitatea bestelakoa dela baieztatu Casaresek: “Uste baino aldapa gehiago topa daitezke Tolosan, eta eraginez, beste herri askotan baino gutxiagotan erabili dezakegu makina. Horrexegatik, makina bakarra daukagu erabilgarri; esku-motosega da gure lan-tresna ohikoena”.

Esku-motosegarekin, jo-ta-su

Zeregin desberdinak bete behar izaten ditu Tolosako lan-brigadak, eta langile guztiekin lan-errotazioa egiten saiatzen direla gaineratu du Casaresek, “erreparatuz langile bakoitzak daukan aniztasun funtzionalari”.

Belardi eta parkeetako belarra ebakitzen igarotzen ditu Ollakarizketak lan-ordu asko eta asko, esku-motosega eskutan duela. “Baina horretarako, lehenbizi belazeetan pilatzen diren zikinak jaso eta horiek egoki sailkatu behar izaten ditugu. Paper eta plastikoak, eta batik bat, harri-koskorrak; izan ere, gainerakoan, horiek esku-motosegaren aihotzak puska ditzakete”. 

Esku-motosegaren erabilpenean da maisu Ollakarizketa: “Erraminta hori egoki erabiltzeko Astigarragan jaso nuen formakuntza; han, modu birtual batean erakutsi ziguten”. Hain zuzen, Vircap sistema aplikatzen du Gureak taldeak; lorazaintzako tresneria nola erabili modu birtual batean erakusten du sistemak, eta horretarako, errealitate birtualaz eta teknologia haptikoaz (ukimenaren zientzia) baliatzen da.

Zakur-gorotzekin dauzka komeriak Joxe Marik, lan-tresna horrekin aritzen diren gainerako langileen antzera. “Belar luzea mozten hasi, eta noizean behin kaka-zipriztinak heltzen zaizkigu muturrera, ez da gozoa egoera!”. Casaresek, aldamenetik, ohartarazi du pandemiak areagotu egin duela hartu beharreko neurrien zerrenda. “Betaurrekoak eta pantaila nahikoa ez, eta orain musukoa! Kosta egiten zaigu dena ondo jantzita eta uneoro-uneoro eramatea, baina horretara derrigortuta gaude”.    

Ollakarizketa eta Casares, biek ere bat datoz adieraztekoan larria dela zakur-gorotzen arazoa, eta udalek, sentsibilizazio kanpainak egiten dituztela, bai, baina hurrengo urratsa ematea falta zaiela, isunen arloari ekitea, alegia.

Autonomia lanerako

Ollakarizketak bere kasa aritzeko daukan autonomia maila handia azpimarratu du Casaresek: “Nahiz eta laguntza puntualak behar izan, autonomoa da. Esku-motosegan beso eta hanka sendoak ditu, eta artista baten pare aritzen da jartzen zaizkion eginkizunetan, kalitatearen eta produkzioaren ikuspegitik. Gainera, harrigarria da lan kontutan nola erreparatzen duen detaile guztietan. Konparazio batera, biltegian ez badugu lan-tresnaren bat aurkitzen, berari galdetzea hobena, jakingo baitu noiz erabili genuen azkenekoz eta non utzi genuen”.

Lanerako ezaugarri horien gainetik, ordea, lankide gisa erakusten dituen giza-baloreetan jartzen du indarra Casaresek, Joxe Mari definitzerako orduan. “Egunean zehar elkarrekin jardutea egokitzen zaigu maiz, azken unean sor daitezkeen lantxo askori erantzuteko. Bada, halakoetan, aitortu behar dut eguna pozten didala bere konpainiak; maitagarria da, eta erraza da berarekin ondo moldatzea, aintzat hartuta daukan irribarre seduktore hori eta sentimenduak erakusteko daukan era gizatiar eta natural hori”.

Konplizitate-puntu handia lortu dutela biek, eta txantxetako beta izaten dutela gaineratu du Casaresek. “Nafar odola daukagu biok ere zainetan, eta tarteka, elkarri zirika hasi, eta behar baino gehiago berotzen gara, kasik haserretzeraino. Gero, bera da agudo batean ematen diona buelta egoerari; gehiago kostatzen zait niri”.

Haserrealdi txiki horietan biek edukitzen dituzten hizketaldien berri eman digu Ollakarizketak berak: “Tolosako lorezaintza utzi, eta Nafarroako Etxeberri herrira joango naizela lanera adierazten diot; alegia, han Lacturale esne-behitegian badaukadala kontaktua, eta hartuko nautela plantillan”. Casaresek zera erantsi du, aldamenetik: “Nik erantzuten diot sinesten diodala, daukan irribarre horrekin komertzial gisa balioko lukeelako”.

Izan ere, Etxeberri herriarekin eta herritarrekin badauka aparteko harremana Ollakarizketak, bertan bizi baitira bere senitartekoak. Eta tartean, Julen Martija Ollakarizketa pilotari profesional gaztea. “Erne egoten naiz telebistan noiz agertuko den partiduren batean, ikusteko. Behin edo behin frontoira ere joan izan naiz, bera animatzera. Ezin joan azken aldian, ordea, pandemia dela-eta! Kamixeta noiz sinatuko didan zain nago aspalditxo, lantokira ekartzeko. Izan ere, lankide batzuk adar joka etortzen zaizkit astelehen goizetan edo partiduen biharamunetan, lehengusuak partidua galdu egin duela edo makala dela esanez, eta niri bera defendatzea egokitzen zait orduan”.

Andoaingo Herriko Etxeetako bizilaguna

Joxe Mari Ollakarizketa 1964ko ekainaren 2an jaio zen, Andoaingo Herriko Etxeetan; bertan igaro zuen haurtzaroa eta gaztaroa, bertan egin zituen haur jolasak eta joan zen hezten, eta bertan bizitzen jarraitzen du egun ere. Tolosako kaleak ditu lantoki, eta lan-ordua amaituta trenez Andoainera itzultzen denean, kalean gora kalean behera ibiltzea du gogoko, pasioan eta zer suma. Maite du Andoain, eta bere auzoetan gertatzen ari diren eraikuntzetako obrei edo edozein giza-jardunei erreparatzen die asko. Kalean egiten diren antzerki, musika edo bestelako ikuskizunek ere bere arreta erakarri ohi dute erraz. Nolaz ez, Santa Krutz jaietan eta beste festetan musika eusko-kubatarra zabaldu izan duen La Jodedera taldearen jarraitzailea da, haren kantaria baita Jon Casares, bere nagusi eta lankidea. 

Korrika eta presaka eta gauza guztietarako denboraz juxtu ibiltzearen estresa gainetik kendu ezinik bizi garen garai hauetan, inbidia eta guzti ematen du Joxe Mari bezalako pertsona batek, herriko espaloi edo kantoiren batean topatzeak. Eta pribilegiatua sentitzen zara halako patxada daukan gizaki batekin hizketaldia edukitzera animatzen zarenean.

Ez duzu erraz aurkituko lasaitasuna eta soseguaz gain gizatasunik xaloena transmititzen dizun halako gizaki askorik, gaur egun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!