Euskal kultura eta umorea uztartzen dituen "Frontona" ikuskizuna, Goiburun eskaini zuten

Aiurri 2021ko abu. 2a, 13:00

Antzerkia, pilota partidua, kultur lehiaketa… Ez da erraza definitzen "Frontona" ikuskizuna, baina kontua da zapore gozoarekin utzi zuela Goiburun bildu zen publikoa. Iñaki Urruzolak zuzenduta frontoian hara eta hona etengabe ibili ziren bost aktoreek (Janire San Sebastian, Anne Maiza, Unai Ormaetxea, Josu Artutxa eta Iñigo Otaegi) publikoarekin harreman interaktiboa lortu zuten, bikain asko lortu ere. Euskal Herriko kulturaren ezagutzan sakontzea helburu zuten hainbat galdera eginez batera, umorea barra-barra erabili zuten, eta maiz lortu zituzten ikusleen barre-algarak.

Ordu eta laurdenez dibertimendu atsegina pasa araziz antezlanari balio pedagogikoa eranstea da egileen nahia. Gainera, Euskal Herriko kultur erreferentziak ez ezik, tokian tokikoak ere erabiltzen dituzte. Ikuskizun guztiak dira bata bestearekiko diferenteak, eta Goiburu auzoan eskainitakoan, etengabeak izan ziren auzo horrekin zein Andoainekin lotutako aipamenak: auzoko baserri eta jatetxeak, auzorako errepide malkartsua, Andoaingo idazle eta musikariak…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!