Mende laurdeneko literatur ereintza

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 26a, 08:00
Martin Ugalde idazlea, egindako hamaika bidaietako batean. MLKB

Bi efemeridek bat egiten dute aurtengo udazkenean: batetik, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenak; bestetik, idazlearen izena daraman ipuin lehiaketak. Azken horrek 25 urte betetzen ditu, eta, hori dela eta, edizio berezia izango da azaroko sari-banaketa ekitaldia .

Denboran ehun urte atzera salto egin eta Andoaingo Bastero etxeko ataria jo behar da Martin Ugalde Orradrerekin topo egiteko, horixe baitu bere sorleku kazetari, idazle nahiz politikari entzutetsuak. Nolanahi ere, azkar baino lehen utzi behar izan zuen etxea andoaindarrak, garaiko testuinguru politikoa medio. Itsasoaz bestaldera egin zuen bere familiarekin batera, eta, hainbat hamarkadaz, Caracastik, Venezuelako hiriburutik erreparatu zion Euskal Herriari, harik eta herriminak etxera itzultzeko premia sortu arte. Bizitza idazketari (eta, nola ez, irakurketari) emana, ibilbide oparoa izan zuen literaturan, euskarazko ipuingintza modernoaren aitzindari bihurtzeraino: orotara, 47 liburu, 50 liburu zati eta 1500 artikulutik gora idatzi zituen Ugaldek.

Ildo beretik, urteurren borobilari eutsi dio euskalgintzak, eta efemeridea abiapuntu, askotariko ekintzak antolatu dituzte, idazlea omentzeko asmoz. Horien artean ezagunenetarikoa: Martin Ugalde Ipuin Lehiaketa. Azken horren harira ere bada zer ospatu eta omendu, zeren mende laurden betetzen baitu aurten sariketak.   

10 eta 17 urte bitarteko haurrei zein nerabeei zuzendutako lehiaketa da, eta, batez ere, andoaindarrek parte hartzeko ohitura izan arren, deialdia irekita dago inguruko herrientzat: Andoain, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul, Urnieta eta Zizurkil. Horrela, makina bat lan jasotzen ditu urteto-urtero lau adituz osatutako epaimahaiak: Garazi Kamio, Inazio Mujika, Karlos Linazasoro eta Juan Ramon Makuso. 

“Martin Ugalderi maitasun handia diot, estimu handia”. Berezia zaio Inazio Mujika idazleari nahiz edtoreari Martin Ugalde Ipuin Lehiaketa; sariketaren sorreratik da epaimahaikide: “Era guztietako lanak jaso ditugu; batzuk besteak baino hobeak. Halere, nolabaiteko talaia ematen dizu, mende laurdenean gazteek zein bilakaera izan duten ikusteko aukera”. Orain zazpi urte ekin zion, berriz, Garazi Kamio idazleak epaimahaikide izateari; hori ez ezik, Andoaingo Ikastolako irakasle ere bada: “Lehiaketa baliagarria da, ikasleek buruari  eragin diezaioten”. 

Gauzak horrela, askotariko lanak jasotzen ditu epaimahaiak, adinaren arabera sailkatutako lau mailatan. Kide bakoitzari maila bat dagokio, eta bertatik lauzpabost lan hautatzen ditu, lan onenak gainerako epaimahaikideei bidaltzeko. Behin lehen aukeraketa eginda, taldean erabakitzen dituzte irabazleak.  

Gaurkotasunetik gertu

Omenaldi gisa antolatu dute aurtengo lehiaketa. Hori dela eta, idazlea gogora ekarri asmoz, bere zenbait ipuinen hasierei eman beharko diete jarraipena sariketara aurkezten diren parte-hartzaileek. Hori ez ezik, lehen edizioko ipuin irabazleen hasierak ere izango dituzte abiapuntu. Kamioren iritziz, ariketa polita izango da, orain mende laurdeneko nerabe batek hasitako istorioari gaur egungo gazte batek jarraipena ematea: “Finean, belaunaldi aldaketa ematen da 25 urtean”. 

Orain arte, aurreko aldietan gai librean aritu dira gazteak, eta, epaimahaikideen aburuz, gaurkotasunari estuki lotutako auziak izan ohi dituzte hizpide: hala nola, gerrak, tratu txarrak eta abar. “Tremendismorako joera handia dago”, azaldu du Mujikak, “alegia, ipuin bat idazteko gai gogorrak landu behar direla uste dute”. Bestalde, Kamiok gehitu du beldurra eragiten duten aferak ere badirela mintzagai, minbizia, esaterako. Horren atzean, bada bi adituek goraipatu nahi duten figura garrantzitsua: irakaslea. Oso eskertuta ageri da Kamio urtero irakasleek egiten duten ahaleginarekin, “lan handia egiten baitute idatziak txukuntzen eta orrazten”. Bat dator harekin Mujika: “Literaturarekin eta hezkuntzarekin konprometitutako irakasle bat dago, behar bezala hasten, garatzen eta amaitzen den ipuin ororen atzean”. 

Lehen eta orain

Ikasle denborak ekarri ditu gogora Kamiok; literaturan autore klasikoak ematen zituzten. Garrantzi handia zuten, besteak beste, Axularrek edo Larramendik: “Pena ematen dit Martin Ugalderi buruz hainbeste ikasi ez izanak, Andoaingo kazetaria eta idazlea baitzen”. Hala ere, gerora,  idazle gazte asko egin dira ezagun bere hitzetan: horien artean, Jasone Osoro aipatu du, baita Jon Arretxeren “Ostegunak” obra ere. 

Egungo gazteek, ordea, ez omen dute Martin Ugalde ezagutzen, baina kontu horrekin obsesionatu behar ez denaren iritzi da Mujika, izan ere, “autoreak baino, beren obrak dira garrantsitsuak”. Obrak, bere hitzetan, autorearen berri izateko amu dira.  Horrenbestez, Andoaingo Ipuin Lehiaketa aitzakia ederra da haurrei zein gazteei Ugalderen ibilbidera gerturatzeaz gain, literaturgintzan murgiltzen laguntzeko. Izan ere, zein leku dute hitzek egungo jendartean?

Asko irakurri, ondo idazteko

Haurtzarotik lantzen den ohitura da liburuen irakurketa: txikiak direnean, irakaslea izaten dute narratzaile, eta, beranduago, behin gaitasunak bereganatuta, zenbait liburu irakurri behar izaten dituzte, bai eta horien gaineko hausnarketa egin ere. Dena den, literaturari dagokionez, hutsuneak antzeman ditu Kamiok hezkuntzan. Iritzi berekoa da Mujika; kezkatuta ageri da egungo gazteek ideiak barneratzeko duten zailtasunarekin: “Idazle on bat irakurlea da, seguru; are gehiago, irakurle kritikoa da”. Editorearen ustez, berebizikoa da literaturari garrantzia ematea eskolan, etorkizunari begira: “Askoz idazle hobeak izango genituzke. Eta ez naiz literaturaz soilik ari, oro har, egunerokoan idatzi behar izaten diren testuez baizik”. 

Hari horri tiraka, denboraren poderioz (eta teknologia berrien eraginez), literatura itxuraldatu egin delakoan dago Kamio. Idazleak azaldu du, egun, badela ikus-entzunezko euskarrietan kontsumitu daitekeen literaturarik. Hala, haren ustez, horrek lotura izan dezake azken urteotan emandako liburu fisikoen galerarekin: “Liburu bat hartzean, zuk zeuk irudikatzen dituzu pertsonaiak eta lekuak. Ikus-entzunezko euskarri batean, botoiari eman eta berak irudikatu dizu guzti-guztia”.

Bide beretik, interesgarritzat jo du Mujikak multimedia baliabideen erabiera, “zentzuz”, baina. Zenbaitetan, “bideo-joko kutsua” dute Ipuin Lehiaketara aurkeztutako lanek, editorearen iritziz, kontsumitzen duten horrek eragin zuzena duelako beren sormenean: “Eragina nabari da; bizipenetatik nahiz irudimenetik mintzo dira; horretarako, lanabes dituzte ikus-entzunezko euskarriak”.

Emaria eten ez dadin

Orain mende laurden eman zitzaion hasiera Martin Ugalde Ipuin Lehiaketari, eta, harrezkero, urtez urte, konpromiso eta irudimen handiz aurkeztu dira makina bat ikasle. Hamarkada luzez Ugaldek berak, baita senitartekoek ere gertutik jarraitu izan dute sariketa, begirune osoz. Ez dago idazle bat eta bere ekarpena omentzeko modu bereziagorik. Ugaldek kulturgintza maite zuen horrenbeste estimu diote kulturgileek Ugalderi. Eta horregatik du xarma handia tradizio bilakatutako Ipuin Lehiaketak andoaindarrentzat, garrantzitsua delako Ugaldek berak literaturgintzan ereindako uztak jarraipena izan dezan, emaria eten ez dadin.  

Bi epaimahaikideek adierazi dutenez, amu ederra da sariketa, bai haurrak, bai gazteak literaturan murgil daitezen. “Ipuina idazteko ariketa eginbehar gisa ulertzen dute ikasle gehienek hasieran, zeren hezkuntzak, maiz, betekizun itxura hartzen baitu”, adierazi du Mujikak, “alabaina, askorentzat ariketa gustagarri izatera ailegatzen da”. Horixe uste du Kamiok ere, “Martin Ugalde Ipuin Lehiaketak euskarazko edukien sorkuntza sustatzen du: idaztea maite dutenentzat bultzada da sariketa, baita idazteko gaitasuna ezkutuan gordeta duten horientzat ere”. 

 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 589. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!