[GUTUNA]

Lehen hitzordua urriaren 1ean

Bada Garaia Ekimena 2021ko ira. 30a, 11:44

Ikasturtea hasi eta atzean geratu dira udako egunak. Atseden eta opor egunak izan ditugu. Baina baita ere aldarrikapenerako sasoia. Asko izan baitira herriz herri, auzoz auzo euskal presoen eta senideen eskubideen alde egin diren ekimenak. Presoentzat eta senideentzat ez baitago ez atsedenik eta ez oporrik.

Andoainen ohiko dinamikari helduko diogu. Eta ostiral honetan (urriak 1), ikasturteko lehen elkarretaratzea egingo dugu. Elkarretaratze berezia izatea nahi dugu. Batetik, ikasturteko lehena izango denez indarrez eta gogotsu heldu nahi diogulako ikasturteari. Eta bestetik, data esanguratsu bat dugulako gainean. Iraila amaiera honetan 20 urte betetzen dira gure herrikidea Axier Oiartzabal espetxeratu zutela. 20 urte espetxean. Inoiz andoaindar batek egin duen espetxealdirik luzeena da. 

Gaur egun Lannemezan (Okzitania) herrian dagoen espetxean dago preso. Andoaindik 250 kilometrora. Gogoratu behar dugu 20 urte hauetan beti egon dela bere etxetik urrun: Paris (850km), Clairvaux (1100 km), Saint Maur (550km)… eta orain Lannemezan.

Elkarretaratze berezi honetan espetxealdi luzeek presoarengan zein senideengan duen eragina salatu nahi dugu. Une honetan konponbiderako garaiak bizi ditugu. Presoen espetxealdi luze hauek mendekuari soilik erantzuten dioten neurriak dira. Elkarbizitza eta bakea eraikitzeko ezinbestekoa izango da presoak etxean egotea.

Hori dela eta deialdi berezia egin nahi diogu andoaindar guztiei urriak 1ean, ostirala, 20:00etan hasita Goikoplazan egingo dugun elkarretaratzean parte hartu dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!