Gora Kaletxiki txaranga, nahi eta ezinean

Aiurri 2021ko ira. 24a, 11:14
Gora Kaletxiki txaranga, 2019ko Sanjuanetan

Gora Kaletxiki txarangako kideek jada heldu diote pandemia aurreko martxari, aurre eginez azken aldian hiru kideren heriotza dela eta sufritu duten nahigabeari. Larunbat honetan, Andoaingo zenbait lekuetan zenbait puntutan (Nafarroa Plaza, Bastero plaza, Juanita Alkain Plaza, Zumea plaza) joaldiak egiteko asmoa zeukaten, baina Udalak ez die baimenik eman, argudiatuz LABIk kaleko ikuskizunen arloan ezarrita dauzkan irizpideek ekimen hori galarazten dutela. 

Txaranga haserre agertu da Udalak emandako erantzunarekin. Osasun neurri guztiak hartuz Andoaingo herritarrak eta kaleak alaitzea zen txarangaren asmoa larunbat honetan, baina hurrengo baterako utzi beharko du.  Eguerdi partean Goikoplazatik abiatuta, herriko zenbait puntutan (Nafarroa Plaza, Bastero plaza, Juanita Alkain Plaza, Zumea plaza) joaldiak egiteko baimena eskatu zion Udalari; jo-leku batetik bestera ez zutela musikarik zabalduko zehazten zion Udalari. Udalak, baina, jakinarazi zion hori ez zela posible izango, LABIk kaleko ikuskizun ibiltarien arloan ezarrita dauzkan irizpideek hori galarazten dutelako; aldi berean, Goikoplazan eserlekuekin kontzertua egiteko aukera luzatu zion Udalak.

Txarangak Udalari erantzun dio. Kexati agertu da, bi galdera luzatuz Udalari. Lehenbizi, galdetzen dio ea LABi dekretuaren agindua udalerri bakoitzeko interpretaziopean ote dagoen, “Guk proposaturiko ekimenaren eredua inguruko herrietako udalek babestu eta bultzatu duten ekimenetan oinarriturik dago”. Bigarrenik, galdetzen dio ea nola den posible abuztuaren 16an antzeko kalejira baimentzea, eta aldiz, oraingoan ukatzea.

Azkenik, txarangak Udalari jakinarazten dio bertan behera uzten duela larunbaterako pentsatua zeukan musika ekimena, jarri dizkion baldintzak direla eta.

Santa Zezilian, aparteko kontzertua

Udalarekin egunotan edukitako ezustekoa atzean lehenbailehen utzi eta ahaleginak hurrengo emanaldiko prestaketarako bideratu nahi dutela azaldu dute txarangako kideek. Entseguen dinamika diziplinatuari heldu diote egunotan, La Salle-Berrozpe ikastetxeak utzitako egoitzan. Hain zuzen,  musikarien zaindari den Santa Zezilia inguruan kontzertua eskainiko dute. Berezi-berezia izatea espero dute, batetik, zendutako hiru kideei (Luxio Aranburu, Jose Luis Fernandez Fitero eta Pako Bidasoro) gorazarre egiteko baliatuko dutelako, eta bestetik, Joxe Mari Oiartzabalek azken bi urtetan konposatu dituen zortzi abesti jendaurrean estreinatuko dituztelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!