Joan Mari Torrealdai euskal kultur eragilea gogoratu dute Martin Ugalde Parkean

Aiurri 2021ko uzt. 30a, 19:40

Joan Mari Torrealdai euskal kultur eragileari eta pentsalariari omenaldi hunkigarria eskaini diote Martin Ugalde Kultur Parkean arratsaldean, bere heriotzaren lehen urteurrenean. Foruarraren gizatasunaz eta eskuzabaltasunaz gain, euskaratik eta euskal kulturatik mundura begiratzeko zeukan gaitasun aparta goraipatu dute ekitaldian parte hartu duten hizlari, musikari eta bertsolariek. Ekitaldiko zenbait pasarte, bideoz: Lorea Agirreren hitzaldia, Andoni Egaña eta Oihana Iguaranen bertsoak, eta Mikel Urdangarin, Manex Torrealdai eta Kattalin Zubizarretaren abestiak.

Juan Mari Larrartek, Lorea Agirrek, Paulo Agirrezabaltzategik, Mikel Arrizabalagak eta Garazi Torrealdaik hartu dute hitza, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsotan aritu dira, eta Mikel Urdangarinek, Kattalin Zubizarretak eta Manex Torrealdaik, berriz, kantuekin girotu dute ekitaldia.

Goizez hasi dira Torrealdairen omenezko ekitaldiak, foruarraren ekinaren hainbat alderdi aztertu dituzten lau hitzaldiren eskutik. Dabid Anaut euskara teknikariak eta Imanol Murua kazetariak Torrealdaik euskarari, euskalgintzari eta euskal kazetaritzari egindako ekarpena izan dute hizpide. Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzioburuak Torrealdai: liburugintzaren ikerketa hartu du gaitzat, eta azkenik, Lourdes Otaegik Torrealdai: liburua eta zentsura izenburuko hitzaldia eman du.

 

Omenaldi ekitaldiko zenbait pasarte:

* Lorea Agirreren mintzaldia:

 

* Mikel Urdangarin eta Manex Torrealdai, "Munduari begiratzeko" kanta interpretatuz :

 

* Andoni Egaña eta Oihana Iguaran, hiruna bertso:

 

* Kattalin Zubizarreta eta Manex Torrealdai, "Mendian gora haritza" abestia interpretatuz:

 

 

 

 

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!