Ubaran bailara, paraje ezezagun bezain xarmagarria

Xabier Lasa 2021ko ira. 26a, 09:00

Auzokalteko zubitik abiatu eta Urnietako mugetaraino iristen den paraje aski basati bezain zoragarri hori izendatzen da Ubaran bailara. Balio ekologikoez gain, aintzinako hainbat ondare historikoko arrastoak topa daitezke bertan.

Ubaran bailara aipatzerakoan, zera hartzen da kontuan: Auzokalteko zubian eta Bordazulo baserrian hasi eta Urnieta ukitzen duten Urrillondo, Eltzamendiko Zentrala, Mantxonea eta Benezi basetxeen inguruetan amaitzen den ingurune natural hori dena, Leizotz auzo barrenean beti.

Ubaran erreka, paraje natural horren bizkarrezurra dela esan genezake, eta horrexegatik hartzen du bailarak izen berbera. Hiru kilometro ditu guztira errekak, eta bailara horretan barrena bere lehenbiziko 2,5 kilometroak egin ostean, Leitzaran ibaira (Olazar baserri parean) isurtzen ditu bere urak.

Hitzaren etimologiaren arabera, u(r) eta (h)aran(a)ren batura da izena (iturria: USABIAGA, Amaia: Andoaingo Toponimia. Euskaltzaindia, 1993). Bailararen ezaugarrietakoa den uraren ugaritasunari egiten dio erreferentzia, izan ere han-hemenka sortzen diren iturri eta errekatxoekin hazten da Ubaran erreka. Hain zuzen, Urnietako lursailetan jaiotzen diren Benturaiturriko erreka, Errekagorri erreka, Pagotxabalko erreka, Aranbegiko erreka eta Belabieta errekarekin hornitzen da Eltzemendiko erreka, eta azkenhori Andoaingo lursailetan sartzen denean Ubarango erreka bilakatzen da. Hortik aurrera, besteak beste, Urrillondoko erreka, Santiagoko erreka Prasazabal, Sorgintzulo erreka, Trikuetako erreka, Txurrukako erreka eta Baltzungo iturritik jasotzen du ur emari franko. 

Ubaran errekaren indarraren erakusgarri izan daiteke honako datua: bere hiru kilometroko ibilbidean, irina ekoizteko bost errotek funtzionatu zuten iraganean, Berridi, Errotazar, Mantxonea, Goiko-Errota eta Errota Txiki (iturria: Leitzaran.net web orria. Egilea: Xabier Cabezon).

Jarduera industrial aberatseko bailara, iraganean

Txanka Arruti Burdina taldeko kideak adierazi duenez, begiak jarrita dauzkate bailara horretan, eta hainbat ekimen burutuko dituzte hurrengo hiru-lau urtetan.

Egun, bailara nahiko baso itxia da eta iluna izan arren, aitzinean, kontuan hartzeko moduko giza bizitza eta jarduera industriala eduki zuen, Arrutiren esanetan. “Ondare historikotzat jo daitezkeen makina bat eraikuntza eta arrasto daude bailara horretan: burdinola, ur-presa, zubia, errotak, karobiak, bordak, baserriak… Guztiek ere garbi adierazten digute iraganean, nekazaritzaz eta abeltzantzaz gain, egundoko dinamika industrialak funtzionatu zuela errekaz alde batera zein bestera. Egiaz, mugimendu edo trafiko handia izango zuen bailara zeharkatzen zuen gurdibideak; Marizulotik eta Urnietatik nahiz Leitzarango bidean barrena garraituko zen hor ekoizten zen material guztia”.

Gaurkoz, honako eraikuntzen aurriak topa daitezke, nahiz huntzak, laharrak eta sastrakak janda egon: makina bat karobi (Auzokalten hiru, Ubarango zubi ondoan hiru, Urrillondon bat…), Txingurriko parajean zerura irekitako meategia, Florentina Borda (Erdikobordako borda), Artolaborda eta Maxartegiko baserriak, Presazabalgo presa (gehi honen kanala 230 metrokoa), Errotazar errota… Jada desagertuta dira, gutxienik: Presazabalgo burniola, Meaka eta Maxarraenea baserriak eta Aierbe borda. Bestalde, gizakientzat bizitoki dira egun, honako baserri eta etxeak: Auzokalte, Bordazulo, Kaskabeltza, Ubaranzelai berri, Urrillondo, Urnietako Zentrala (Eltzamendi zentrala), Mantxonea eta Benezi.

Indusketa lanak Txingurrin

Burdinako taldeko kideek, oraingoz, Auzokalte inguruan kokatzen diren hiru karobi berreskuratu eta txukundu dituzte, Ubarango zubia sendotu dute, eta Txingurri izeneko parajean kokatzen den aire zabaleko meategian indusketa lanak burutzen ari dira.

“Artxiboetan topatutako 1888ko agiri bati esker, badakigu behin baino gehiagotan ustiatu izan zutela meategia. Bertan topatu diren mineral hondakinen arabera, limonita (burdin oxidoa), eta hematites parda edo oligistoa (oxido ferrikoa) atera izan ziren bertatik. Gainera, gertu, meategiaren zerbitzura egon zitekeen labe baten arrastoak ere aurkitu ditugu”.

Ubaran, bailara basati eta misteriotsua

Eusko Jaurlaritzak, 1995eko urrian, Leitzaran Biotopo Babestu gisa izendatu zuen, aintzat hartuta Leitzaran ibaiaren eta bere inguruko basoaren bio-dibertsitatearen kalitatea.

EAEko natura babesteko sortutako babes-figura horrek, Nafarroako mugatik (Plazaolako presatik) Otieta bitarteko eremua hartzen du. Aldi berean, izendapenak Leitzaran ibaia ez ezik Ubaran eta Maloko ibaiadarrak ere babestu beharrekotzat jotzen ditu, Plazaolako trenbidearekin gurutzatzen diren tokiraino. Deklarazioak, zehazki, Leitzaran ibaiaren eta Malo eta Ubaran erreken ubide naturalen bost metroko zabalerak –alde bakoitzean–, babesten ditu; besteak beste, eraikuntza jarduerak galarazten ditu.

Ubaran iraganean jarduera industrial handiko eremua izan bazen ere, naturak (era guztietako begetazio eta zuhaiztia, alegia) beretzat hartu du paraje hori egun, eta azken hamarkadetan, bakar-bakarrik Leitzaran goitik behera ezagutzen duten mendizale eta naturzaleentzat bilakatu da bisita-leku. 

Ondo dakite horiek bertan txango gozagarriak egin daitezkeela, Ubaran errekaren presentzia eta bere ur emariaren hotsa gertu-gertu dituztela. Ziurrenik, Andoain eta Urnieta udalerriek ez daukate batzen dituen bide politagorik, Leitzaran bailara eta Marizulo-Besabi parajea batzen dituen natur-bide zoragarri, basati eta misteriotsu hori baino.

Bailara basati horretan barrena murgiltzeko orduan, Leitzarandik abiatzen diren oinezkoak, Ubaran errekan kontrako ur-lasterrean segituz, ezkerretik zein eskuinetik doazen bidezidorrez baliatu izan dira. Bi bidezidor horiek, beren azken zatian, Marizulotik jaisten den porlanazko bidearekin bat egiten dute; hori bai, eskuineko bidezidorra hautatuz gero, Errotazar errotaren parera iristean, erreka gurutzatu behar izaten da.

Ubaran, bailara hesitua

Azken aldian, zoritxarrez, nekez egin daitezke bi ibilbide horiek osorik, hesiak jarri baitituzte. Egurrezko egur-zutoinez eta txarrantxaz osatutako hesiak (hankapasorik gabekoak) topatuko ditu oinezkoak Ubaran errekaren alde batean zein bestean Presazabalgo presaren parean; jabego pribatuko lur-eremu bat mugarriztatzeko eta gizakiak oinez egiteko ibilbidea oztopatzeko asmoz jarri dira. Hesiaren jartzaileak argi utzi du nondik nora luzatzen den bere lur saila, eta gainera, ez duela nahi inork zeharka dezan hortik, iraganean egin izan den eran. 

Bi bidezidorrak mozturik egonda, Errotazar errotara iristeko geratzen den alternatiba bakarra, edo bikoitza hobe esanda, Ubaran bailarako goi parteetatik abiatzen diren bi bideetatik jaistea behar luke izan. Bata, Mizpiradi sagardotegia eta Pardaki baserria batzen dituen mendi-pistan joanda Meaka izeneko puntutik ateratzen den bidetik behera doana da; bestea, berriz, Baltzun baserria eta Usabelartzako zohikaztegia batzen dituen Lapurtxulo mendi-pistatik behera doana.

Hain zuzen ere, Andoaingo Udalbatzak landa eremuko herri bideen sarearen inbentarioari behin betiko onespena eman zion 2020ko maiatzaren 28an, eta bertan definitu zituen 98 herri bideetatik, 64. zenbakidunak (osotara 1.800 metro dituen Basajaundegi-Errotazar herri-bidea) Errotazarreko errotara jaisteko bi bide horiek batean biltzen ditu.

Nolanahi ere, lehengora itzultzen gara; izan ere, 64. zenbakiko Basajaundegi-Errotazar herri-bidetik abiatuz gero, sasiak eta sastrakak ez direnean, berriro ere egurrezko egur-zutoinez eta txarrantxaz osatutako hesiak, jarri berriak, dira oinezkoari galarazten diotenak inguru horietan bakean ibiltzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!