Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute lehen greba egunean

Aiurri 2021ko ira. 6a, 12:12

Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte euren lan baldintzak duinduko dituen lan hitzarmenaren alde borrokatzeko. Izan ere, uztailean egindako elkarreratze eta protesten ondotik, euren egoera ez da hobetu, eta grebara jotzea erabaki dute.

Gogoratu dezagun langileen hitzarmen kolektiboa 2020ko abenduan amaitu zela. Andoaingo etxez etxeko laguntza-zerbitzua Udala titularra duen zerbitzu publikoa da. Zerbitzu hori pribatizatuta dago eta Eulen Servicios Sociosantitarios enpresak kudeatzen du. Bertan 25 langile inguru ari dira lanean. ELAk plataformaren hobekuntzak onartzeko eskatu dio enpresari, baina uko egin dio. Eta enpresarekin zein udalarekin izandako bilerak emaitzik gabe bukatu dira. Gauzak horrela, langileak Udaletxe aurrean elkartu dira lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta Udalari irtenbide bat bilatzeko eskatzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!