A-15 eta N-1 errepideak ardatz hartuta bilera deitu du Andoaingo Udalak

Jon Ander Ubeda 2021ko ira. 21a, 20:55

Alderdi politiko ezberdinetatik adierazpenak iritsi dira, azken egunetan. Udalak bilera deitu du irailaren 29rako. 18:00tan izango da, Basteroko ekitaldi-aretoan.

Dirudienez, eskaera ezberdinek eragin dute bilera hori. Udalak honakoa adierazi du, gaur arratsaldean zabaldu duen oharrean: “Uztailaren amaieran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak A-15 eta N-1 errepideen arteko lotura hobetzeko eta N-1 errepidetik Sorabillako A-15era sartzeko alternatiben azterketa aurkeztu zuen. Aurkezpen horren ondorioz, herritar eta elkarte askok adierazi dizkigute beren kezkak”.

Bilera datorren irailaren 29an izango da Basteroko ekitaldi-aretoan, arratsaldeko 18:00tan hasita. Pertsona eta elkarte guztiek “beren kezkak eta/edo proposamenak” helarazi ahal izango dutela iragarri dute.

Bileran parte hartzeko bi bide daude: Emaila (alkatetza@andoain.eus) eta telefonoa (943 300 830 / 315 luzapena).

Ordezkaritza zabala lortu nahi dute

Udalak, azkenik, ahalik eta zabalena egiteko eskaera egin dute: “Kontuan hartuta planteatutako trazadurak udalerriko hainbat eremuri eragiten diela, eta horien guztien bertaratzea bermatu ahal izateko, horietako bakoitzaren ordezkaritza bat bertaratzea gomendatzen dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!